Gernika-Lumo

Jose Maria Gorroño hautatu dute Gernikako alkate, baina laster dimisioa emango du

EAJk baldintza hori jarri du Guztiontzako Herria plataformaren hautagaia babesteko; Iñaki Gorroño anaia izango da ordezkoa.

Ezkerrean, Jose Maria Gorroño, bere anaia Iñaki ondoan duela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 17a
16:26
Entzun

Ezustekoak espero ziren Gernika-Lumoko udalaren osaketan, eta hala gertatu da. Orain arteko alkate eta Guztiontzako Herria plataformako buru Jose Maria Gorroño alkate izendatu dute berriro, bere zerrendako zinegotzien eta EAJren babesarekin, baina, EAJk jarritako betoaren ondorioz, alkatetza laster utziko du, eta haren anaia Iñaki Gorroñok hartuko du ardura hori. Hala ere, orain arteko alkateak udaletxean jarraituko du, anaiaren «konfiantzazko zinegotzi» gisa.

Oso egoera berezia da Gernika-Lumokoa. Jose Maria Gorroño 2007tik izan da alkate: lehenbizi, EAren zerrendetan aurkeztuta, EH Bildurenetan geroago, eta azken urteetan, EAJrekin batera. Baina azken bolada honetan oso gaiztotuta egon da Gorroñoren eta jeltzaleen arteko harremana, eta, azkenean, EAJk bere zerrenda aurkeztu zuen bozetarako, eta Gorroñok berea, Guztiontzako Herria izenpean. Bi indarren arteko harreman txarra oso agerikoa izan da hauteskunde kanpainan: adibidez, gertatu izan da Bizkaiko irratietan antolatutako eztabaidetan EAJren hautagaia ez agertzea GHkoak parte hartzen bazuen, eta alderantziz.

Bozetan EH Bildu izan zen irabazle, sei zinegotzirekin, eta GHk ere sei zinegotzi lortu zituen, boto gutxiago eskuratuta. EAJk, berriz, bost zinegotzi lortu zituen. EH Bilduko hautagai Jose Ramon Bilbao alkatetzatik kanporatzeko, beharrezkoa zen GHk eta EAJk elkar hartzea, baina, gertatutakoaren ostean, zaila zirudien EAJk besterik gabe Gorroño babesteak. Azkenean, eta inork espero ez zuenean, horretarako modua aurkitu dute, EAJk GHri botoa emanda baina bidean Gorroño sakrifikatuz.

Lehen ezustekoa

Osoko bilkuran, Gorroño izan da aretoan sartzen azkena, eta hari egokitu zaio bileran buru izatea, hautetsirik zaharrena izaki. Zinegotziak karguaz jabetu ostean iritsi da lehen ezustekoa, EAJk iragarri duenean ez zuela hautagairik aurkeztuko alkate izateko. Zurrumurruak entzun dira mukuru beteta zegoen bilkura aretoan: horrek esan nahi zuen bazegoela nolabaiteko akordioa EAJren eta GHren artean, akordioaren nolakoaz inork ezer ez bazekien ere.

Orduan, Gorroñok hartu du hitza, eta gauzak argitu ditu. Iragarri du alkate izendatuz gero karguari uko egingo diola laster. Ez du zehaztu noiz egingo duen hori: «hilabete baten buruan» esan du behin, eta «hilabete eta erdi edo pare bat hilabete», bere hitzaldiaren beste pasarte batean. Edonola ere, irailerako alkate berria izango du Gernika-Lumok, eta hori nor izango den zehaztu du: haren anaia eta GHko zinegotzi Iñaki Gorroño, orain arte ere zinegotzi izandakoa.

«Iñaki pertsona ona da, eta hau ez dut esaten nire anaia delako; nire ondoan egon da urte hauetan guztietan», azaldu du Gorroñok. Halaber, iragarri du dimisioa eman ostean udalean lanean jarraituko duela, eta anaiaren «konfiantzazko zinegotzia» izango dela.

Bozketan, Gorroñok 11 boto lortu ditu: bere zerrendako sei zinegotzienak eta EAJren bostenak. Bilbaori, berriz, EH Bilduren sei zinegotziek eman diote botoa. Hortaz, Gorroño izendatu dute alkate, eta haren taldekide Nerea Revueltak eman dio aginte makila.

Bozketaren ostean, Bilbaok eta EAJren Xabier Irazabalek Gorroño zoriondu dute, baina, bere hitzaldian, Irazabalek argi utzi nahi izan du gertatutakoa hitzartuta zegoela EAJren eta GHren artean: «Uste dut lortu dugun akordioa onuragarria izango dela herritarrentzat», esan du. Gorroñok ere hitza hartu du azkenengo aldiz, eta iradoki du EAJren betoak behartuta utziko duela alkatetza: «Badirudi EAJk ez nauela maite». Zinegotzi guztiei «errespetua» adierazi die.

EH Bilduren dezepzioa

Bilkura amaitutakoan, dezepzioa agerikoa zen EH Bilduren jarraitzaileen artean: «Lotsagarria izan da», esan du batek baino gehiagok. Udaletxetik kanpo, txalo artean hartu dute hautagaia.

Bilkuraren ostean, Bilbaok adierazpenak egin ditu: «Askotan esaten da alderdien hitzak ezer gutxi balio duela, baina, EAJren kasuan, haren hitzak ez du ezer balio».

Bilbaok gogorarazi du EH Bilduk lortu zuela boto gehien udal hauteskundeetan Gernikan: «Guk burua tente dugu. Bozetan, Gernikak aldaketa eskatu zuen, eta EAJri botoa eman ziotenek ere aldaketa nahi zutelako egin zuten. Orain, aldiz, azken lau urteetako errepikapena izango dugu. Uste dut Gernikako herriak azalpen bat merezi duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.