GERRA UKRAINAN

Wagnerrekoen aurkako zigor auzibidea artxibatu egin du Kremlinek

Prigozhin Bielorrusian dagoela baieztatu du Lukaxenkok. Moskuren esanetan, Wagnerrekoak prest daude armadari armamentu astuna entregatzeko. Putinen arabera, «gerra zibil bat» hastear egon dira Errusian.

Wagnerreko kide batzuk Rostov Don-en, joan den larunbatean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 27a
12:04
Entzun

Joan den larunbateko matxinadaren harira Wagner taldeko kideen aurka irekitako zigor auzibidea artxibatu egin du Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federalak. Hala jakinarazi du TASS berri agentziak, organo horren ohar bat aipatuz. FSBk egin duen ikerketaren arabera, matxinada delitutzat jo daitezkeen jarduerak eten zituzten mertzenarioek egun horretan bertan, hilaren 24an. Hortaz, Vladimir Putinek atzo planteatutakoari erantzuten dio erabaki horrek. Izan ere, Errusiako presidenteak hiru aukera proposatu zizkien Jevgeni Prigozhin buru duen talde paramilitarreko kideei: Errusiako armadan integratzea; Bielorrusiara erbesteratzea; edo «familia eta lagunengana» itzultzea.

Wagnerrekoek Rostov Don (Errusia) hiria hartu zuten, eta Moskurantz jo. Hiriburutik 200 bat kilometrora eten zuten martxa, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen bitartekaritza baliatuta Kremlinekin akordio bat egin ondoren. Prigozhinen audio dokumentu bat zabaldu zuten atzo, eta mertzenarioen buruak hor esaten du haien asmoa ez zela estatua «eroraraztea», baizik eta «protesta egitea». Errusiako Defentsa Ministerioak agindu du «boluntarioen taldeek» armadan integratu behar dutela larunbata baino lehen, eta Prigozhin ez dago ados erabakiarekin. Iruditzen zaio Sergei Xoigu Defentsa ministroak hautu okerrak egiten dituela eta atxilotua izan beharko lukeela. Putinek berak armadarentzat egindako hitzaldi batean gaur nabarmendu duenez, «gerra zibil bat» hastetik gertu egon zen herrialdea aurreko larunbatean.

Ikusi gehiago:Prigozhinen eskaera gorabehera, Xoigu Errusiako tropekin bildu da

Dena den, Wagnerrekoen buruaren esanetan, ekipamendu militarra entregatzeko prest zeuden ostiralean. Baina salatu zuen Errusiako armadak beren posizioak bonbardatu zituela ostiralean, 30 bat paramilitar hil zirela horren ondorioz, eta horregatik erabaki zutela Moskurako martxa hastea. Hiru egun geroago, Errusiako Defentsa Ministerioak gaur iragarri du, ohar baten bidez, Wagnerrekoak prestatzen ari direla armamentu astuna armadari entregatzeko. Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da Txetxeniako Akhmat taldeak kontratu bat sinatu zuela duela ia hiru aste, Errusiako armadako parte bihurtzeko.

Ikusi gehiago: Aliatuak desafio egin dio Putini

Eta Lukaxenkok baieztatu du Prigozhin Bielorrusian dagoela. Hala kaleratu du Belta Bielorrusiako berri agentziak, hango presidentearen hitzak aipatuz. Kontuan hartu behar da Wagnerreko buruak Errusiako Gobernuarekin adostu zuela Bielorrusiara erbesteratu ahal izango zela, matxinada bertan behera uztearen truke. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek esan du gaur ez dakitela non dagoen Wagnerreko burua.

Mendebaldearen arabera, larunbatean gertatutakoak erakutsi du Errusiaren hauskortasuna agerian geratu dela eta hango botere militarra arrakalatuta dagoela. Lukaxenkok gaur nabarmendu du «mundu gatazka baten mehatxua» inoiz ez dela egon «hain gertu». Eta, Bielorrusiako Belta berri agentziak jaso duenez, ohartarazpen bat egin du sari banaketa batean egindako adierazpenetan: «Errusia kolapsatzen bada, denok hilko gara». Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak atzo esan zuen ez dela komeni «ezegonkortasun politikoa» egotea Errusian, «potentzia nuklear bat» delako. Atzo, Joe Biden AEBetako presidenteak azpimarratu zuen Mendebaldeak ez duela zerikusirik izan larunbateko altxamenduarekin. Lukaxenkok, hain zuzen, ez du xehetasunik eman nahi izan Prigozhinek eta Kremlinek, bera bitartekari zela, egindako akordioaz.

Ikusi gehiago: Lukaxenkorekin negoziatu ostean, Moskurako martxa gelditu du Prigozhinek

Erasoa Krimean

Krimeako penintsulako trenbide sareari eraso egin diote Kirovski barrutian, eta horren ondorioz tren zirkulazioa eten dutela jakinarazi du hango gobernadore Sergei Axionovek. Haren esanetan, gertatutakoak «kalte egin» die trenbideei, baina ez du biktimarik eragin. Errusiako Telegram kanal batek kaleratu duenez, ezezagun batzuek trenbideak leherrarazi dituzte, eta, hori dela eta, merkantzia tren baten bagoi bat errailetatik atera da.

Azken hilabeteetan ugaritu egin dira Krimeako trenbideei egindako erasoak. Ukrainak zilegitzat jotzen ditu, argudiatuta ezinbestekoak direla Errusiaren logistika militarrarentzat. Kremlinek han dituen arma biltegiei ere eraso egin die Kievek —Moskuk 2014an anexionatu zuen penintsula—.

Bestalde, Ukrainako Zaporizhia eskualdean Errusiak duen buruzagitza militarrak adierazi du Kievek beste erasoaldi bat hasi duela gerra fronteko eremu horretan. Eta Ukrainako buruzagiek salatu dute Errusiako indarrek misilekin eraso egin diotela Poltava eskualdeko Krementxuk hiriari, zeina herrialdearen erdialdean baitago. Iaz, egun berean eta toki berean, 21 zibil hil zituen Errusiaren bonbardaketa batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.