«Oraingoa sufrimendua gure larruan pairatu dugunon garaia da». Eva Roncerorenak dira hitzak. Nafarroako Mejorana elkarteko kidea da Roncero; dibertsitate mentala dutenen eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituztenen elkartea da. Harrotasun Eroaren Eguna ospatu zuten igandean, eta, besta eta aldarriak uztartuz, garbi utzi zuten euren giza eskubideak «egunero» urratzen dituen sistema aldatzeko garaia dela. «Sufrimendua gure larruan pairatu dugunok ari gara orain urratsak egiten, sufrimendu horri aurre egiteko bertzelako moduak garatzeko».
Botere harreman bat du oinarrian orain arteko eta egungo osasun mentaleko sistemak. Profesionalen esku dago boterea, eta dinamika hori da Mejoranak bazter utzi nahi duena, sistema «demokratizatzeko», eta, profesionalekin batera edota autogestioaren bidez, bide berriak egiteko. Beren historia idatzi nahi dute sufrimendua beren larruan pairatu dutenek.
Helburu hori izan du, hain zuzen, Mejoranak urtarriletik egin duen Eskubideak osasun mentalaren esparruan izenburuko formakuntzak. Parte hartzaileek hurrengo asteazkenekoa izanen dute azken saioa. Eva Roncerok gidatu du, sufrimendua pairatu duten horiei beren eskubideen inguruko informazioa eta eskubide horiek aldarrikatzeko tresnak emateko. «Berdinen arteko» formakuntza bat izan da, kolektiboa «ahalduntzeko», eta nor bere izenean mintzatzeko.
OME Osasunaren Mundu Erakundeak «buruko osasunari buruzko jarrerak, jarduerak eta planteamenduak eraldatzeko» beharra nabarmendu zuen 2022an. «Gizarteko pertsonarik pobreenek eta zaurgarrienek dute osasun mentaleko arazoak izateko arriskurik handiena, eta arazo horiei aurre egiteko zerbitzu egokiak jasotzeko aukera gutxien», erran zuten OMEko adituek, iazko ekainean argitaratutako txostenean.
«OMEk berak onartu du buruko gaitzak ez direla existitzen, sufrimendu psikosoziala existitzen dela», berretsi du Roncerok. Garbi du sufrimendu horrek lotura estua duela egungo sistema kapitalistak ezartzen dituen baldintzekin, eta, ondorioz, norberaren ahalduntzearekin batera, «ahalduntze kolektibo» bat behar dela aldarrikatu du. «Subjektu politikoak gara, eta gure eskubideen alde egin behar dugu».
Roncerorekin bat egin du Mejoranako kide Sandro Iabonik. Eskubideen inguruko formakuntzan parte hartu du, informazioa «funtsezkoa» dela uste duelako: «Diagnostiko bat ematen digutenean berean, botikak ematen dizkigute, baina ez digute ematen hartzen ari garen horri buruzko informaziorik; ez digute azaltzen zer eskubide dugun; oro har, diagnostiko bat jaso dugunon esperientzia traumatikoa da osasun mentaleko sisteman», salatu du.
«Bigarren mailako»
«Ustez lagundu behar gaituenak gure sufrimendua handitu bertzerik ez du egiten». Iabonik badaki zertaz ari den; Iruñeko ospitaleratze psikiatrikoko unitateak barrutik ezagutu ditu; ohera lotu dute. «Sartu nintzenean baino anitzez ere okerrago atera nintzen. Lotzeak ez gaitu laguntzen; bakartzeak ez gaitu laguntzen. Sistemak, dagoen bezala, ez gaitu laguntzen. Elektroshocka baliatzen dute, oraindik ere. Hori tortura da».
Beatrizek ere parte hartu du Roncerok zuzendutako formakuntzan. Iabonik bezala, barrutik ezagutzen ditu hiriburuko ospitaleratze psikiatrikoko unitateak. «Nire esperientzia ez da hain muturrekoa izan, baina egia da bigarren mailako pertsona bilakatzen zarela barruan. Nik ez nuen neure kabuz erabaki ospitaleratzea; ez zidaten ezetz errateko aukera eman. Barruan ikusi nuen jendea ez zutela ongi tratatzen; intimitaterako eskubidea ere ukatzen ziguten».
Beatrizek nahiago du abizena ez eman; halere, garbi erran du sufrimendua beren larruan pairatu duten bertze batzuekin bat egiteak lagundu egin diola «ahalduntzen». «Hasieran, gaizki pasatzen nuen, lotsatzen nintzelako gertatzen ari zitzaidanaz. Orain, ez».
Harrotasun Eroarena kolektiboko kideek bat egiteko egun bat da. Ospatu duen lehendabizikoa izan zen igandekoa Amaiarentzat. «Armairutik ateratzeko modu bat izan da. Ni baino handiagoa den talde bateko kide sentitzen naiz nire sufrimendua ezagutzen eta ulertzen dutenen artean; haien babesa sentitzen du».
Carmenek, berriz, onartu du «kostatu» egin zitzaiola igandeko manifestaziora joatea. «Ez naiz eroso sentitzen jende askoren artean». Parte hartu nahi izan zuen, halere, karrikan salatu nahi zuelako diagnostiko bat jaso izanak eskubideak kendu dizkiola. «Etiketa bat jarri zidaten, eta horrek bigarren mailako bilakatu ninduen. Aurkitu dut aurrera egiteko bidea, dena den».
Celia ere ari da bere bidea bilatzen, Mejoranako kideekin batera. «Zaila da. Gizarte honetan ez da erraza aurrera egitea diagnostiko bat ezartzen dizutenean. Niretzat, erronka bat izan da Harrotasun Eroan parte hartzea; naizen bezala agertu nahi izan dut, betikoa naizela ozen erran, ez baita deus aldatu».
Sandro Iabonik, Beatrizek, Amaiak, Carmenek eta Celiak bat egin dute Eva Roncerok gidatutako eskubideen inguruko saioetan. Eskertu dute ikastaroa sufrimendua bere larruan pairatu duen batek gidatu izana. Roncerok, hain zuzen, aldarrikatu egin nahi izan du sufrimendu hori ezagutzeak duen balioa: «Ni ez naiz profesionala, baina jakin-min handia dut; eta badut, batez ere, bizi izan dudanak eman didan ezagutza».
Ikastaroko parte hartzaileek eman diote duen balioa ezagutza horri. Berdinen arteko laguntza eta babesa, hain zuzen, «funtsezkotzat» jo dituzte Mejoranako kideek, eta esparru horretan ari dira bide egiten. Elkarri laguntzeko taldeak dituzte elkartean, eta, gainera, Lagun nazazu programa jarri dute martxan, Burgosko (Espainia) Unibertsitatearekin batera, sufrimendu psikosoziala izan dutenak trebatzeko, eta egoera berean direnak laguntzeko.
Egitezko zaintzailea
Elkarri laguntzea, informazioa partekatzea, eta denen eskubideak babestea. Hori da Mejoranak helburu duena. Ikastaroan horretan saiatu dira elkarteko kideak, hala nola ospitaleratzeen auzia jorratuz; osasun mentaleko sisteman direnek aurretiazko erabakien plangintza egiteko duten aukera landuz; eta legeak bortxaz artatu ez ditzaten eskaintzen dituen bideak ezagutuz.
Sufritzen ari denaren borondatea jarri nahi dute Mejoranako kideek erdigunean, sistemak borondate hori errespeta dezan. «Egungo sistemak kontrakoa egiten du; ia ospitaleratze guztiak dira sufritzen ari denaren gogoaren kontrakoak. Ospitalean zeure kabuz sartzen bazara ere, ezin zara atera nahi duzunean», azaldu du Roncerok.
Espainiako Kongresuak 2021ean egindako lege aldaketa batek bidea ematen du desgaitasunen bat dutenen borondatea betearazteko egitezko zaintzaile bat izendatzeko. «Osasun mentalaren esparruan hagitz garrantzitsua da. Aurretik zehazten ahal dugu krisiak jotzen bagaitu zer-nolako tratamendua jaso nahi dugun, ospitalean sartzea nahi ote dugun; ez lotzeko ere eskatzen ahal dugu, eta pertsona bat izendatu gure borondatea betearazteko», zehaztu du Roncerok. Oraingoz, sufritzen ari denaren borondatea jasotzen duen agiria ez da loteslea, eta psikiatren esku dago aintzat hartzea.
Bertzelako bideak jorratzen ari dira Mejoranako kideak; sufrimendua beren larruan pairatzen dutenen hitza errespetatuko duten bideak, eta indarkeria bazter utziko dutenak. Finlandiatik datorren elkarrizketa irekia da, hain zuzen, aurkitu dituzten tresnetako bat. «Ez da terapia mota bat; sufrimenduari aurre egiteko modu bat da», erran du Roncerok.
Elkarrizketa irekiaren bidez, harreman horizontalak bilatzen dituzte profesionalen eta sufritzen ari direnen artean, hain zuzen. «Zenbait profesional aritzen dira, elkarrekin; sufritzen ari denaren lagunek eta senideek ere parte hartzen dute. Dena hitz egiten da sufritzen ari denaren aurrean, eta harekin adosten dira egin beharreko urratsak», kontatu du Roncerok.
Elkarrizketa irekiaren bidean urratsak egiten segitu nahi dute Mejoranako kideek, osasun mentaleko sistemak ere bere egin dezan lan egiteko modu hori. Roncerok garbi du, gainera, sufrimendua beren larruan pairatzen dutenen ahalegina «funtsezkoa» dela sufrimendu horri aurre egiteko «bide berriak garatzeko». «Nik uste dut oraingoa trantsizio garai bat dela, eta ari garela urratsak egiten sistema aldatzeko; sufrimendua pairatu dugunok ari gara bide hori markatzen».