Osasuna

Bularreko minbizia, gizonen arazoa

Gizonek ere izan dezakete bularreko minbizia: kasuen %1,5 dira, zehazki. Intzidentzia hain urria izanik, asko ez dira kezkatzen bularrean koskor bat igartzen badute; ondorioz, emakumeena baino beranduago diagnostikatu ohi da.

Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2023ko uztailaren 14a
11:27
Entzun

Datuak argiak dira, eta sinbolikoki ere islatzen da estatistika, kolore arrosaren nagusitasunarekin: bularreko minbizia emakumeei lotutako gaixotasuna da, batez ere. “Andreengan, intzidentzia handiena duena da, dudarik gabe”, nabarmendu du Maria Vivancok —bularreko minbizia ikertzen du Zamudioko CIC Biogunean—. Baina ez da haien kontua soilik, gizonei ere erasaten baitie: Geicam ikerketa gunearen arabera, EAEko bularreko minbizien %1,5 maskulinoak dira —ez dago Bizkaiko daturik—. Kasuok ikusarazteko eta prebentzioa sustatzeko, hitzaldiak eman zituzten Vivancok eta Marius Soler Invi gizonezkoen bularreko minbiziaren erakundearen sortzaileak ostiralean, Gordexolako Ibarra aretoan, Acambi bularreko eta minbizi ginekologikoaren Bizkaiko elkarteak antolatuta.

Izan ere, intzidentzia apalak ia ikusezin bilakatu du arazoa: areago, gizon askok ez dakite paira dezaketenik ere. Sintometan ez dago ezberdintasunik, Vivancoren esanetan: bularretan koskor bat agertzen da kasu gehienetan —%80tan, gutxi gorabehera—, eta horrek sortzen du kezka. Hala izaten da emakumeengan, bederen: kontzientzia handiagoa dagoenez, ikerlariaren hitzetan, andreak “erneago” egoten dira bularraldeko aldaketekiko. Ez da beste horrenbeste gertatzen gizonekin, ordea. “Koskortxo bat igartzen badute, batzuetan ez diote kasurik egiten”.

Ikusi gehiago:Marius Soler: «Gizon askori mesede egin die nire kasu klinikoak»

Eta, aintzat hartzen dutenerako, “berandu izan daiteke, eta konplikazioak izan ditzakete”, Anabel Jimenez Acambiko presidenteak azpimarratu duenez. Tumorea antzeko faseetan harrapatzen denean, biziraupena berdintsua izaten da hala gizonengan nola emakumeengan, Vivancoren esanetan; baina gizonezkoenak “askoz” beranduago diagnostikatzen dira, eta, ondorioz, sarritan metastasia eratuta egoten da ordurako. “Hori dela eta, pronostikoa okerragoa izaten da”, nabarmendu du ikerlariak.

Hala, prebentzioa da gakoa, Vivancoren eta Jimenezen irudiko. “Kontzientziatuta egotea garrantzitsua da: bularrean zerbait arraroa igartzen badute, kontsultatu behar dute”, Vivancoren arabera. Batzuetan, baina, lotsak oztopatu egiten du laguntza eskatzea, Acambiko presidentearen hitzei erreparatuta. “Emakumeei lotuta dagoen gauza bat denez, uste dut gizon batzuek tabu bat moduan sentitzen dutela”. Nekez jotzen dute erakundera, behintzat: orain dela urte asko, gizonezko bi bazkide izan zituzten, baina gaur egun ez dute batere. Komunikazioa haiengana ere bideratzea dute buruan, eta Solerrekin lan egiteko asmoa daukate bide horretan.

Ikerketan ere desagertuta

Ikusgaitasun faltak ez du soilik eragiten prebentzioan eta diagnostikoan; ikerketan ere, intzidentziak ondorioak ditu, Vivancok nabarmendu duenez. “Ikerlariek ez dugu bazter utzi, baina ikertzeko zailagoa da, kasu gutxiago daudelako”. Urte asko daramatza bularreko minbiziarekin lan egiten, tumore mota horien lagin andana bat jaso du, baina denak izan dira andreenak. “Gizonen lagin gutxiago daude. Agian, ez dituztelako ematen; edo, lagin txikiagoak direnez, beharbada ezin izan dira ikerketetarako erabili”. Gutxieneko tamaina bat izan behar dute ehunok, ospitaleko azterketa guztien ostean zerbait sobratu dadin.

Ahalegintzen dira tumore primarioekin lan egiten —pazienteengandik zuzenean jasotzen dituztenak—, baina, eskura ez dituztenean, zelula ereduetara jotzen dute, ikerlariak xehatu duenez. “Pazientearen ehun zati batetik lortzen dira ereduok; zelulak hazten jartzen dira giza gorputzeko baldintza berberetan —37 gradutan, hala nola azukreak eta aminoazidoak dituen inguru batean…—. Baina haztea ez da beti erraza”. Prozesua arrakastatsua denean, zelulak etengabe ugaritu litezke, urteetan, eta beste ikerlariekin parteka litezke, emaitzak lagin gehiagotan aplika ditzaten. Baina lagin primarioekin bezalaxe, gizonen zelula ereduekin ikertzea ez da erraza, “askoz gutxiago” baitaude.

Gizonen bularreko minbizian ikerketa zehatz gutxiago dagoela adierazi du Vivancok. Baina, hala ere, zientziak eskain ditzake konponbideak. “Emakumezkoen minbiziaz ikasitakoa aplikatu ahal izan dugu, oro har; tratamenduak antzekoak dira”. Biziraupenari erreparatu dio. “Aplikagarria izango ez balitz, gizonak gehiagotan hilko lirateke minbiziaz andreak baino, eta ez da horrela”.

Ikerlariaren irudiko, horrek iradokitzen du gizonen eta emakumeen tumoreak ez direla hain ezberdinak. Tumoreen artean, hainbat aldaera daude, eta, hortaz, desberdintasunak handiagoak izan daitezke bi emakumeren tumoreen artean, gizonen eta emakumeen tumoreen artean baino. “Bi kasuetan, ugarienak dira hormonen menpekoak direnak”, zehaztu du Vivancok. Tumoreen arteko aldeak hobeto ezagutzea da bidea, aldaera batzuetarako terapia eraginkorragoak sortzeko.

Gako nagusia, ordea, prebentzioan kontzientziatzea da, ikerlariaren iritziz. Eta horretan ere erabilgarria da orain arte garatutakoa, Jimenezek esan duenez. “Emakumeei esaten diegunak balio du gizonentzat”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.