Klima larrialdia

Salatu dute eskasa dela itsas garraioaren isuriak murrizteko akordioa

NBEk adostu du hamarkada honetan %20 gutxitzea sektorearen karbono emisioak. Mundu osoko garraioaren %80 itsasotik egiten da.

Ondasunen garraiorako itsasontzi handi bat. JIM LO SCALZO (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko uztailaren 7a
14:56
Entzun

«Ahal dela» 2050. urterako itsas garraioaren karbono emisioak zerora murriztea: hala adostu dute Nazio Batuen Nazioarteko Itsas Erakundean parte hartzen duten 175 herrialdeek. Londresen bildu dira egunotan, industriako lobbyekin eta klima aldaketari buruzko eragileekin. Eztabaida luzeen ondoren, akordio zehaztugabe horretara iritsi dira. Batzarrean izan diren aditu eta gobernu batzuen arabera, adostutakoa ez da nahikoa klima aldaketari buruzko Parisko Akordioan zehaztutakora heltzeko.

Itsas garraioan zero emisioen helburua «gutxi gorabehera» 2050ean lortu beharko litzatekeela hitzartu dute, eta erdibideko helburu batzuk zehaztu dituzte. 2030erako itsas garraioaren isurketak gutxienez %20 murriztea edo «%30 ahal dela», eta 2040rako %70 gutxitzea, «%80ra iristeko helburuarekin». 2018an egindako akordioaren aldean pauso bat eman dute, orduan karbono emisioak erdira jaistea adostu baitzuten 2050erako.

Batzarrera joandako zientzialariek ausartago jokatzeko eskatu dute. Haien kalkuluen arabera, itsas industriak gutxienez %45 murriztu beharko lituzke isurketak 2030erako, eta zero garbia lortu 2050erako, berotze globala 1,5 gradura mugatzeko helburua lortu nahi bada behintzat. Hainbat herrialde aurka azaldu dira, hala nola Txina, India eta Brasil, argudiatuz murrizketa handiago batek mundu osoko merkataritzari eragin diezaiokeela, eta beren ekonomiari kalte egin.

Itsasotik garraiatzen da munduan merkaturatutako ondasunen %80 baino gehiago. Horren ondorioz, inpaktu oso handia dauka kliman: planeta berotzen duen kutsadura guztiaren %3 inguru. Itsas industria, beste sektore batzuk ez bezala, klima aldaketari aurre egiteko erakundeek hartu dituzten neurri nagusietatik kanpo geratu da orain arte.

Hala ere, urrats batzuk egin dituzte, Europako Batasunean bereziki: iaz, Bruselak itsas garraioa bere karbono merkatura gehitzea erabaki zuen. Horrek esan nahi du EBra doazen edo EB barruan aritzen diren itsas konpainiak behartuta egongo direla kutsaduragatik ordaintzera. Hurrengo urtean sartuko da indarrean neurria. Aurtengo martxoan, halaber, Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak erregulazio berri bat egitea adostu dute, sektoreak erabiltzen dituen erregaien berotegi gasen intentsitatea urtez urte murrizteko, %2 gutxitzeko 2025ean, eta %80ra iristeko 2050ean.

Londresko akordioak atea zabaldu dio itsas garraioan karbonoaren gaineko zerga bat ezartzeari, baina Txina buru duen taldeak ez du argi ikusten. Duela aste batzuk, hogei bat herrialdek —AEBak eta Erresuma Batua tartean— neurria defendatu zuten Parisen egindako goi bilera batean.

Aukera gutxi

Itsas garraioak arazo nagusi bat du: itsasontziek nabigatzeko erabiltzen dituzten erregaien alternatiba erabilgarriak oso urriak direla gaur egun. Ontziak elektrifikatzea zaila da, bereziki tamaina handikoak, bateriek ere halakoak izan behar dutelako. Eta hidrogeno berdea dago, baina gaur-gaurkoz ez dago erabat garatua.

Dena den, itsas garraioaren industriak baditu beste aukera batzuk. CE Delft aholkularitzak Londresko batzarrean aurkeztutako txosten baten arabera, itsas industriak erdira murriztu dezake kutsadura 2030erako, %10eko kostu gehigarriarekin soilik. Hiru aukera proposatu ditu horretarako: itsasontzien abiadura moteltzea; ontzi batzuk modernizatzea, bela elektrikoa erabiliz, energia eolikoa aprobetxatuz —asteon aurkeztu dute halako prototipo bat Bilboko portuan—; eta erregai garbien kopurua handitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.