Emakumeari lekuz kanpoko iruzkinak egitea. Salaketa jasotzeari uko egitea. Biktima presiopean jartzea, deklarazioa alda dezan. Babes agindua tramitatu nahi ez izatea. Indarkeria matxista molderen bat salatzen duten emakumeek polizia-etxeetan jasaten duten tratu desegokia kezka iturri da aspalditik biktima taldeen eta eragile feministen artean. Bada, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ere jaso ditu ertzainen jarrera desegokien inguruko kexak, eta arau-hausteak izan direla onartu du barne prozesuetan. Are, ebazpenetako batek gogora ekarri du Ertzaintzaren araudietan nabarmentzen dela bortizkeria matxistarekin lotutako salaketetan «tentuz» artatu behar direla biktimak, «baita enpatiaz jokatu ere». EAEko Arartekoak ere kezka agertu du gaiarekin; gaur bertan argitaratutako ebazpen batean, biktimekin ari diren ertzainek «enpatiaz» jarduteko neurriak eskatu ditu.
Ikusi gehiago:Erkorekaren arabera, «erakundeen arteko komunikazio hutsegite batzuek» eragin zuten Mazonen babes falta
Bilboko bi ertzain-etxetan sexu eraso bat salatzera joandako emakume baten kexaren harira egin du eskaera Arartekoak. Iazko udan izan zen; biktimak jakinarazi du lehen komisarian ez zegoela emakumezko poliziarik, eta «pribatutasuna eskatu behar» izan zuela, itxaron gelan artatu zutelako, jendaurrean. Gainera, nabarmendu du ertzainetako bat «aurkakotasunez» mintzatu zitzaiola, «larderiaz», «jarrera penagarriarekin», eta harekiko harremanean «indarkeria pairatu» zuela, bai birbiktimizazioaren ondorioz, bai jatorriagatiko diskriminazioaren ondorioz.
«Praxi okertzat» jo du hori guztia Arartekoak. Gogora ekarri du halako egoeretan ertzainen «eginbeharra» dela «tratu egokia eta arretazkoa» ematea eta «enpatiaz jardutea», eta horrek dakarrela «ulerbera jokatzea, aktiboki entzutea, errurik edo epairik ez egitea eta formei arreta berezia eskaintzea», horrela «apalgarri, errespetugabe edo diskriminatzailetzat har daitezkeen iruzkinak eta jarrerak saihesteko». Biktimaren inguruan «segurtasun klima bat» eratzea ere ezinbesteko jo du, baita pribatutasuna zaintzea ere. Hala, «neurri espezifikoak» galdegin ditu, biktimak artatzen dituzten poliziak «sentsibilitatez eta enpatiaz» jardun daitezen: «Sentsibilizazio neurriak indartzea komeni da, haien funtzioak egoki kudea ditzaten eta duintasunezko traturako eskubidea errespeta dezaten».
Hala ere, salatutako gertaeren inguruko balorazio bat egin ezin izatea deitoratu du Arartekoak. Izan ere, Segurtasun Sailak ez dio bidali erakundeak eskatutako dokumentazio guztia; esaterako, ertzainen arduradunak biktimaren kexa aztertu zuen, eta ukatu egin zuen tratu desegokia izan zenik, baina ondorio horretara iristeko erabilitako informazioa ez zion igorri Arartekoari. «Erakunde honek bere funtzioak normaltasunez betetzea oztopatzen dute halako erantzunek, eta erakunde honetara jotzen duten pertsonen eskubideak nabarmen kaltetzen ditu», ondorioztatu du Manuel Lezertua buru duen bulegoak.
Diziplina txostenak
Hala ere, Segurtasun Sailak badu halako jokabideen berri. Azken hiru urteetan Ertzaintzako kideen aurka ebatzitako diziplina txostenei buruz EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean egindako informazio eskaeraren ondorioz jasotako agirietan ikus daiteke. Gutxienez hiru ertzain zigortu dituzte, baina kasu bakarrean aitortu dute arau-hauste larria, Basaurin (Bizkaia) 2022 hasieran izandako gertaera batzuen harira: emakume bat kalean jasandako jazarpena eta sexu erasoa salatzera joan zenean, ertzain batek esan zion ezin zuela salaketa jarri, horretarako erasoa gertatu eta berehala joan behar zelako polizia-etxera, eta erasotzailea identifikatu; are, biktimaren eta harekin joandako lagunaren datuak ere ez zituen hartu.
Gertaera hura sare sozialetan salatu zuen emakumeak, eta ondorioz, herriko talde feministak protestara deitu zuen, baina gainera, antzeko beste kasu bat ere izan zela jakin zuten. Udaltzainen laguntzaz andrazkoa identifikatu ostean, barkamena eskatu zioten Ertzaintzatik. Artatu ez zuen poliziari, berriz, hilabeteko funtziogabetzea ezarri zioten, batetik, «errendimendu falta batengatik», salatzailea ez identifikatzeagatik, gutxieneko ikerketa bat ez abiatzeagatik, eta hala, biktimari kaltea eragiteagatik; eta bestetik, Ertzaintzaren «profesionaltasun irudia» ere mintzeagatik.
Beste bi kasutan, arau-hauste arina ezarri zaie ertzainei. Lehen gertaera Durangoko (Bizkaia) ertzain etxean izan zen, 2020 hasieran. Emakume bat bikotekide ohiaren aurkako salaketa jartzera joan zen, genero indarkeriagatik, baita babes neurriak eskatzera ere. Artatu zuen ertzainak, ordea, uko egin zion babes neurrien eskaera tramitatzeari, «lesio fisikorik ez» zegoela argudiatuta. Emakumearekin joandako senideei ere «lekuz kanpoko» iruzkinak egin zizkien ertzainak, ebazpenak onartu duenez.
Azkenean, babes agindua eskatu gabe atera ziren ertzain-etxetik, baina egun berean bueltatu ziren, neurriok berriro eskatzeko. Ertzainak ezezkoa eman zien berriz, baina orduko hartan salatzailearen senideak galdegin zion idatziz adieraztea ez zuela eskaera bideratuko. Soilik orduan onartu zuen ertzainak tramitea egitea. Salatzailearen kexaren ondorioz, arau-hauste arin bat egotzi zioten poliziari, eta lau egunez eginkizunetatik kendu zuten.
«Iraungita»
Beste espedientea Irungo (Gipuzkoa) ertzain bati dagokio, 2022ko udaberrian jazotako gertakari batzuengatik, «egin beharreko funtzioak betetzean atzerapena eta zabarkeria» leporatuta. Orduko hartan ere, emakume bat komisariara joan zen bikotekidearen aurka genero indarkeriagatik salaketa jartzera; galdera batzuk egin ondoren, poliziak adierazi zion beste egiteko batzuk zituela, eta salaketa beste egun batean tramitatuko ziola, astebeteren buruan. Andreak Irungo Guardiako Epaitegira jo zuen, komisarian gertatutakoa salatzeko, eta epaileak ertzain-etxeari agindu zion atestatua 24 orduko epean tramitatzea; hala egin zuten komisarian biharamunean.
Salaketa jarri zuen emakumeak, bestalde, adierazi zuen «iruzkin desegokiak» egin zizkiola ertzainak berari ere; besteak beste, urteetako harremanaren ondoren «normala» zela «harremana hondatzea» edo ea senarra maite al zuen. Segurtasun Sailak ebatzi zuen bere funtzioak «atzerapenez eta zabarkeriz» bete zituela ertzainak, eta «enpatia falta» izan zuela emakumearekin. Hutsegite arin gisa hartu zuten jokabide hori, baina auzia hilabetera baino gehiagora ebatzi zutenez, ordurako iraungita zegoen hutsegitea, eta zigorrik gabe geratu zen polizia. Edonola ere, EAEko Poliziaren Legearen 25. artikulua aipatu zuen ebazpenak: Ertzaintzak herritarrekin «tratu ona» izateaz gain, «enpatiaz» jokatu behar du.
Arartekoaren eskaerak
Agiriotan ageri diren jarrerak gaitzesten dituen beste ebazpen bat ere osatu zuen Arartekoak otsailean. Ertzaintzari eskatu zion «indarrean den legedira egokitzea», eta «salaketa aurkezteko asmoa» duten herritarrak horretara bultzatzea, «bereziki sexu eraso delituen biktima direnean».
Arartekoaren bulegora iritsitako kexa batekin lotuta egin zituen eskaerok. 15 urteko neska baten gurasoek jarri zuten, 2021eko udan sexu eraso bat salatu zutenean jasandako tratuarekin lotuta. Kexaren arabera, adingabea, deklaratzean, «negarrez eta izututa» zegoen, baina ertzainek «tonu ez enpatikoa eta ahots altxatua» erabili zuten. Arartekoak dio «zalantzan» jarri zutela adingabearen kontakizunaren egiazkotasuna: «Ertzainek behin eta berriro jakinarazi zioten gazteari gezurra esatea delitua zela eta horrek izango zituen ondorioen berri eman zioten».
Arartekoak Segurtasun Sailari eskatu zion gertatutakoari buruzko informazioa, eta sailak adierazi zuen ertzainen jarduna «egokia eta errespetuzkoa» izan zela, eta «biktimaren adinarekin bat zetorren hizkera egokia» erabili zutela. Hala ere, neskaren gurasoei bestelako azalpena helarazi zion Ertzaintzako Barne Arazoetako Buruzagitzak: artatu zituzten poliziei «herritarrekiko zuzentasunik eza» leporatu zieten, baina, berriro, hutsegite «arina» jada «preskribatuta» zegoen; beraz, ertzainen «diziplina erantzukizuna iraungi» egin zen.