Literatura

'Literaturarekin bakarrik ikasten dena' manifestua aurkeztu dute laurogeitik gora idazlek

Meettok fundazioaren ekimenez sortu da manifestua, eta, adierazi dutenez, dokumentua abiapuntua baino ez da: gerora etorriko diren ekitaldi batzuen ernamuina. Manifestuaren helburu nagusia irakurzaletasunari prestigioa ematea da, eta irakurtzea bera sustatzea.

Hainbat liburu apal batean, joan den urteko Durangoko Azokan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
mikel lizarralde
2023ko ekainaren 27a
12:57
Entzun

Laurogeitik gora idazlek izenpetu dute Literaturarekin bakarrik ikasten dena manifestua. Meettok fundazioak aurkeztu du —izen bereko argitaletxetik sortua da—, eta helburu nagusia irakurzaletasunari «prestigioa ematea» da; baita irakurtzea bera sustatzea ere. Ramon Etxebeste Meetokeko kidearen esanetan, dokumentua «abiapuntu bat besterik ez da»: gerora etorriko diren ekitaldi batzuen oinarria. «Garrantzitsuena ez da dozenaka idazlek sinatu duten agiria, haren bidez eta ondorioz etorriko diren aukerak baizik», adierazi du. «Ekimen ez oso konbentzionalak beharko ditugu».

Manifestuan diotenez, «garai nahasiotan», literaturak koordinatu batzuk ematen ditu beti. «Anne Frankek oso garbi esan zuen: 'Pertsona askeak nekez jabetuko dira inoiz liburuek zer esanahi duten giltzapean bizi garenontzat'. Ispilu aurrean jarri eta galdera egiten ditugu literaturak: 'Aske al gara?'».

Literaturak «mundu guztiari irekita» egon behar duela nabarmendu dute sinatzaileek, «inolako balaztarik gabe». Izan ere, haien iritziz, literaturak «esnatu eta astindu» egiten du pertsona, haren gogoa piztu. «Bakarrik irakurtzen dugu, baina ez gaude bakarrik irakurtzen dugunean. Liburuan irekitzen zaizkigun garai eta pertsonaietara lotuta gaude, fikziozko pertsonaietan lur hartzen dugu, bidaiatik itzultzean ezaugarri berriak iradokitzeko».

Sinatzaileen iritziz, irakurketak «munduaren zabaltasunaren eta aniztasunaren zantzuak» utziko ditu irakurleengan. «Irakurritakoa lagunekin, ezagunekin, ikaskideekin, irakurketa taldeko kideekin eta sare sozialetan partekatzeak liburuak adina plazer edo gehiago emango digu: liburuei buruz hitz egitea liburuak berridazteko modu bat da. Eta literaturaren historia irakurketaren historia da; erreketa publikoetatik, zentsuratik eta gure gailu elektronikoen hots eta ardailatik harago doa».

Literaturaren inguruan dabiltzanak «asko» ez badira ere, «ondo artikulatutako» ekosistema bat osatzen dutela azpimarratu dute sinatzaileek: «Irakurleak, idazleak, itzultzaileak, editoreak, literatur kritikariak, liburu saltzaileak, liburuzainak... literaturak batzen gaitu». Horregatik sendotu eta prestigiatu nahi dute sare hori, liburuaren balioa aldarrikatzeko. «Literaturak erakusten diguna literatura irakurriz baino ezin delako ikasi. Literaturak denoi dagozkigun gauzez hitz egiten baitu: kemenaz, beldurraz, adiskidetasunaz, heriotzaz, maitasunaz, elkartasunaz».

Manifestuan diotenez, irakurtzen duenak badaki zergatik irakurtzen duen. «Irakurtzen ez duten horietakoa bazara, zure arrazoiak izango dituzu. Edozelan ere, zaude lasai. Literaturaz arduratzen ez bazara ere, literatura beti arduratuko da zutaz. Hori ere liburuei esker ikasi dugu».

Literaturarekin bakarrik ikasten dena manifestua sinatu duten norbanakoak honako hauek dira:

Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Iñaki Aldekoa, Oihane Amantegi, Miren Amuriza, Beñat Arginzoniz, Txema Arinas, Miren Arratibel, Yolanda Arrieta, Mikel Arruabarrena, Garazi Arrula, Aintzane Atela, Gotzon Barandiaran, Maialen Berasategi, Jon Bilbao, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Angel Erro, Hedoi Etxarte, Jose Fernandez de la Sota, Aintzane Galardi, Aritz Galarraga, Oihana Garmendia, Jorge Gimenez Bech, Ekaitz Goikoetxea, Josu Goikoetxea, Aritz Gorrotxategi, Nerea Ibarzabal, Juan Kruz Igerabide, Izaskun Igoa, Tere Irastortza, Jose Anjel Irigarai, Karmele Jaio, Edorta Jimenez, Irati Jimenez, Felipe Juaristi, Jon Kortazar, Goiatz Labandibar, Hasier Larretxea, Iñigo Larroque, Santi Leone, Anjel Lertxundi, Karlos Linazasoro, Pello Lizarralde, Nerea Loiola, Maite Lopez las Heras, Elizabeth Macklin, Juanra Madariaga, Peru Magdalena, Juan Ramon Makuso, Gerardo Markuleta, Miren Agur Meabe, Antxiñe Mendizabal, Laura Mintegi, Inazio Mujika Iraola, Kepa Murua, Elena Olave, Carlos Ollo, Aritz Pardina, Pello Otxoteko, Eider Rodriguez, Txani Rodriguez, Beñat Sarasola, Danele Sarriugarte, Asier Serrano, Mikel Soto, Castillo Suarez, Eli Tolaretxipi, Garbiñe Ubeda, Itziar Ugarte, Yurre Ugarte, Juan Manuel Uria, Juan Luis Zabala, Josu Zabaleta, Iban Zaldua eta Patxi Zubizarreta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.