Milan Kundera «nobelagilea» izan zen «idazlea» baino gehiago, haren hitzetan, nobelaren artearen balio estetikoa goratu izan baitzuen bere lanetan. Saiakera landu zuen arren —hain justu, nobelari buruzko Le rideau (Oihala) da ezagunena—, nobelan nabarmendu zen: Izatearen arintasun jasanezina da haren lanik ezagunena (1984). Bart hil da, Parisen, Txekiako telebista publikoak jakinarazi eta haren editoreak baieztatu duenez. 94 urte zituen.
Kundera 1929an jaio zen, Brno hirian, orduko Txekoslovakian —Txekiako Errepublikako hiri nagusietan bigarrena da egun—, eta Frantzian bizi zen 1975az geroztik, erbestera jo zuenetik; 1981ean lortu zuen Frantziako herritartasuna.
Musika ikasi zuen haurra zela, eta, urteekin, literaturan murgildu zen erabat. Literatura irakatsi zuen Pragako Musika eta Arte Dramatikoen Akademian 1952tik. Alderdi Komunistako kide egin zen 1948an; 1950ean kanporatu zuten, eta 1956an berriro onartu. Militantea izan zen 1970era arte.
1968ko Pragako Udaberrian parte hartu zuenez, Sobietar Batasunaren erantzunak, Txekoslovakiako erreformei aurre egiteko inbasioak, zuzenean eragin zion Kunderari —Milos Formani, Pavel Kohouti eta beste askori bezalaxe—: haren literatura debekatu zuten, eta alderditik behin betiko kanporatu.
1967an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Zert (Broma). Estalinismoaren garaiko txekiar batzuen bizitza kontatu zuen, ironiaz. Hizkuntza askotara itzuli zuten, eta arrakasta handia ekarri zion. Zivot je jinde bigarren lanarekin (Bizitza beste nonbait dago, 1972) Frantzian saritu zuten. Hara jo zuen, Vera Hrabankova emaztearekin, Txekoslovakiako Gobernuak atzerrira joateko baimena eman zionean, 1975ean. 1979an kendu zioten sorterriko herritartasuna, eta 1981ean eman Frantziakoa.
Valcik na rozloucenou (Agurra, 1973) eta Kniha smíchu a zapomnení (Barrearen eta ahaztearen liburua, 1979) idatzi zituen gero, eta haren lanik ezagunena atzetik: Izatearen arintasun jasanezina. Pragako Udaberriaren garaian dago girotuta, eta gizon baten zalantza existentzialak erakusten ditu, eguneroko bizitzako eszenen eta gogoeta transzendentalen artean. 2009an, Karlos Cid Abasoloren euskarazko itzulpena kaleratu zuten Elkar eta Alberdania argitaletxeek, Literatura Unibertsala bilduman.
Nesmrtelnost eleberriaren (Hilezkortasuna, 1988) ondoren argitaratutakoak frantsesez idatzi zituen Kunderak: La lenteur (Geldotasuna, 1995), L'identité (Identitatea, 1998), L'ignorance (Ezjakintasuna, 2000) eta, azkena, La fête de l'insignifiance (Hutsalkeriaren jaia, 2014).
Cid Abasolok 1968ko Amodio barregarriak ipuin liburua euskaratu zuen (Erein, 1993), baita Ni, jainko nahigabetua eta Anuntziatzailea narrazioak ere, Armiarma.eus webgunerako (2016). Beatriz Zabalondok eta Jose Luis Aranguren Txiliku-k itzuli zuten 1981eko Jacques eta Nagusia antzezlana, eta Susak argitaratu, 1991n.
Kunderari egindako elkarrizketa askok balio berezia dute; izan ere, 1985ean erabaki zuen ez zuela gehiago elkarrizketarik emango. «Ez naiz fidatzen pesimismo eta optimismo hitzekin. Nobela batek ez du ezer baieztatzen: nobela batek zerbait bilatzen du eta galderak egiten ditu. Ez dakit nire nazioa akabatuko den, ez nire pertsonaietatik zeinek duen arrazoi. Istorioak asmatzen ditut, batzuk eta besteak aurrez aurre jarri, eta, hala, galderak egin. Jendearen ergelkeria denerako erantzunak izan nahian datza», esan zion Philip Rothi, 1980an egindako elkarrizketa batean.
Hau esan zuen umoreari buruz, hizketaldi horretan bertan: «Izu estalinistaren garaian ikasi nuen zer garrantzitsua den umorea. 20 urte nituen. Irribarre egiteko moduagatik antzematen nuen zein ez zen estalinista, hau da, zeini ez nion beldurrik izan behar. Umoreak ez zuen hutsik egiten horretan».