Besakadaz besakada, etenik gabe: horrela zeharkatu du Txaro Tomasena urnietarrak (Gipuzkoa) Gibraltarko itsasartea. Denbora markari erreparatzen diete gehienek halakoetan, baina bestelako bat hautsi du: mutur batetik bestera igeri egin duen andrerik helduena da Tomasena; 77 urte ditu. Aurretik, Angela Elda Marchettik zuen titulua; 2017an egin zuen ibilbidea, 69 urterekin.
16,2 kilometrok banatzen dute Tarifa (Cadiz, Espainia) eta Cires muturreko kai muturra (Maroko). Atzo, 11:15ean abiatu zen, eta sei ordu, 23 minutu eta 24 segundoan heldu zen helmugara. Ozeano Atlantikoa eta Mediterraneoa elkartzen diren itsasartea ez da batere egonkorra; haizea eta itsasoa ez zituen lagun izan Tomasenak.
Hasiera zaila izan zuen, itsaslasterrak indartsuak izaten dira-eta han. Lehen kilometro eta erdia egiteko ordubete behar izan zuen; hortik aurrera, mendebaldeko haize finak jo zuen ibilbide erdira arte, eta horrek zeharkaldia erraztu zion —Tarifatik ekialderago dago helmuga—.
Baina hori izan zen zeharkaldia erraztu zion bakarra. Behin Marokoko uretan zela, sortaldeko haizea hasi zen. Ordura arte egindako esfortzua esfortzu, kontrako itsaslasterrari aurre egin zion, Cires muturreraino heltzeko asmoz. Helmugara iristeko ehun metroren geratzen zitzaizkiola, muturrera egin beharrean ezkerrerantz egin zuen; ez zuen ikusten non zen. Hala, muturretik kilometro batera dagoen kai muturrean amaitu zuen igerialdia.
Ez zegoen bakarrik: Irati Samaniego entrenatzailea alboan izan zuen, ontzitxo batean. Lehen ordua barau igaro zuen Tomasenak; gero, hiru ordu laurdenean behin karbohidratoak, platanoa, ura eta edari kafeinaduna hartu zituen.
Urnietarrak iaz eskaini zion elkarrizketa Aiurri aldizkariari, Japoniako Master Olinpiar Jokoetarako eta Gibraltarko zeharkaldirako prestatzen ari zela. Jokoetakoa probarik «handiena» zela esan zuen; lortu berri duena, berriz, «erronkarik inportanteenetan inportanteena». Sei edo zazpi orduan egitea aurreikusi zuen orduan, eta esandakoa bete du, sei ordu eta pasatxoan egin baitu igerialdia.