Artea

Guadalupe Etxebarria arte sustatzailea hil da

Donostiako Bideo Jaialdia sortu zuen 1980ko hamarkadaren hasieran, eta Bordeleko Arte Eskolako zuzendaria ere izan zen. Donostia 2016ko kultur zuzendari ere aritu zen zenbait hilabetez.

Guadalupe Etxebarria, 2012ko agerraldi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
mikel lizarralde
2023ko ekainaren 13a
12:21
Entzun

Guadalupe Etxebarria (Bilbo, 1948) ikertzaile eta arte sustatzailea herenegun hil zen, Donostian, 75 urterekin.

Etxebarria arte garaikideari eta musikari egon zen lotuta oso gaztetatik. Hala, 1980ko hamarkadaren hasieran, Donostiako Bideo Jaialdia sortu zuen, eta hamarraldi berean Euskal Rock Erradikaleko hainbat bideoren bilduma osatu zuen Gasteizko Musika eta Bideo Jaialdirako. Hain zuzen ere, bideo arteari lotuta egin zuen lan urte haietan, eta, besteak beste, Bill Viola eta Bob Wilsonen lanak ekarri zituen Euskal Herrira.

Bostongo (AEB) Contemporary Art Television Funden lan egin zuen, eta hainbat sortzaileren bideoak ekoitzi zituen —besteak beste, Laurie Anderson eta Tony Oursierrenak—. Gerora, Bordeleko (Frantzia) Arte Eskolako zuzendaria izan zen, eta Madrilgo Reina Sofia arte zentroan ere lan egin zuen.

2012an Bilboko Arte Ederren Museoan antolatutako Gaur Hemen Orain erakusketako komisarioa izan zen, eta 2013ko uztailean Donostia 2016 kultur hiriburutzako kultur zuzendari izendatu zuten. Ez zuen, baina, asko iraun postuan, Itziar Nogeras zuzendari nagusiak dimisioa eman ondoren Europako Kultur Hiriburutzaren Fundazioaren Patronatuak kargutik kendu baitzuen Etxebarria. Nogerasek berak adierazi zuen ez dela «egokitu» proiektura. «Kultura zuzendaritzaren soslaia ez zaie egokitzen 2016 proiektuaren ezaugarriei, eta hori arazo handia izan da azkeneko zazpi hilabeteetan», esan zuen Nogerasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.