Urak harro daude oraindik Ertzaintzan. Atzo, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak esan zuen Ertzaintzako ERNE, ESAN, Euspel eta SIPE sindikatuak «beldurtu» dituela Ertzainak Borrokan-ek, eta negoziazio mahaitik altxatzera «behartu» zituela. Gaur, ordea, sindikatu horiek Erkorekari egotzi diote lau sindikatuak «ataka estuan» jarri izana, eta eskatu diote premiaz bilera bat egiteko. Gaineratu dute Ertzainak Borrokan-ek ez dauzkala beldurtuta.
Sindikatuek nabarmendu dute atzo Busturian (Bizkaia) Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak iraun bitartean egin zuten elkarretaratzea arrakastatsua izan zela, eta Erkorekari egotzi zion «sasi-egiak» esanez poliziak «tutelatu» nahi izatea.
Ertzainen eta Segurtasun Sailaren arteko liskarra Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatzeko atarian gertatzen ari da, baina Josu Bujanda ertzainburua ziur agertu da ertzainen «profesionaltasunaz eta konpromisoaz», eta ez du aurreikusten segurtasun arazorik egongo denik Tourrak Euskal Herria zeharkatzen duen egunetan.