Elixabete Etxanobe EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusiaren arabera, «bai ala bai» egingo da Guggenheim museoa Urdaibain. «Busturialdearen birika» izango dela adierazi zuen duela aste batzuk Gernika-Lumon (Bizkaia) egindako ekitaldi batean, eta jakinarazi zuen uda ostean hasiko direla eraikin zaharrak eraisten, museoa eraikitzeko aukeraturiko orubean. Egoera salatzeko agerraldia egin du gaur arratsaldean Guggenheim Urdaibai Stop herri mugimenduak, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, eta hainbat taldetako ordezkariek azpimarratu dute proiektuak ez duela onurarik ekarriko.
Informazio falta agerikoa dela adierazi du Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak, Guggenheim Urdaibai Stop herri mugimenduaren adierazpena irakurtzerakoan: «Herritarrok ez dugu egitasmo honi buruzko informazio zehatzik, eta badugu horretarako eskubidea». Era berean, herritarren iritzia aintzat hartzeko ere eskatu dute: «Proiektua sakon aztertu eta horri buruzko ikuspegia adierazi nahi dugu».
Oraingoz, egitasmoaren «zati batzuk» baino ez dituzte ezagutzen plataformako kideek, eta administrazioa «ilun» jokatzen ari dela nabarmendu dute: «Plan partzial horiek ez dute legea betetzen, eta herritarrei bizkarra emanda zehaztu dira».
Egitasmoa «bertan behera» uzteko eskatu dute, zorrotz: «Museo bat egin nahi badute, edo bi, edo hiru, badira horretarako toki aproposak, ingurumenari lotutako legeak eta bestelakoak urratzea eskatzen ez dutenak». Dagoeneko hasi dira proiektua eteteko sinadura bilketa egiten, eta zenbait hitzaldi ere eman dituzte: «Herritarren zalantzak eta kezkak entzun eta erantzuten ditugu, ahal dugun neurrian».
Ekintza horiek martxan jartzeaz gainera, proiektuaren jatorrira ere jo dute, eta gutun bat bidali dute New Yorkeko Guggenheim fundaziora. Egitasmoaren gainean duten «ardura eta ezinegona» helarazi diete idatziaren bitartez, eta proiektuari uko egiteko eskatu. Oraingoz, baina, ez dute erantzunik jaso. «Ezta espero ere», gaineratu du mugimenduak adierazpenean.
Hainbat dira Guggenheim Urdaibai Stop herri mugimenduarekin bat egin duten taldeak eta ordezkariak. Horietako asko bertaratu dira gaurko agerraldira, eta denek gaitzetsi dute proiektua. Edorta Jimenez Zain Dezagun Urdaibai eta Urdaibaietz taldeko kideak, kasurako, proiektua turismora bideratzen ari direla adierazi du: «Behin ere ez da aipatu kultura hitza egitasmoaren inguruan hitz egin denean». Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko lehendakari izandakoak, berriz, xahutuko den ura izan du hizpide: «Zentzuzko politikak egiteko garaia da: nahitaez jarri behar dira erdigunean pertsonak eta ama lurra». Era berean, Ana Urrutia kazetariak Euskal Herri osoari egin dio herri mugimenduarekin bat egiteko deia: «Beharrezkoa da herritar guztien babesa».
Aspaldiko proiektua
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoak 2008. urtean proposatu zuen lehendabiziko aldiz Bilboko Guggenheim museoaren beste egoitza bat zabaltzeko proiektua. Hasieran, museo berria Sukarrietan zabaltzea zen asmoa, Ricardo Bastida arkitektoaren 1925eko eraikin bat zegoen lekuan. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak ez zuen proiektu horren aldeko jarrera argirik agertu.
Haren ondotik, 2018an ekarri zuten gaia hizpidera berriro: 2020ra bitarteko museoaren plan estrategikoaren barruan sartu zuten. Museoaren bi egoitza jartzea da orain asmoa: bata, Muruetako ontziolan (Bizkaia); eta bestea, Gernika-Lumoko Dalia lantegiko orubean. Horrez gain, bi eraikinak lotuko dituen bide berde bat egin nahi dute, bost kilometro inguru izango dituena.