DROGA KONTSUMOA

Hamar urtean %23 handitu da droga kontsumoa munduan

NBEk droga salmentari eta kontsumoari buruz egindako urteko txostenaren arabera, 296 milioi pertsonak kontsumitu zuten 2021ean; 2011n baino 56 milioi lagunek gehiagok. 500.000 lagun inguru hil ziren 2019an.

Langile bat, ustezko bi kokaina plaka substantzia kimikoz egiaztatzen, Quiton, Ekuadorren. SANTIAGO FERNANDEZ / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 26a
12:16
Entzun

Drogak kontsumitzen dituzten pertsonen kopurua «nabarmen» handitu dela ohartarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeko Droga eta Delituen Bulegoak. Atzo kaleratutako urteroko txostenaren arabera, 296 milioi lagunek hartu zuten drogaren bat 2021ean, eta, beraz, 2011tik urte horretara %23 handitu zen kontsumoa. Horrez gain, 13,2 milioi lagun inguruk injektatu zuten substantziaren bat, aurreikusitakoek baino %18 gehiagok.

Beste datu beltz eta kezkagarri bat ere ageri da ikerketan: 500.000 lagun inguru hil ziren 2019an droga kontsumoaren eraginez, 2009an baino %17,5 gehiago. C hepatitisarekin lotutako gaixotasunak dira drogen ondoriozko heriotzen kausa nagusia, guztizkoaren erdia baino gehiago. Gaindosiak heriotzen laurdenak dira, eta opioa da drogarik hilgarriena, «alde handiarekin», gainera. Zehazki, gaindosien epidemiak ez du mugarik AEB Ameriketako Estatu Batuetan; han, NBEren arabera, 80.000 pertsona inguru hil ziren opiodunen gaindosien ondorioz 2021ean, 2019an baino %60 gehiago. Opioa Afrikan eta Ekialde Hurbilean ere askok kontsumitzen dute.

Dena dela, kalamua da oraindik ere drogarik ezagunena; 219 milioi pertsonak kontsumitu zuten 2021ean. Opioa bigarren dago, 60 milioi kontsumitzaile baititu; ondoren, anfetaminak daude, 36 milioi lagunek kontsumitzen baitute; kokaina, berriz, 22 milioi herritarrek kontsumitu zuten; eta «estasi» motako estimulatzaileak, gutxi gorabehera, 20 milioi lagunek hartu zituzten. Kokaina, gainera, inoiz baino gehiago ekoitzi zuten 2021ean, 2.300 tona, eta eskaria sekula baino handiagoa da. Txostenaren arabera, fenomeno global horrek, «ziurrenik», bestelako merkatuak irekiko ditu Asian eta Afrikan. Aldiz, 2.026 tona kokaina konfiskatu zituzten, inoiz baino gehiago.

«Mundu osoan etengabe ugaritzen ari dira drogen kontsumoagatik nahasmenduak dituzten pertsonak, baina drogak ez dira heltzen berehalako tratamendua behar duten guztiengana», nabarmendu zuen NBEko Droga eta Delituen Bulegoko zuzendari Ghada Walyk. Egoera horren ondorioz, erakundeak aurre egin behar die munduko gatazkez eta krisiez baliatzen diren droga trafikoko sareei, zeinek legez kanpoko drogen ekoizpena hedatzen baitute, batez ere droga sintetikoena. Gisa horretako drogak ez datoz lursail handiak behar dituzten landareetatik, produktu kimikoetatik baizik. Droga sintetikoek, hain zuzen, «abantaila ugari» ekartzen dizkiete «talde kriminalei»: merkeagoak dira, eta errazago eta malguago fabrikatu ohi dira, ez baitaude kokaleku baten edo uzta denbora baten menpe. Gainera, ekoizpen denborak askoz laburragoak dira.

Droga kontsumoaren ondorioz nahasmenduak dituzten herritarren kopurua %45 handitu da 2010etik hona, 39,5 milioi kontsumitzaile izateraino. Txostenaren arabera, drogekin lotutako nahasmenduak zituzten bost pertsonatik bat baino ez zegoen tratamenduan 2021ean. Halaber, NBEk zehazten du gazteak direla «zaurgarrienak»; hain zuzen, Afrikan 35 urtetik beherakoak dira tratamenduan dauden pertsonen %70.

Erakundeak azpimarratu zuen, gainera, «benetan handia» dela garabidean diren herrialdeen eta aberatsen arteko arrakala, batez ere oinazearen tratamendurako sendagaiak eskuratzeko orduan. Herrialde garatuetan, adibidez, opioa eskuratzeko aukera berrogei aldiz handiagoa da errenta ertaina edo txikia dutenetan baino. Horiek horrela, munduko biztanleriaren %86 sendagaiak eskuratzeko zailtasunak dituzten estatuetan bizi da. Zehazki, txostenean aipatu dute hiru herrialde hauetan dutela egoera zaila: Brasil, Kolonbia eta Peru. Estatu horietan, hain justu, droga trafikoarekin lotutako delitu «ugari» egiten dituzte.

Droga trafikoa gatazketan

Talde kriminalak gatazkan dauden herrialdeetako «hutsune legalaz» baliatzen dira droga sintetikoak ekoizteko. Txostenak Afganistango kasuak dokumentatzen ditu, non metanfetaminaren ekoizpena handitu egin den, baita Sirian ere. Bestalde, Ukrainaren inbasioaren testuinguruan, gudak kokainaren eta heroinaren trafiko bideak aldatzea eragin badu ere, erakundeak esan du gatazkak «droga sintetikoen fabrikazioa eta trafikoa hedatzea» eragin dezakeela. Drogen sektorea gerra egoeretan eta estatu ahuletan lora daiteke, eta, era berean, gatazka luza edo elika dezake, NBEren txostenaren arabera.

Amazoniako arroko droga trafikoak beste delitu jarduera batzuk areagotu ditu, hala nola legez kanpoko mozketak, meatzaritza, lurren okupazioa edo basa bizitza trafikoa. Horrek «kalte handia» eragiten dio munduko oihan tropikalik handienari, baita bertan bizi diren herri indigenei eta haien defendatzaileei ere.

Haitin, bestalde, herrialdearen krisia handitu egiten da narkotrafikatzaileek herrialdearen mugen «porositatea» ustiatzen duten heinean, «negoziazioak indartzeko». Sahelen, gatazka armatuek gehien astindu duten eskualdean, droga trafikoak talde armatuak finantzatzeko balio izaten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.