Hauteskundeak

Bastidako alkategai jeltzaleak dimisioa eman du

Eduardo Barinagak uko egin dio zinegotzi akta jasotzeari, Arabako Errioxako udalerri horretan EAJk hautagaitza ez aurkezteko agindua eman diolako Araba Buru Batzarrak. Alkatetza PPren esku geratuko litzateke, hortaz.

Eduardo Barinaga Bastidako alkategai jeltzale ohia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2023ko ekainaren 15a
14:05
Entzun

Baliteke euskal politikagintzan lurrikara eragitea Bastidako (Araba) EAJren alkategai Eduardo Barinagak hartu duen erabakiak. Inbestidura saiorako 48 ordu falta diren honetan, alkategai jeltzaleak dimisioa eman du. PPri gobernatzen uzteko eskaera jaso duela jakinarazi du Euskadi Irratian. Hau da, Araba Buru Batzarrak eskatu dio uko egin diezaiola hautagaitza aurkezteari. Horrekin ados egon ez, eta zinegotzi akta jasotzeari uko egin dio Barinagak.

«Dei bat jaso nuen atzo, eta eskaera hori egin zidaten. Agintaldia presatzen ari ginen, baina alderdi baten barruan gaude, eta erabaki batzuk gure gainetik daude. Erabaki horiek bete behar dira, eta nik bazterrera egin dut hori horrela gerta dadin», azaldu du Barinagak.

EAJk eta PSE-EEk PPren babesa behar dute Gasteizko Udalean, EH Bilduren alkategai Rocio Vitero baztertzeko –hauteskundeak hark irabazi dituen arren– eta, hala, PSEko Maider Etxeberria alkate egiteko. PPk esana du koalizio abertzaleak ez gobernatzea duela helburu, baina, aldi berean, Guardia eta Bastidako alkatetzak eskatu ditu, han lehen indar izan delako.

EAJk ukatu egin du PPrekin ezer negoziatzen ari dela, nahiz eta egunotan Arabako PPko presidente Iñaki Oiarzabalek esan duen hizketan ari direla. Orain, Bastidako alkategai jeltzalearen dimisioa iritsi da, eta gertaera horrek islatzen du EAJk gobernatzen utziko diola PPri han. Arabako Errioxan udal euskaltzale eta abertzaleak eratze aldera, EH Bildu prest dago alkategai jeltzaleak babesteko, Leire Garbaio koalizioaren Bastidako alkategaiak berriki berretsi duenez; Guardian ere horrela da; baina Bastidan behintzat, EH Bilduk ez du aukerarik izango gobernuan sartzeko, ez baitzaio eutsiko aurreko agintaldian osatutako gobernu abertzaleari.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Guardian ere ikusteko dago EAJk zer erabakiko duen. Hango alkategai jeltzaleak, Raul Garciak, hautagaitza aurkeztuko duela esan du egunotan, EH Bilduren babesari esker aginte makila hartzeko. Baina EAJko Araba Buru Batzarrak garbi utzi du bere esku duela azken erabakia. Ez da jakina Araba Buru Batzarrak hari ere agindu ote dion hautagaitza ez aurkezteko. Ematen du balitekeela Guardian alkatea EAJkoa izatea, aurreko legegintzaldian bezala. Izan ere, PP lehen indarra izan bada ere, alde oso txikia atera du.

Edonola ere, EAJk Arabako Errioxako udalerririk populatueneko alkatetza ere jokoan dauka estrategia honekin: Oiongoa. EH Bilduko hautagaiak irabazi ditu han hauteskundeak, baina, PPren babesari esker, aginte makila EAJren esku geratzekoa da.

Guardia, Bastida eta Oiongo alkatetzen auzian, ordea, ez dago Gasteizko alkatetza bakarrik nahasturik. EAJren helburu nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiko agintea lortzea da, eta PPren esku hartzea beharko luke horretarako. Horregatik, Euskadi Buru Batzarra tokiko erabakiak ez, baizik eta estrategia oso bat diseinatzen ari da azken egunotan.

EAJrentzat ez da nahikoa PSE-EEren babesa Gipuzkoan, eta, PPk esan duen arren Eider Mendoza ahaldungai nagusi jeltzalearen alde bozkatuko duela, exijentzia batzuk ditu: besteak beste, Guardia eta Bastidako alkatetzak. Haren babesari esker, Mendozak Gipuzkoako aginte makila hartuko luke, foru hauteskundeak EH Bilduko ahaldungai nagusi Maddalen Iriartek irabazi dituen arren, alde handiz –bost batzarkide gehiago ditu–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.