Ingurumena

Kanadako Crawford lakua, Antropozenoaren hasieraren ispilua

Lurra Antropozenoa izeneko epoka geologikoan sartu dela erakusteko froga gehiago aurkeztu ditu horren aldeko antropologoen lantaldeak.

Craword lakua, Kanadan. BERRIA
inaki petxarroman
2023ko uztailaren 12a
17:11
Entzun

Antropozenoa epoka geologiko moduan ezartzeko eztabaida zientifikoak beste pauso bat eman du. Estratigrafiako Nazioarteko Batzordeak (ICS) epoka horren abiapuntua hoberen islatzen duen tokiaren berri eman du: Kanadako Crawford aintzira. Hain zuzen ere, aro geologiko berriak markatzen duen tokiari «urrezko iltzea» deitzen diote —esate baterako, Zumaia eta Deba arteko flyschean Paleozenoaren bi garairen arteko horietako bi mugarri daude—. ICS Lillen (Frantzia) egiten ari da egunotan bilkura, eta horren harira eman du aurkikuntzen berri.

Geologoen artean eztabaida dago egun gauden aro geologikoaren izaera zehazteko: ofizialki, Holozenoan dago Lur planeta, duela 11.000 urtetik. Beste hainbat zientzialarik, berriz, uste dute Antropozenoan dagoela jadanik Lurra. Ideia horren sortzaile izan ziren Paul Crutzen eta Eugene Stoermer 2000ko hamarkadan, eta 2009an Antropozenoaren Lantaldea osatu zuten mundu osoko geologo talde batek, geologoen akademiak modu ofizialean ideia hori aintzat har zezan: euren arabera, Lur sistemaren prozesu nagusiak eraldatuta daude gizakiaren jarduerarengatik. Talde horretan hainbat eztabaida daude ixteko, besteak beste, Antropozenoaren abiapuntua noiz ezarri. ICSk Crawforden eta beste 12 tokitan pilatutako frogak aztertuko ditu erabakitzeko ea gizakiaren eragin hori izan den aro geologiko berri bat izendatzeko adinakoa.

Crawforden berezitasunak

Geologoek aipatu dutenez, Crawford lakuan aurkitutako sedimentuek azken milurtekoetan izandako ingurumen aldaketen erregistro ezin zehatzagoa erakusten dute. Besteak beste, Antropozenoaren hasieran garrantzi handia duen osagai baten aurkikuntza azpimarratu dute: plutonioa. Material hori 1950eko hamarkadan hidrogeno bonbekin egiten hasi ziren proben aztarna ezin hobea da, ordura arte gai hori kantitate txikitan baino ez baitzen topatzen. Geroztik, aurrekaririk gabeko hazkundea izan zuen plutonioaren aztarnak mundu osoan. 1970an entsegu nuklearrak egitea debekatuz geroztik, gutxitu egin dira arrastoak, baina handiak dira oraindik ere.

Kanadako Crawford lakuan aurkitu dituzte Antropozenoaren ezaugarri diren beste gai batzuk: ikatz zentralen errautsak, metal astunak, plastikoa...

Hain zuzen ere, 1950eko Azelerazio Handian gertatu zen kutsadura horren guztiaren eztanda. Antropozenoari buruzko Lantaldeak dioenez, higaduraren eta hirigintzarekin nahiz nekazaritzarekin lotutako sedimentuen garraioaren hazkunde nabarmena izan zen. Halaber, karbonoaren, fosforoaren eta nitrogenoaren zikloetan nahaste handiak gertatu ziren, bai eta goi mailako ingurumen aldaketa batzuk ere: berotze globala, itsas mailaren igoera, ozeanoen azidotzea eta itsasgune hilen zabalkundea. Aldaketa horietako askok milurteko askotan iraungo dute, eta Lur Sistemaren bidea eraldatzen ari dira. Proba horiek denak aurkeztu dizkiote ICSri, eta hurrengo urtean erabaki beharko du hark Lur planeta epoka geologiko berri batean dagoen ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.