Lurraren Altxamenduak, debekatuta

Lurraren Altxamenduak mugimendua legez kanpo utzi du Frantziak. «Ekoterrorismoan» aritzea egotzi die Macronen gobernuak. Ahots ugari altxatu dira erabakiaren aurka.

Lurraren Altxamenduak debekatzeko gobernuaren aginduaren aurkako protestan, Montpellierren, pasa den astean. GUILLAUME HORCAJUELO, EFE
inaki petxarroman
2023ko ekainaren 26a
11:13
Entzun

Ekainaren 21ean sinatutako dekretu baten bidez, Frantziako Gobernuak legez kanpo utzi du Lurraren Altxamenduak (LSDLT) erakundea. Bezperan, talde horretako kide izatearen akusaziopean, 15 lagun atxilotu zituen Poliziak. Neurri horrek erreakzio soka luzea ekarri du Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, eta Emmanuel Macronen gobernuaren joera «autoritarioa» salatu dute eragile askok, izan erakunde ekologista, sindikatu zein alderdi. Martxoan martxan jarri zuen gobernuak legez kanpo uzteko prozedura, orain arte Macronek gauzatu dituen dozenaka horietako azkena. Oraingo honetan, baina, ezkerreko mugimendu baten aurka jo dute.

Zer dira Lurraren Altxamenduak?

Mugimenduaren webgunean dioenez, 110.000 kidek eta tokiko 180 batzordek osatzen dute Lurraren Altxamenduak legez kanporatutako mugimendua. Haren helburua da nekazaritza erauzketa ondasun komunalen gainetik lehenesten duen sistema ekonomikoa amaitzea, agroindustria nekazari txikien eta tokiko etxaldeen gainetik ezartzen duen sistemari aurre egitea. Partaide askotarikoen artean, mugimendu ekologista historikoetan aritutakoak —Europa Ekologia-Berdeetako kideak, haietako batzuk—, klima ekintzaile gazteak eta laborariak daude. «Bizitzaren arma suntsitzaile» diren industria-nekazaritza eta jarduera ekonomikoak —porlanaren industria, esaterako— izan dituzte jomugan Lurraren Altxamenduak taldekoek, bizidunen aurkako «suntsiketa handiko armak» direlakoan.

Zer leporatu diete?

Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu zuenez, «azken asteotan, hainbatetan, ondasunen eta pertsonen aurkako indarkeria» erabili izana da LSDLTri egozten dioten akusazio nagusia. Azken asteotan, gobernuak behin baino gehiago erabili du, mugimenduari buruz ari zelarik, «ekoterrorista» hitza, eta «sabotajeak» eta «indarkeria» baliatzea egotzi diote mugimenduari.

Legez kanporatzeko agindua emateko Barne Ministerioaren oharrean, arma gisa erabilitako objektuak edukitzea leporatu diete; besteak beste, morteroak eta molotov koktelak. Funtsean, baina, mugimenduak sustatutako mobilizazioetan egotz dakiokeen indarkeria erabilera bakarra izan da liskarretan Poliziari aurre egitea. Esate baterako, Sainte-Solinen (Frantzia) istilu gogorrak izan ziren, uraren pribatizazioa salatzeko deitutako mobilizazioetan. Istilu horietan poliziei molotov koktelak eta beste jaurti izana egotzi zieten manifestariei.

Zeren aurka egin dute?

Frantzia erdialdeko Sainte-Solineko agroindustriaren urtegien aurkako ekintzek egin zuten ezagun mugimendua, bereziki aurtengo martxoan jendarmeekin izandako liskarren ondorioz. Horrek indartu zion gobernuari mugimendua legez kanporatzeko asmoa. Uraren pribatizazioaren aurkako beste hainbat ekintza egin dituzte, Sainte-Solinen bertan iazko urrian. Horrez gain, kalte materialak eragin dituzte beste hainbat sektore ekonomiko-industrialetan. Ekainaren 10ean eta 11n hormigoiaren industriaren aurka zenbait ekintza egin dituzte; hondarra ebatsi dute eta hainbat kalte eragin lorezaintza industrialeko berotegi batean; sabotaje ekintzak egin dituzte harrobietan; Monsantoren egoitzan sartzeko eta okupazio bat egiteko ahalegina egin dute; eta manifestazioak egin dituzte Lyon-Turin abiadura handiko trenaren (AHT) proiektuaren aurka, Italian Val di Susan aspaldi borrokan ari diren taldeekin bat eginez.

Zeresana eman zuen iazko abenduan berrehun bat ekintzailek Lafarge enpresaren Marseilla (Okzitania) inguruko zementu fabrikan egindako ekintzak ere. Lantergira sartu eta «armagabetu» egin zuten. Erraustegia eta gailu elektrikoa baliogabetzea, kableak moztea eta hainbat makina hondatzea aldarrikatu zuten. Sirian talde jihadistak diruz lagundu izana aitortu zuen Lafargek iazko udazkenean. Halaber, «kutsatzaile eta CO2 ekoizle handiena» da, aktibisten hitzetan. Ekain hasieran 15 pertsona atxilotu zituen Frantziako Poliziak ekintza harekin lotura zutelakoan; tartean, Euskal Herriko bi.

Zenbat erakunde utzi dituzte legez kanpo Macronen agintean?

Emmanuel Macronek 2017an presidente kargua hartu zuenetik, 30 bat erakunde legez kanporatzeko dekretuak onartu ditu gobernuak. Horietako gehienei talde islamistekin loturak izatea egotzi diete, eta beste gehienak eskuin muturreko alderdi edo mugimenduak ziren. Ezkerreko eremuan, Lyon talde antifaxista legez kanporatzeko agindu administratiboa eman zuen 2022ko martxan gobernuak, baina estatu kontseiluak bertan behera utzi zuen. Orain, ezkerreko beste mugimendu baten aurka eman du kolpea Macronek, Lurraren Altxamenduak debekatuta.

Nork azaldu die babesa?

Ezkerreko alderdiek, Frantzia Intsumisoa buru, babesa agertu diote legez kanporatutako mugimenduari, eta, horrez gain, baita ekologistek zein bestelako herri mugimenduek ere: Greenpeace, Amnesty International, Giza Eskubideen Liga, Solidarioak... Sindikatuek, Confederation Paysannek eta erreferentzia publiko diren hainbat ordezkarik, besteak beste, Greta Thunbergek eta Disha Ravi nekazarien altxamendua babesteagatik Indian atxilotu zuten ekintzaileak. Europa Ekologia-Berdeak alderdiko idazkari nagusiak ere babesa azaldu dio LSDLTri.

Zer egingo dute orain?

LSDLTk jakinarazi du helegitea jarriko duela gobernuaren erabaki horren aurka, eta Frantziako justizian prozedura galduz gero Estrasburgoko Auzitegira joko duela. Horretan 2.000 erakunde eta lagunek babestu dutela adierazi du. Haren webgunea eta sare sozialak blokeatuta geratuko direnez, komunikaziorako beste kanal batzuen berri eman dio gizarteari, eta tokiko batzordeei errepresioari aurre egin ahal izateko hainbat gomendio zabaldu dizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.