Joana Olasagasti eta Luxi Detxart

«Berandu da, baina oraino garaiz gauzak aldatzeko»

Bi aste eta erdi hauetan okupatua dute Senpereko Olha etxaldea, horren salmenta espekulatiboa salatzeko. Ostiak denak mobilizatzea nahi luke, gaur Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan eginen diren ekintzetan.

Luxi Detxart eta Joana Olasagasti, Ostia kolektiboko kideak, Senpere Olhako okupazioan. IñAKI ETXELEKU
Iñaki Etxeleku.
2023ko uztailaren 14a
10:48
Entzun

Ostia kolektiboak, Lurzaindiak eta ELBk deiturik, ekainaren 27tik aitzina okupatua dute 1,3 milioi euroan saldu den Senpereko Olha etxaldea. Ostiak, gaurko, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan mobilizatzera deitu ditu lurraren eta etxebizitzaren gaiarekin Ipar Euskal Herrian gaindi mugitzen diren kolektiboak. Luxi Detxartek (Baiona, 1990) eta Joana Olasagastik (Baiona, 1990) okupazioan eta Ostian parte hartzen dute, eta zerbait lehenbailehen egitearen muntaz aritu dira.

Noiz hasi zineten lurraren eta etxebizitzaren arazoari buruz borrokatzen?

JOANA OLASAGASTI: Duela gutti. Arbonako okupazioa gertatu zenetik. Arbonan bizi nintzen, eta pentsatzen dut hurbiletik hunkitua sentitu nintzela, nahiz badakidan aspaldi gertatzen den problematika bat dela. Ikusiz gauzak zein fite aldatzen diren, eta ez beti alde onera, oinarrizkoa iduritzen zait kezkatzea. Berandu da, baina oraindik garaiz gauzak aldatzeko. Esperantza hori dugu; bestenaz, ez ginateke borrokatuko.

LUXI DETXART: Euskal Herrira itzuli nintzen 2019an, eta etxebizitza bat behar nuen; biziki konplikatua izan zen. Ahoz aho atzeman nuen apartamendu ttiki-ttiki bat Ziburun. Lurraren arazoa beharbada nik ere Arbonatik dut. Aldi batez joan nintzen, eta iduritu zitzaidan zerbait gertatzen zela, biziki inportantea zela. Astean bi-hiru aldiz joaten hasi nintzen. Gainera, giro euskalduna zen, eta, euskara ikasten nuenez garai hartan, niretzat harri batez bi txori izan ziren. Gero, elikadura, lurra betidanik inportanteak zaizkit; jakin nahi dut nongoa den jaten dudana. Ohartzen zarelarik hemengo laborariek nolako lana duten eta zer baldintzatan, lagundu nahi dituzu.

Arbonako Berroetako bideko okupazioaren berpiztea bezala da Senpere Olhakoa?

OLASAGASTI: Berpizteko behar da hil, eta istorioak ez dira inoiz gelditu. Arbona izan zen aipatu zen kasu nagusia, baina aitzin izan ziren beste anitz. Aspalditik, Euskal Herria saltzen da, eta gaizki.

Horregatik zaizue inportantea okupazio berri hau?

OLASAGASTI: Arazoa politikoa da. Gure lurraldea kudeatzen dutenek, maluruski, ez dute guk ikusten dugun maneran kudeatzen; ez ditugu ber balioak, ber intentzioak, interesak, ber gogoak.

Senpereko Olha etxaldearentzat ez dea berantegi, ikusiz salmenta egina dela?

OLASAGASTI: Ez dakit. Zernahi gerta, hau ere saltzen bada, espero dugu gure borrokak balio duela beste kasu batzuentzat. Aldi guziz entzuten dugu hirigintza planetan gauzak ez direla behar bezala eginak, arauak ez direla aski zehatzak; azkenean, Senpereko afera horrekin —eta bada Olanok erosi duen Larre Luzearena Ahetzen— borrokatu gara, espero baitugu politikariek entzunen gaituztela eta aldaketak eginen dituztela.

DETXART: Biziki beldurgarria dena eta Arbonatik atxikitzen dudan leloa da: Behin saldua, betikoz galdua! Ezin zara iraganera itzuli. Beraz, ez bagara mobilizatzen, ez gara aitzinatuko. Hainbeste kasu badira, eta ez dakizkigunak. Hori da harrigarriena. Urtero hektareak eta hektareak galtzen ditugu.

OLASAGASTI: Eta ez da publiko zabalaren kezketan. Berdin zaie. Nolaz? Ez dakit. Egunkariak irekitzean ez dira landuak diren lehen gaiak, ez dira aipatzen.

DETXART: Haatik, Penelope Cruz etortzen delarik, azala egiten du.

Hortik okupazioa borroka molde bezala erabiltzearen beharra?

DETXART: Zer dugu okupaziotik kanpo? Legerik ez da [espekulazioaren kontra]. Saltzaileak du erabakitzen, eta bere prezioa ez du apaldu nahi, eta ez ditu laborantzako lurrak aparte saldu nahi. Huts juridiko bat bada beti. Arbonatik saiatu ziren konpontzen; elkargoak sinetsarazi zigun Lurren Jardunaldiekin zerbait gertatuko zela, baina ez, deus guti! Okupazioa da gure tresna. Emankorra dela sinetsi nahi dugu.

Adin eta jatorri desberdineko herritarren bilgune dea halako okupazioa?

DETXART: Zinez gure arteko harremanen sortzeko, gaia aipatzeko, jendea mugiarazteko tresna biziki ona da. Nahiz ez den aski.

OLASAGASTI: Ikusgarritasuna badu, jendea ekartzen du. Elkartasuna erakusten da, eta goxo da ikustea balio batzuk atxikitzen direla, halere, gaur egun; maluruski, gehienbat euskaldunen artean.

Nola doa okupazioa?

DETXART: Ongi! Leku zoragarria da! Gordeak gara; beraz, beharbada kokapenak ez du errazten. Baina lehen egunetik berrogei bat ginen, eta giro polita da. Bigarren astea da, eta gauza anitz egin ditugu. Gero, kanpotik ez da ikusten. Prentsan Adam etxeari erantzuteko egin genuen agiria ez da agertu.

Uztailaren 15eko toki anitzetan mobilizatzera deitu du Ostiak. Zer da helburua?

DETXART: Harrabotsa egitea.

OLASAGASTI: Ahal bezainbat jenderi mezua pasaraztea, hedabideetaraino iristeko.

DETXART: Nahiz eta xumea izan, Iparralde mailakoa egitea ez da guti. Hori da helburua: kolektibo bakoitzak zerbait egin dezan erakusteko denetan arazo bera dela.

OLASAGASTI: Eta edonori irekia dela erakusteko. Hemen bezala: bada adin guzietarik, denetarik. Denen problematika da; denak iratzar gaitezen!

Nola iraganen da eguna?

OLASAGASTI: Ekintza ezberdinak izanen dira tokien arabera.

DETXART: Tokiko kolektiboaren erabakia izanen da. Eguna hemen bukatuko dugu, Senpereko Olhan, denen artean, lotura egiteko ekintzen eta okupazioaren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.