HEZKUNTZA

Opus Deiren eskola segregatzaile bati ituna kentzeko prozesua geldiarazi du Nafarroako auzitegiak

Miravalles-El Redin ikastetxearen Batxilergoko ituna bertan behera utzi zuen Hezkuntza Departamentuak, ikasleak sexuaren arabera bereizteagatik. Nafarroako Auzitegi Nagusiak uste du erabaki horrek «konpondu ezinezko kaltea» eragin diezaiokeela eskolari.

Miravalles-El Redin ikastetxea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 21a
10:31
Entzun

Opusen eskola pribatuen itunak, epaileen babespean. Amaitzear den ikasturtean, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen Miravalles-El Redin eskola erlijiosoaren Batxilergoko hezkuntza ituna, LOMLOE legeari men eginez, ikasleak sexuaren arabera bereizteagatik. Orain, baina, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du hitzarmen horri eutsi behar zaiola behin-behinean, ikastetxeari «konpondu ezinezko» kalterik ez eragiteko. UPNk exijitu du eskola pribatuak «orain arteko baldintzak» izan ditzala aurrerantzean ere.

Kautelazko ebazpena da Auzitegi Nagusiak eman duena, eta Miravalles-El Redin eskolako guraso elkarteek aurkeztutako helegite baten ostean heldu da. Orain, Hezkuntza Departamentuak aukera du ebazpenaren kontra errekurtsoa aurkezteko. Auzitegiak, bestalde, eskolako guraso elkarteei esan die berme finantzario bat aurkeztu beharko dutela, «hezkuntza itunak berekin dakarren laguntza publikoa adinako diru kopurua bermatzeko».

Auzitegi Nagusiko epaileek uste dute ituna eteteak «ondorio kualitatibo eta kuantitatibo oso nabarmenak» eraginen lizkiokeela Opus Deiren eskolari, eta hori konpontzea edo atzera egitea «zaila edo ezinezkoa» izanen litzatekeela. Epaimahaiaren arabera, gainera, hezkuntzari dagozkionak «garrantzi sozial bereziko» auziak dira; «are gehiago babes berezia eskatzen duten alor subjektiboetan, hala nola ikasle adingabeei dagozkien kontuetan».

Miravalles-El Redin eskolaz gainera, iragan urtarrilaren 27an, ikasleak sexuka bereizten dituen beste eskola baten ituna ere bertan behera utzi zuen Nafarroako Gobernuak: Irabia-Izaga ikastetxearena. Kasu horretan ere, helegitea aurkeztu zuten gurasoek, eta, Auzitegi Nagusiak adierazi duenez, ebazpen hori «datozen egunetan» argitaratuko dute.

UPN, itunari eustearen alde

Albistea argitara atera bezain laster, UPNk ohar baten bidez gaitzetsi du ituna hausteko erabakia, eta Opusen eskola pribatuko ikasleak «modu justuan» tratatzeko deia egin du. Auzitegi Nagusiaren argudioarekin bat egin du alderdiak, eta adierazi du «konpondu ezinezko kalteak» eragingo lizkiokeela eskolari ituna kentzeak. Horrez gain, PSNri egotzi dio ituna haustearen errua: «PSNren jarrerak interes sektario batzuei erantzuten die. Alde batetik, hezkuntza erabili nahi dute Nafarroako gizartean pentsatzeko era bat inposatzeko, hezkuntza askeari eraso eginez. Bestalde, legegintzaldi honetan EH Bilduk ezarri dion baldintza betetzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.