Bilboko zenbait eragilek legez kanpoko kaleratzeen kontrako gida aurkeztu dute San Frantzisko auzoan. Joan den azaroan, Bilboko udaltzainek epailearen agindurik gabe egindako etxegabetze baten berri izan zuten eragile horiek, eta, geroztik, Zeuena biolentzia, geurea auzodefentsa goiburua duen kanpaina bat abiatua dute. Kanpaina horren beste urrats bat da orain plazaratu duten gida.
Eskuliburuan, hainbat gomendio bildu dituzte, euskaraz, gazteleraz, arabieraz, ingelesez eta frantsesez, jakiteko nola erreakzionatu Polizia etxegabetze bat egin nahian agertzen denean agindu judizialik gabe: «Egiaztatu dugu eskubideen berri izaten laguntzeko baliagarria dela, autodefentsarako tresna bat eta elkar babesteko modu bat». Gida ondu duten eragileen web orrietatik deskarga daiteke dokumentua; adibidez, Bilbo Zaharreko Xake gunearen orritik.