PSNren Nafarroako presidentegai Maria Txibitek argi azaldu zuen nortzuk nahi dituen koalizio gobernu batean: Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa. Negoziazioak hasiak ditu bi talde horiekin, baina, bien bitartean, gainerako alderdiekin ere bilduko da. Gaur goizean, UPNren txanda izan da, eta iragarri dute EH Bilduko kideekin ere elkartuko direla. Halere, Ramon Alzorriz sozialisten Antolaketa idazkariak adierazi du ez dutela gobernu akordiorik egingo ez batarekin, ez bestearekin.
Ordubete ere ez du iraun PSNko eta UPNko kideek Nafarroako Parlamentuan egindako bilerak, eta bien harremana indartzeko baino gehiago, elkarrengandik aldentzeko balio izan du; bai, behintzat, inbestidura bati begira. «Ez dago aukerarik UPNrekin akordiorik egiteko», zehaztu du Alzorrizek. Eta UPNko presidente Javier Esparzak erantzun du bileran ez dela «ustekabekorik» izan, PSNk berretsi baitie asmoa dutela Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin aurkezteko inbestidurara.
Ikusi gehiago:Ortuzarrek adierazi du Iriarteren proposamena ez dela «arrazoizkoa»
Hiruren artean, baina, ez dute gehiengo osorik, eta beharrezkoa lukete UPNren edo EH Bilduren abstentzioa gobernua osatzeko. Independentistak Nafarroako politikako «ekuazioetatik ateratzeko» eskatu die Esparzak sozialistei, baina adierazi du Txibitek ez duela bide hori jorratzeko asmorik, eta, beraz, «EH Bilduri esker» izan nahi duela berriz ere presidente: «PSNk ez du UPNz ezer jakin nahi, eta ez dago gure abstentzioa eskatzeko baldintzetan».
Kontrara, Alzorrizek UPNri kritikatu dio «inoiz izan ez denaren kexa etengabe» bilakatu izana bilkura, eta esan du «eskuina eta eskuin muturra» oposizioan utziko dituztela: «[UPN eta PSN] alderdi erabat antagonikoak gara gobernu bat aurrera eramateko».
PSNko ordezkariak EH Bildurekin ere bilduko dira, baina, Alzorrizen hitzetan, bertan ez da gobernu akordiorik jorratuko, ezta koalizioaren abstentzioa eskuratzeko ere: «Ez dugu gobernurako ezer negoziatuko EH Bildurekin, eta ez dugu gobernuarentzat ezer itunduko EH Bildurekin».
Iruñean, «alternatibak»
PSNko Antolaketa idazkariaren hitzetan, udaletan ere eskuina gobernuetara ez iristea da haien helburua, eta horretarako hitz egingo dute Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin. Halere, uko egin dio Iruñean EH Bilduko Joseba Asironen alde bozkatzeari: «Beste alternatiba bat bilatzen saiatuko gara, ez baitugu bozkatuko ez UPNren alde eta ez EH Bilduren alde». Alternatiba hori Elma Saiz hautagai sozialistak gidatu beharko lukeela uste du Alzorrizek, «gobernua osatzen duten alderdi progresisten arteko lehen indarra» zuzentzen duelako. Halere, azaldu du bestelako bide batzuk ere jorratuko dituztela.
Halere, EH Bilduko eledun Unai Urruzunoren hitzetan, Asironek izan beharko luke alkate, Txibitek Nafarroako Gobernuko presidente izan behar lukeen bezala. «Uste dugu herritarren mezua argia dela», esan du, eta zehaztu ez dutela bestelako hipotesirik buruan.
PSNk EH Bilduren hautagaitzak ez babesteak UPN eraman dezake gobernura beste zenbait udalerritan ere. Horietako bat da Eguesibar: UPNk lortu zuen boto gehien maiatzaren 28an, baina EH Bildu bigarren indarrak alkatetza bereganatu dezake nahiko babes eskuratuz gero. Horretarako, Geroa Bairen babesa izango du, koalizio hark ohar bidez adierazi duenez. Halere, Eguesibar Bizi plataformak ere hautagaitza propioa aurkeztuko zuela iragarri zuen aurreko astean. Talde hark EH Bilduren zinegotzi kopuru bera eskuratu du.