Klima aldaketa

Inoiz erregistratutako egunik beroena neurtu dute

Munduko tenperatura orokorraren batezbestekoa 17,18 gradura iritsi zen.

Beroa dela eta emakume bat urarekin errefreskatzen, Kordoban. SALAS / EFE
Urko Iridoy Alzelai
2023ko uztailaren 5a
16:04
Entzun

Munduko batez besteko tenperaturaren erregistroak daudenetik jaso den tenperaturarik beroena erregistratu zen atzo: 17,18 gradu. NCEP Ameriketako Estatu Batuetako Ingurumen Iragarpenen Agentzia Nazionalak argitaratutako datuek errekor historikoa ezarri zuten astelehenean, 17,01 gradu neurtuta, baina atzokoak marka hori gainditu zuen.

El Niño klima fenomenoaren etorrerak eta berotze globalak eragin dituzte datu horiek. El Niño-k asko igotzen ditu Pazifikoko uretako tenperaturak, eta, ondorioz, handitu egiten da munduko batez besteko tenperatura orokorra. Tenperatura handien eraginak argiak dira munduan. Ameriketako Estatu Batuetan, bero bolada handi baten ondorioz, 46 gradura heldu dira, eta hamalau pertsona hil dira beroaren eraginez Texas estatuan. Asia ekialdean ere beroak kalte handiak eragin ditu azken asteotan, 40 graduak gaindituta. Afrika iparraldean, 50 gradutik gertu daude.

«Berotze globalaren eragina heriotza zigorra da gure munduko gizarte eta ekosistementzat», esan du Friederike Ottok, Ingurumen eta Klima Aldaketarako Grantham institutuko klima zientzialari batek, Al Jazeera telebistan. Robert Rohde klima aldaketako adituak fenomeno honen arriskuen berri eman du bere Twitter kontuan: «El Niño -rekineta berotze globalaren eraginarekin, hurrengo asteetan seguruenik berriro ere errekorra hainbat alditan gaindituko da».

El Niño, azkeneko aldiz, 2016. urtean detektatu zen Ozeano Barean. 16,92 graduraino igo ziren tenperaturak, hau da, zazpi urtean 0,26 gradu igo da. NCEPren datuak 1979tik aurrerakoak dira, baina, aurrez erregistrorik ez egonda ere, adituek diote atzoko 17,18 graduko batezbestekoa inoizko handiena izan daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.