Hezkuntza

Nekane Artola izango da Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Lehendakaria ez ezik, lehendakariordea eta idazkaria ere aldatuko dituzte: Erik Etxart eta Unai Mendizabal izango dira, hurrenez hurren. Kargu guztiak trantsiziozkoak izango dira; 2024ko ekainean erabakiko dituzte behin betikoak.

Nekane Artola eta Koldo Tellitu, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko ekainaren 13a
12:00
Entzun

Ikastolen Elkarteak joan den astean iragarri zuen Koldo Tellituk elkarteko lehendakari lanak utziko zituela, hamalau urteko ibilbidearen ostean. Atzo Artezkaritza Kontseilua bildu zen, eta bertan erabaki zuten nork hartuko duen lekukoa: Nekane Artola izango da aurrerantzean Ikastolen Elkarteko lehendakaria.

Artola Lezokoa (Gipuzkoa) da, 1975ean sortua. Ikastolen Elkarteko lehendakari lanak hartu aurretik, Kilometroak Kultur Erakundeko lehendakaria eta Ikastolen Elkarteko lehendakariordea izana da.

Artezkaritza Kontseiluko beste kargu batzuk ere berritu dituzte: Erik Etxart izango da lehendakariordea, Unai Mendizabal idazkaria, eta Elena Zabaleta eta Josune Bañales idazkariordeak. Lurraldetasun irizpidea kontuan hartuta hautatu dituzte. Izan ere, Pasaia-Lezo lizeoko ordezkaria da Artola, Bernart Etxepare lizeokoa Etxart, Armentia ikastolakoa Mendizabal, Baztan ikastolakoa Zabaleta, eta Kirikiño ikastolakoa Bañales. «Aukera ezin hobea da lurraldetasunaren ikuspegitik ikastolak gobernantza eredu demokratiko eta berdinzale baten baitan gidatzeko».

Karguak, baina, trantsiziozkoak izango dira; 2024ko ekainean egingo duten ikastolen VII. Batzarrean erabakiko dituzte luzera begirako izenak. Azaldu dutenez, Ikastolen Elkartea Bihar prozesuan murgilduta dago; hain zuzen, ikastolek datozen urteetan gizarteari egingo dioten ekarpena zehazteko erabiliko dute prozesu hori. Hor kokatu dute karguak trantsiziozkoak izateko erabakia. «Prozesu horren barruan irudikatzen dugu ikastolek artezkaritzako trantsizio egoera hau ere».Lanketa hori eginda, urtebete barru, luzera begirako kargudunak izendatuko dituzte batzarrean: «Ikastolek, hurrengo urteetako estrategia eta gakoak aurkezteaz gain, gobernantza demokratikoaren baitan, berau ahalbidetuko duten artezkaritza kontseiluko kargu gorenak ere izendatuko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.