Kieveko agintarien arabera, 42.000 pertsonari eragingo die Kherson eskualdeko Nova Kakhovka hirian atzo Dnieper ibaiko presan gertatutako txikizioak. Errusiak partzialki okupatuta dauka eskualde hori, eta han ezarri duen buruzagi militarrak esan du 22.000-40.000 pertsona daudela katastrofearen eremuan. Uholdeak nozitzeko arriskuan daude. NBE Nazio Batuen Erakundearen giza laguntzarako arduradun Martin Griffithsek nabarmendu du egun batzuk pasatu arte ez dela jakingo zenbaterainokoa izan den benetan katastrofea. Errusiak eskualdean ezarritako administrazioak jakinarazi du zazpi pertsona daudela desagertuta, eta alarma egoera ezarri bere kontrolpeko eremuan. Kievek eta Moskuk elkarri egozten diote instalazioa lehergaiekin suntsitzea.
Eremu horretan, Dnieper ibaiaren ekialdeko ibarra Errusiak du kontrolpean —han zegoen presa—, eta mendebaldekoa, Ukrainak. Alde bakoitzeko agintariek emandako datuen arabera, mendebaldeko ibarretik 1.328 lagun ebakuatu zituzten atzo, eta ekialdekotik 900 bat. Volodimir Zelenskik atzo esan zuen arrisku eremuan dauden herritarrak aterako dituztela: 40.000 inguru. NBEk kalkulatu du hamasei bat mila pertsonak etxea galdu dutela jada. Aintzat hartu behar da gerraren ondorioz milaka lagunek ihes egin dutela handik azkeneko hilabeteetan. Errusiak jakinarazi du urak 35 zentimetro egin duela behera, atzoko mailarekin alderatuta. Ohiko mailarekin konparatuta, bost metro egin zuen gora atzo, Ukrainako iturri ofizialek zabaldu dutenez, eta, gaur, hango komunikabideek kaleratu dute uholdearen intentsitatea baretzen ari dela, baina datozen 20 orduetan beste metro bat egingo duela gora urak.
Eta borrokek ez dute etenik Khersonen. Izan ere, laguntza humanitarioa ematen dabilen AEBetako GKE gobernuz kanpoko erakunde batek Erresuma Batuko The Guardian egunkariari esan dionez, Errusiako indarrek artilleriarekin bonbardatu zuten atzo gauean eskualdeko hiriburua, izen berekoa. Khersongo gobernadore Oleksandr Prokudinek adierazi du zibil bat hil dela eraso horren ondorioz.
Ikusi gehiago: Dnieperko presa estrategiko bat txikitzea egotzi diote elkarri Ukrainak eta Errusiak
Presa suntsitzeak «ingurumenaren txikizio masibo bat» ekarriko du, Zelenskik atzo gauean azpimarratu zuenez. Nekazaritza Ministerioak ohartarazi du 500.000 hektarea «basamortu» bihurtuko direla. Ukrainako agintariek esan dute gertatutakoak ez diola eragingo herrialdeko argindar sareari —Azpiegitura Ministerioak iragarri du instalazio bat sortuko dutela eremu hartara ur edangarria eramateko—, baina estatuburuak gogorarazi zuen presa ezinbestekoa zela Krimeako penintsula urez hornitzeko —Errusiak 2014an anexionatu zuen Krimea—. Eta Ukrainako presidenteak nabarmendu nahi izan zuen, bide batez, gertatutakoa ez dela «oztopo» izango iragartzen ari diren kontraerasorako.
Horren harira, Sergei Xoiguk Errusiako Defentsa ministroak adierazi du Ukrainak presa txikitu duela Errusiako indarren erasoa eteteko. Eta, gerora, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du, Recep Tayyip Erdogan Turkiakoarekin izan duen telefono dei batean, suntsiketa hori «eskala handiko ingurumen eta giza hondamendi bat» dela; gainera, Kievi «ekintza anker bat» egin izana leporatu dio.
AEBetako think tank batek, ISW Gerra Ikertzeko Institutuak, gertatutakoari buruzko txosten bat kaleratu du, eta nabarmendu Dnieperren beheko arroa itotzeko «interes handiagoa eta argiagoa» duela Errusiak, nahiz eta horrek «kalte egin diezaiokeen» haren defentsa posizioari. Gerra frontean zer gertatzen den aztertzen du think tank horrek, eta uste du Errusiak uholdea baliatu dezakeela Ukrainaren kontraeraso ahaleginak zailtzeko. Izan ere, txostenean jaso du «Errusiako iturriak» kezkatuta zeudela, Ukrainako indarrak prestatzen ari zirelako ibaia zeharkatzeko eta ekialdeko ibarrari eraso egiteko. Errusiak Khersonen ezarritako gobernadore Vladimir Soldok esan du gertatutakoak militarki «mesede» egiten diela.
Erasoak Errusian
Kokaguneagatik, garrantzi estrategikoa du presak. 230 kilometro da luze, eta, ipar-ekialdera eginez, Zaporizhia hiriraino iristen da. Handik 80 bat kilometrora dago, hain zuzen, Zaporizhiako zentral nuklearra, Europako handiena, eta pilatutako ur hori ezinbestekoa da zentraleko erreaktoreak hozteko. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak lasaitasun mezu bat eman du, eta esan zentrala ez dagoela arriskuan.
Bestalde, Errusiako iturri ofizialek adierazi dute Ukrainarekin muga egiten duten bi eskualderi eraso egin dietela Ukrainako indarrek. Kursken bi herri argindarrik gabe daude, energia azpiegitura bat lehergaiekin suntsitu dutelako. Eta Belgoroden salatu dute aire erasoak egon direla. Ez da biktimarik egon. Bigarren eskualde horretan ia hiru aste daramatzate borrokan Errusiako indarrek eta Kremlinen kontra ari direla dioten erbesteratu errusiarrez osatutako bi miliziak. Kievek ukatu egiten du erasoekin zerikusia duela.