Donostiako EH Bilduk ohar bidez adierazi berri du «irmoki» salatzen duela maiatzaren 27an Sorian (Espainia) Ion Aranburu donostiarrari egindako erasoa. Era berean, biktimari eta haren ingurukoei «babes osoa» helarazi diete, eta dagokien erakundeek gertatutakoa argitu dezatela eskatu dute. «Kasu honetan zerikusia izan dezaketen erakunde publikoen aldetik ia inongo informaziorik jaso gabe jarraitzen dugu; inongo ikerketarik dagoen ere ez dakigu», gehitu dute.
Ikusi gehiago:«Katalanen aurkako faxisten eraso bat izan da, eta erdian euskaldun bat harrapatu dute»
Erasoa gaitzesteko eta biktimari babesa erakusteko, Donostiako Antigua auzoko bizilagunek elkarretaratzea eginen dute ostegunean 20:00etan, Gaskoinia plazan. EH Bilduk elkarretaratze horretan parte hartzeko deia egin du.
Numantzia-Cornella partidaren egunean gertatu zen erasoa, taberna baten aurrean. Hainbat ultraren artean jipoitu zuten gizona, eta, eragin zizkioten zaurien ondorioz, Burgosko (Espainia) ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean egon behar izan du, oso larri.