Donostiako 71. Zinemaldia

Isabel Herguera eta Jaione Camborda Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango dira

Isabel Coixetek ere Donostiako 71. Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko du 'Un amor' filma. Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dituzte Irati Gorostidiren 'Contadores' eta Ion de Sosaren 'Mamántula'.

Isabel Hergueraren 'El sueño de la sultana' filmaren irudi bat. SULTANA FILMS
Andoni Imaz.
2023ko uztailaren 14a
13:18
Entzun

Donostiako Zinemaldiak agerraldi bat egin du gaur, Madrilen, irailaren 22tik 30era artean jaialdian izango diren hamalau lan aurkezteko, «Espainiako ekoizpenak»: bederatzi film luze, film ertain bat, labur bat eta hiru telesail. Tartean dira euskal herritarrek zuzenduriko batzuk —euskarazkorik ez—: Isabel Herguera donostiarrak Sail Ofizialean aurkeztuko du El sueño de la sultana animaziozko filma, bere lehenengo lan luzea; Jaione Cambordak —donostiarra da sortzez; Galizian bizi da aspaldian— galizierako O corno lanarekin parte hartuko du lehian.

Herguerak ibilbide oparoa egin du animazioan. Haren La gallina ciega (2005), Ámár (2010), La tumba del marinero (2014) eta Amore d'inverno (2016) film laburrek, besteak beste, sari ugari eskuratu dituzte nazioartean. El sueño de la sultana Begum Rokeya Hossain idazle bangladeshtarrak 1905ean argitaratutako ipuin baten moldaketa da; Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko den Europako lehen animaziozko lana izango da —munduko lehena Mamoru Hosodaren Bakemono no ko izan zen (2015)—. 2D animazioa landu dute, batez ere akuarelarekin, eta zenbait pasarte beste teknika batzuekin animatu dituzte; esaterako, larruazala koloratzeko erabiltzen den hennarekin.

O corno Cambordaren bigarren film luzea da; Arima lehen lanak (2019) harrera ona izan zuen jaialdietan. Ikusmira Berriak egonaldi programan parte hartu zuen, proiektu fasean zegoenean. Erditzeetan laguntzen aritzen den emakume baten istorioa kontatzen du. «Gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko du», sinopsiaren arabera.

Jaialdian parte hartuko duten Euskal Herriko beste bi ekoizpen ere aurkeztu dituzte gaur. Biak, Señor y Señora etxeak ekoitziak: Irati Gorostidiren Contadores, Cannesko Kritikaren Astean estreinatu zuten film laburra, zinemagilea lantzen ari den Anekumen film luzerako lehen urratsa; eta Ion de Sosaren Mamántula lan ertaina. De Sosa, film batzuk zuzendu dituen arren (True Love, 2010; Sueñan los androides, 2014; Leyenda dorada, 2019), gehiago aritu da argazki zuzendari; besteak beste, Contadores laburrean bertan. Bi filmak Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko dira.

Coixet, Trueba eta Los Javis

Gainontzean, Sail Ofiziala pixkanaka itxuratzen ari da; joan den astean, lehiaketan izango diren filmetako zazpiren berri eman zuten. Gainera, Isabel Coixetek Un amor pelikula erakutsiko du han, Sara Mesaren izen bereko nobelan oinarritutako lana. Coixet lehen aldiz izango da Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehen lana, Demasiado viejo para morir joven (1988), Zuzendari Berriak sailean, eta geroztik Berlinen aurkeztu ditu bere film gehienak (Mi vida sin mí, 2003; Nadie quiere la noche, 2015; La librería, 2017...) —parte hartu du Cannesen (Mapa de los sonidos de Tokio, 2009) eta Venezian ere (La vida secreta de las palabras, 2005)—.

Animaziozko beste lan bat ere emango dute Sail Ofizialean, lehiaz kanpoko emanaldi berezi batean: Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen They Shot the Piano Player. Bigarrenez lan egin dute elkarrekin, Chico & Rita filmarekin (2011) hamaika sari irabazi eta gero. Tenorio Jr. musikari brasildarraren inguruko film bat da, eta bossa nova mugimenduaren hastapenak kontatzen ditu.

Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo emango dute, halaber, Javier Ambrossi eta Javier Calvo Los Javis bikote artistikoaren La Mesías telesaila, zazpi atalekoa. Thriller familiar bat da, esan dutenez. Aurretik, Paquita Salas (2016), La Veneno (2020) eta Cardo (2021) telesailak zuzendu dituzte, baita La llamada filma ere (2017).

Beste sailetako lehen izenak

Gorostidiren eta De Sosaren filmez gain, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko duten beste bi lanen berri ere eman dute. Bata, Alberto Martin Menachok Antier noche lehen filma, Ikusmira Berriak programan garatu, eta Visions du Reel jaialdiak estreinatu eta gero erakutsiko dute. Bestea, Cannesko Zinemaldian Urrezko Kamera eskuratu berritan —lehenengo film onenari ematen zaion saria—, An Tham Thien Bén trong vo ken vang (Inside the Yellow Cocoon Shell).

Zuzendari Berriak sailean, Javier Macipe espainiarrak La estrella azul bigarren film luzea estreinatuko du. Zaragozako (Espainia) Mauricio Aznar musikariaren inguruan sorturiko fikziozko lan bat da. Egileak Los inconvenientes de no ser Dios zuzendu zuen aurretik (2014).

Oraingoz, bi argentinarrek parte hartuko dute Horizontes Latinos sailean. Martin Benchimolek bakarka zuzendu duen lehen lana aurkeztuko du, El castillo dokumentala. Iazko Zinemaldian WIP Latam eta Egeda Platino industria sariak irabazi zituen. Pablo Aparorekin zuzendutako El espanto lanak (2017) bere bidea egin zuen zinema jaialdietan. Dolores Fonzik film bat baino gehiago aurkeztu du Donostian, aktore lanean (El aura, 2005; Truman, 2015; Paulina, 2015...), eta, aurten, berak zuzendutako lehen lana erakutsiko du sail horretan: Blondi, ama batek semearekin duen harreman bereziari buruzko istorioa.

Belodromoa da Zinemaldiko aretorik handiena: 3.000 ikuslerentzat egokituko dute. Aurten, bi telesail estreinatuko dituzte han. Santos Bacanak, Cristina Trenasek eta Rogelio Gonzalezek zuzendutako Esta ambición desmedida lanak C. Tangana musikariaren sorkuntza prozesua ikertzen du, hiru zatitan. El otro lado du izena Berto Romerok sortu, eta Javier Ruiz Calderak eta Alberto de Torok zuzendu duten sei ataleko telesailak. Fenomeno paranormaletan espezializatutako kazetari bati buruzko istorio bat da.

Rebordinos, Vox «faxistaren» aurka

Gaur goizeko agerraldian, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak adierazi du jaialdiak ezin duela «isilik egon eskuin muturraren gorakadaren aurrean», horrek «bihar gerta litekeenaren konplize» egingo lukeelako. Kultur ekitaldiak zentsuratzearen kontra jardun du, eta Zinemaldiak betetzen duen rola nabarmendu: «Bizitza eta jardun politikoa ulertzeko modu ezberdinen elkargune izan nahi dugu, edozein diskurtso adierazteko toki aske bat, baldintza bakarrarekin: beste modu batera pentsatzen dutenak errespetatzea».

Vox alderdia «faxista» dela esan, eta gaitzetsi egin du hura agintera iristeak izango lukeen eragin baztertzailea: «Ez dugu inoiz alderdi politiko baten alde egin, eta ez dugu orain egingo. Baina, oraintxe, geldi ez egotera behartzen gaituen gauza berri bat dago: faxismoa tokia hartzen ari da erakunde demokratikoetan, eta lehen aldiz Espainiako Gobernuan parte hartu dezake».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.