Lan gatazka

Lau urte eta zazpi hilabete arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte Tubacexeko auzipetuentzat

Ekainaren 15ean eta irailean epaituko dituzte Tubacexeko lan gatazkan atxilotutako langileak. Ertzaintzak izandako jokabidea salatu du langile batzordeak, eta protestak iragarri ditu auzipetu guztiei babesa emateko.

Tubacexeko auzipetuek, senide eta lagunek, langileek eta Erresistentzia Kutxako kideek gaur egunerdian egin duten agerraldia. MONIKA DEL VALLE, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko ekainaren 11
14:16
Entzun

Tubacexeko lan gatazkan auzipetuek eta horien senide eta lagunek Tubacex enpresako langile batzordearen eta Erresistentzia Kutxaren babesarekin jakinarazi dutenez, ekainaren 15ean eta irailean epaituko dituzte enpresa horretako lan gatazkagatik auzipetu dituzten langile gehienak. Lehen epaiketan – ostegunean, Gasteizen– Tubacexeko langile bat epaituko dute, eta 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute harentzat, 2021eko otsailaren 23an lantegi atarian izandako protesta batengatik. Langile batzordeak gogoratu du egun horretan ertzainen jarrera «orokorrean oso bortitza» izan bazen ere arratsaldean areagotu egin zela, «nahiz eta mobilizazioaren istiluak amaituta zeuden», eta orduan atxilotu zutela langile hori. Gaineratu du Ertzaintzak betirako lesioa eragin ziola besoan.

Iraileko epaiketan, Aiaraldeko beste enpresa batzuetako langileak epaituko dituzte, eta horietako bakoitzarentzat lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Beste bi langile ere epaiketaren zain daude, eta langile batzordeak salatu du espetxe zigor guztiak batuta hogei urte baino gehiagoko zigorra eskatu dutela langileentzat. Langile batzordeak azpimarratu du Tubacexeko langile direnen eta ez direnen arteko bereizteko egin duela fiskaltzak, baina leporatzen zaizkien gertaerak antzekoak direla. «Horien helburua da saltzea protestetan gertatutako istiluak grebarekin zerikusirik ez zuten herritarrek eragin zituztela, baina borroka honetan egondako presentzia arrotza bakarra Poliziarena da, tentsio tarte guztien erantzulearena».

Tubacexeko langileei elkartasuna adierazi zietenen kontrako «azpijoko poliziala» ere salatu du langile batzordeak gaur eguerdian egin duen agerraldian. Han bildutakoek nabarmendu dute jendea beldurtzea dela asmoa, eta gaineratu dute lan gatazketan langileek herritarren babesa ez jasotzea duela helburu epaiketak. Tubacexeko langile auzipetu guztien alde mobilizatuko direla iragarri dute, eta ostegun honetan hasiko dira: 09:30ean elkarretaratze bat egingo dute Gasteizeko auzitegiko atarian. Udan, gainerako auzipetuan aldeko mobilizazioak iragarriko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.