Indarkeria matxista

89 urteko emakume bat hil dute Bilbon

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak BERRIAri baieztatu dio hilketa matxista bat izan dela. Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu du, hark bere burua entregatu ostean. Emakumezkoa labanaz hil duela aitortu du, Ertzaintzaren arabera. Ustezko hiltzailea eta biktima senideak dira. Epaileak espetxera bidali du gizona.

Osasun langileak eta ertzainak, beste hilketa matxista kasu batean lanean, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
2023ko ekainaren 16a
08:27
Entzun

Bart gauerdian, gizonezko batek Ertzaintzaren patruila bat gelditu du Bilboko Santutxu auzoan. 28 urteko gizonezkoak esan die senide bat hil duela.

Poliziak gizonezkoak emandako helbidera joan direnean, 89 urteko emakumezko bat topatu dute hilda, labanaz eginiko zauriak zituela. Arma gorpuaren aldamenean topatu dutela adierazi du Ertzaintzak.

Osasun langileak etxera joan dira, eta emakumezkoa hilda zegoela baieztatu dute. Gizonezkoa atxilotu egin dute, hilketaren egilea delakoan. Gaur utzi dute epailearen esku eta hark espetxera bidaltzea erabaki du.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du berehala, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek kazeta honi baieztatu diote kasua hilketa matxista bat izan dela. Zehaztu dute «etxeko indarkeria» dela mota penala, ustezko hiltzailea eta biktima familia berekoak direlako. Istanbulgo Protokolokoak dioenari erreparatuz, tankera horretako kasu guztiak «indarkeria matxista» edo «emakumeen aurkako indarkeria» gisa hartzen ditu Segurtasun Sailak, eta hor sartzen dira, besteak beste, indarkeria matxista, etxeko indarkeria, erasoa, ezkontza behartua edo sexu esplotaziorako emakumeak salerostea.

Aurtengo hirugarrena
Aurten Euskal Herrian hirugarren hilketa matxista da. Maiatzaren 16an, gizon batek bikotekide ohia hil zuen Orion (Gipuzkoa), eskopeta batekin tiro eginda. 50 urteko andre bat zen biktima: Lourdes del Hoyo. Bikote harremana etenda zeukaten. Kale erdian gertatu zen hilketa, arratsalde betean; asaldura handia eragin zuen. Bere buruaz beste egin zuen gero hiltzaileak.

Maiatzaren 28an, bestalde, gizon batek 32 urteko emakume bat hil zuen Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Senideek aurkitu zuten hilotz Maialen Mazon, 32 urteko andrazkoa, hiru urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ikerketa abiatu zuten berehala, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Haren bikotekide ohia, Jaime Roca, Zaragozan (Espainia) atxilotu zuten, handik ordu batzuetara.

Iaz, lau andre hil zituzten bikotekideek, eta semeak emandako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. 2003tik, 120 andrazko hil dira indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian, eta 11 haur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.