Migratzaileak

Gutxienez 79 migratzaile hil dira Greziatik gertu, ontzi bat iraulita

Nazioarteko uretan gertatu da ezbeharra, Itsaso Jonikoan. Ehun lagunetik gora erreskatatu dituzte bizirik.

Greziako kostazainek bizirik erreskatatutako migratzaileetako bat Kalamatako portuan. BOUGIOTIS EVANGELOS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 14a
15:41
Entzun

Greziako kostazainek eman dute abisua goizaldean; ontzi bat ikusi dute noraezean nazioarteko uretan, Pilosetik hego-mendebaldera, Peloponesoko kostaldean. Haizeteak zaildu egin ditu erreskate lanak, baina, hala ere, ehun lagunetik gora erreskatatu dituzte bizirik. Gutxienez 79 pertsona hil dira istripuan.

Bizirik atera direnetatik lau eraman behar izan dituzte Kalamata hiriko erietxera, hipotermia sintomekin. Kostazainen arabera, ontzian zihoazenetatik inork ere ez zuen ez salba-jantzirik, ez bestelako segurtasun ekipamendurik. Orotara 750 lagun inguru zihoazen ontzian.

Greziako agintarien arabera, ziurrenik Libiako Tobruk hiritik itsasoratu zen ontzia, baina oraindik ez dute berretsi datua. Siriakoak, Egiptokoak eta Pakistangoak ziren bertan zihoazenetatik gehienak. Italiako kostazainek atzo bistaratu zuten ontzia lehen aldiz, eta haren berri eman zieten Greziako agintariei eta Europako Batasuneko Frontex agentziari.

Beste operazio batean, 70 pertsona inguru zeramatzan ontzi bat Kretaraino eraman dute kostazainek, itsasontziko arduradunaren laguntza dei bat jaso ondoren.

Halako operazioak ohikoak bilakatu dira bai Greziako kostaldean, baita Italiakoan ere. Dena den, joan den hilean nazioarteak gogor kritikatu zuen Greziako Gobernua, sareetan zabaldutako hainbat iruditan kostazainak ageri zirelako migratzaile ontziak indarrez urruntzen.

Nazioarteko Migrazio Erakundeak aste honetan bertan zabaldutako datuen arabera, iaz 3.800 pertsona hil ziren Ekialde Hurbiletik eta Afrika iparraldetik Europarako bidean: 2017tik izandako kopuru handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.