Astronomia

Izarren sorreraren atzetik

Duela urtebete heldu ziren James Webben lehen irudiak. Urteurrenaren kariaz, Rho Ophiuchi hodei multzoa irudikatu du teleskopioak.

Rho Ophiuchi laino multzoa. NASA, ESA, CSA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko uztailaren 13a
12:11
Entzun

Ezin izan dio kandelari putz egin James Webb teleskopioak. Ez nahi ez duelako, ezinezkoa zaiolako baizik: Lurretik 1,5 milioi kilometrora ez oxigeno, ez metxero, ez ezer. Hala igaro beharko ditu beste urte gutxi batzuk, behin betiko itzali arte. Bien bitartean, lanean jarraituko du unibertsoari argazkiak atera eta atera. Duela urtebete heldu ziren Webben lehen irudiak, tartean, ordura arteko unibertsoaren ikuspegirik sakonenarena. Urteurrenean, gertura jo du teleskopioak: Rho Ophiuchi hodei multzorantz jarri du bere mira.

Euria ari al du unibertsoan? Gogoratu: (oraindik?) ez dago atmosferarik bertan. Gasek, hautsak eta plasmak osatzen dute hodei multzoa. Gunerik ilunenak dentsoenak dira, horietan izarrak sortze prozesuan daude.

Ezin esan, ordea, irudian izarrik ez denik. 50 inguru jaso ditu James Webbek; gazteak dira, ia gehienak Eguzkiaren tamainakoak edo txikiagoak. Ia gehienak, beti dago-eta salbuespenen bat. Rho Ophiuchiren alderik argienean, irudiaren erdi-erdian, bada distira egiten duen izar bat: S1. Eguzkia baino askozaz ere masiboagoa da. Argitzen duen inguru horixka eta laranja karbono molekulez osatuta dago.

Eta gauza gorri horiek? Izarren sorrerarekin lotutako prozesuaren ondorio dira. Izarrek materia jariatzen dute turrustaka beren bi poloetatik, eta hodei multzoko hidrogenoarekin elkartean agertzen dira gorputz gorrixkak. Bi bereiz daitezke teleskopioak atera berri duen irudian: bata, horizontala, ezkerretik eskuinera; bestea, goitik beherantz doana. Irudi horri esker, izarren sorrerari buruz gehiago jakin ahalko da.

Planetarik edo? Oraindik ez da planetarik, baina horren zantzuak, bai, badaude. Zoom apur bat eginda, disko zirkumestelarrak ikus daitezke. Hau da: izarren orbitan dagoen gas, hauts, asteroide edo bestelako elementuen metaketa bat —adibidez, Eguzki sistemako asteroide gerrikoa—.

Beheko irudian, esaterako, bi diskok Rho Pohiuchiko bi izarren argia oztopatzen dute. Eman urte gutxitxo batzuk, eta planeta sistemak egoteko aukera egon liteke.

Disko zirkumestelarrak Rho Ophiuchin. / NASA, ESA, CSA

Ez da makala halako irudia ateratzea... Oztopoak oztopo dira kamerentzat, eta imajinatu zenbat hauts dagoen unibertsoan, Lurraren eta Rho Ophiuchiren artean, hemendik 390 argi urterako distantzian. James Webbek infragorrien espektroskopia darabil. Berezko argiarekin baino, argi infragorrien bidez ikusten du teleskopioak. Horrek ahalbidetzen dio begi hutsez ikusi ezin dena ikusten, hautsaz harago.

Galaxiak, hodei multzoak eta beste. 2021eko abenduaren 25ean espazioratu zuten teleskopioa, eta urtebete bakarrik pasatu da irudiak bidaltzen hasi zenetik. Beste 5-10 urterako erregaia du, unibertsoaren irudi dezente ateratzen jarraitzeko lain. Inoiz baino urrunago heldu da haren objektiboa, berez, hemendik nahiko gertu bada ere. L2 izeneko puntuan dago, 1,5 kilometrora, Lurra orbitatzen.

Laster izango du bertan adiskide bat: Euclid teleskopioa. Unibertsoaren egitura, eta materia eta energia ilunak aztertuko ditu sei urtez.

L2?L, Joseph Louis Lagrange matematikariaren omenez. Galdera honen erantzuna topatu zuen: nola dezakete hiru gorputzek beren artean orbitatu, eta aldi berean batak besteekiko posizio erlatiboa mantendu? Kasu honetan, Webb, Lurra eta Eguzkia dira hiru gorputz horiek. Bost gune proposatu zituen Lagrangek, eta horietan bigarrena izendatu zuena da aproposena: Lurretik 1,5 milioi kilometrora, Lurretik Eguzkiranzko kontrako noranzkoan; hortxe du teleskopioak oreka puntua.

Bideo bat egin du ESA Europako Espazio Agentziak, Webbek lehen urte honetan jasotako irudiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.