Mobilizazioak

Elkartasuna izan nahi zuten pizgarri

NUPeko ikasle Edurne Turrillasek 1970eko hamarkadako Iruñerriko lantegien inguruko ikerketa egin du. Mapa interaktibo bat osatu du fabrika nagusiekin, eta zentro horietan piztutako lan gatazkak aztertu ditu. «Frankismoaren aurka» egiten zuten.

1960an sortutako Potasas de Navarra. NAFARROAKO KULTURAREN ATARI DIGITALA
edurne elizondo
2023ko ekainaren 16a
10:31
Entzun

Lantegi gehienak desagertu arren, gorde behar dugu egin zuten lanaren memoria. Ezin dugu hori galdu”. Horixe nabarmendu du Edurne Turrillasek (Iruñea, 2001), 1960ko eta 1970eko hamarkadetako Iruñerriko langile borrokari buruz. Turrillas NUPeko Historia eta Ondarea graduko ikaslea da, eta ikerketa bat egin du, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentazio Funtseko zenbait ikertzailerekin batera: mapa interaktibo bat osatu du 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Iruñerrian zeuden lantegi eta enpresa nagusiekin —60 inguru zenbatu, eta 32 jaso ditu Memoria-oroimena.unavarra.es/fabricas helbidean—, eta fabrika bakoitzeko lan gatazken eta langileen mobilizazioen berri eman du txosten batean.

 

1950eko hamarkadatik aurrera garatu zen Iruñerriko industria; dozenaka lantegi ireki zituzten urte haietan, eta fabrika horietan piztu ziren gerora —1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hamarkadan— lan gatazka nagusiak. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, lantegi horietako anitz itxi egin zituzten; zenbait tokiz aldatu edo multinazionalen esku gelditu ziren. “Ahaztu egin da fabrika eta enpresa horien historia, eta ahaztu da fabrika eta enpresa horietan lan egiten zuten pertsonen historia ere”.

Ahanzturari aurre egin nahi izan dio Turrillasek, hain zuzen, eta helburu horrekin egin du bere ikerketa lana. Langileen arteko elkartasuna nabarmendu du, eta elkartasun horrek gora baino ez zuela egiten langileok errepresioa sufritzen zutenean. Gizonak ziren nagusi lantegi gehienetan, baina Turrillasek emakumeek bete zuten “funtsezko” rola aipatu nahi izan du, ahanztura, emakumeon kasuan, are sakonagoa izan baita.

1965etik aurrera

“Gisa honetako ikerketa lan bat egin dudan lehen aldia da; zaila izan da, desindustrializazioaren inguruko bibliografia urria baita”, kontatu du Turrillasek. Eskertu du Izaskun Rodriguezen, Imanol Satrustegiren eta Nerea Perez Ibarrolaren laguntza eta parte hartzea, eta eskertu du, batez ere, ikerketa egin izanak irakatsitakoa.

Turrillasek aitortu du ezezaguna zitzaiola 1960ko eta 1970eko hamarkadetako langileek egindako bidea. “Nafarroa herrialde kontserbadoretzat dugu, baina garai hartan, frankismo berantiarraren garai hartan, langileak ia egunero mobilizatzen ziren”. Iruñeko Frenos Iruña lantegiak 1965ean egindako greba aipatu du Turrillasek, ordutik aurrera bertze hamaika fabrikatan eta enpresatan gertatu ziren mobilizazioak piztu zituelako, neurri handi batean. “Garai hartan, langileen arteko elkartasuna eta babesa handia zen; lantegi bateko gatazkak bertze fabriketakoa pizten zuen”, azaldu du ikerketaren egileak.

 

Lan baldintzak hobetzeko aldarriek altxarazi zituzten langileak, baina Turrillasek zehaztu du langile mugimenduak lan esparrutik harago jo zuela, eta, soldata hobeen eta hitzarmen kolektibo egokien aldeko mezuekin batera, frankismoaren aurkakoak zabaldu zituela. “Garai hartako borrokari esker ditugu egun ditugun eskubideak”.

Emakumeen rola

Mugimendu kristauen erradikalizazioa dago langile mugimenduaren oinarrian, Turrillasek azaldu duenez. Frenos Iruñarekin batera, bertze hainbat lantegik eta enpresak elikatu zuten mugimendu hori. Motor Iberica eta Potasas de Navarra nabarmendu ditu Turrillasek, bertzeak bertze. “Motor Iberica lantegiak 1973an egin zuen greba; 1975ean, berriz, hamabost eguneko itxialdia egin zuten Potasas de Navarrako langileek. Itxialdi horrek greba orokor bat eragin zuen. Fabrika bat gelditzen zenean, beste guztiak ere gelditzen ziren. Elkartasuna zen nagusi”, berretsi du.

Potasas de Navarra lantegiko gatazkak hautatu ditu Turrillasek gradu amaierako bere lana egiteko, hain zuzen. 1970eko langile borrokari buruzko ikerketa egin eta gero, esparru horretan sakontzen jarraitu nahi izan du. Alderdi jakin bati erreperatu nahi izan dio, gainera: emakumeek langile borrokan bete zuten rolari, alegia.

“Egungo gazteok gutxi dakigu 1970eko langile mugimenduaz, eta are gutxiago emakumeek egindako lanaz”, nabarmendu du Turrillasek. Ahozko iturrietara jo du, eta zenbait emakume elkarrizketatu ditu. “Hasieran, haiek ez zutela deus egin esaten zuten; baina solasaldiaren amaieran, egin zuten guztiaz jabetzen ziren. Izan ere, gizonek ezin zuten greba egin edo lantegian itxi emakumeek parte hartzen ez bazuten. Emakumeek gelditu behar zuten haurrak eta etxea zaintzen; kontraturik gabeko lanak egiten zituzten dirua lortzeko; jatekoa eta mantak eramaten zizkietan gizonei lantegian ixten zirenean”.

Turrillasek nabarmendu du frankismoaren errepresioari egin behar izan ziotela aurre, eta horrek eragin zuela mugimenduan. “Elkarrizketatu ditudan emakumeek ez zuten manifestazioetan parte hartzen; beldur handia zuten, eta, batez ere, ardura, senarrari zerbait gertatuz gero haurrak ezin zituztelako bakarrik utzi”.

“Gizonen borroka eredua nagusitu da, eta, ondorioz, bestelako ereduak bazter gelditu dira. Ematen du emakumeek ez zutela deus egin, baina ez da egia. Kontua da emakumeen borroka ereduak gutxietsi egin direla”, erran du Turrillasek.

Orain ere hori gertatzen dela uste du ikerlariak, eta Cordovillako H&M dendako emakume langile grebalarien borroka jarri du adibide: “Otsailean bideo bat egin zuten euren egoera salatzeko, eta Shakiraren abesti bat erabili zuten. Batzuek hori kritikatu zuten. Hori gertatzen da emakumeak direlako”. Zahar etxeetako langileen protestak ere aipatu ditu, eta salatu du, oro har, toki gutxi dutela hedabideetan. H&M dendako edo zahar etxeetako emakume langileak egungo gazteentzat “eredu” izan daitezkeela garbi du Turrillasek; Azkoiengo Huerta de Peraltako langileen borroka ere aipatu du. Iraganeko ereduak eta esperientziak oroitu behar direla uste du, eta bide berriak bilatu, aldi berean.

“Langile klasea gara”

Lan hori “zaila” dela uste du, halere. “Patronalak indibidualismoa sustatzen du langileen artean, eta prekaritateak dena zailtzen du. Dugun apur hori galtzeko beldurra dugu. Elkartasunik eza da nagusi”, erran du.

Nafarroako langile borrokari buruz egindako ikerketa lanak, dena den, erakutsi dio non ikasi. “Aurrera egiteko lan egin behar badugu, langile klasea gara. Oporrak izateak ez gaitu goi mailako bilakatzen. Hori da patronalaren estrategia: langileak banatzen ditu. Beste langileekin aberatsekin baino askoz lotura estuagoa dugu, ordea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.