Eman margo kaxa bat ume bati, eta ikusi ea zer kolore aukeratzen duen itsasoa pintatzeko. Urdina, ezta? Argiagoa edo ilunagoa, norberaren gustuen arabera; horrek dirudi, behintzat, erantzun errazena. Egia da: kolore horretarantz jotzen du urak bolumen handietan. Dena dela, itsasoan badira kontuan hartu beharreko beste elementu batzuk, uraren tonuan eraginak dutenak. Horixe aztertu dute Nature aldizkariko ikerketa batean, eta azken hogei urteotan latitude baxuko ozeanoak —ekuatoretik gertuago daudenak— berdeago bihurtu direla ondorioztatu.
Ikertzaileek ez dituzte alderatu duela hogei urteko argazki bat eta egungo bat, ez: NASA agentziaren Aquateleskopioak denbora horretan jaso dituen datuak baliatu dituzte. Uraren zikloa ikertzea da teleskopioaren oinarrizko egitekoa; oraingoan, ozeanoen kolorea da. Eskala handiko informazioa han goitik jasotzea da modurik zentzuezkoenena. Printzipioz, a motako klorofila da ozeanoetako koloreari erreparatzeko kontuan hartzen diren faktoreetako bat —fitoplankton proportzioa kalkulatu daiteke hari esker—.
Klorofilarekin emaitzak lortzeko, askoz urte gehiagotan jaso behar dira datuak, 30 baino gehiagotan, eta ez dago halako jarraipenik egin duen teleskopiorik. Horregatik, mikroskopiara ez baizik handira jo dute: Aquaren sentsoreak ozeanoak islatzen duen argia detektatzen du (Rrs remote sensing reflectance, ingelesez). Ur azaleko eta azpiko kolore espektroa kontuan hartzen ditu. Aldagai horrekin, klorofila aztertu daiteke, baina, esan bezala, laburregia da ikertu diren laginen denbora tartea.
Espektro gisa ulertu behar da ikusi daitekeen argia: moreenetik hasita gorriraino, eta haren erdian, berdea. Uhin luzera zenbat eta motzagoa, orduan eta urdin-moreago izango da; zenbat eta luzeagoa, orduan eta gorriagoa. Uhin luzera batzuei erreparatu diete, eta ondorioa da tarteko uhinak —hau da, berdeak— maizago jaso dituztela. Gehienbat ekuatoretik hurbilenen dauden uretan izan da hala.
Ekosistemetan izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute. Kausa-efektua: argiaren edozein aldaketak du ondorioren bat ingurumenean. Elementu oso garrantzitsua da argia bai filoplanktonentzat —zeresana dute ozeanoen ziklo biokimikoetan eta karbono biltegiratzean—, bai, beraz, planktona kontsumitzen duten izakientzat.
Kolorean izan den aldaketa hori ez dute lotu zuzenean ur azaleko tenperatura aldaketarekin. Halere, tenperatura ez da guztia. Klima larrialdiak itsasoetan duen eragina aurreikusteko balio dezake, ekosistemetako aldagai eta elementuen aldaketei eta eboluzioari erreparatuta.