Hilketa matxista

Erkorekaren arabera, «erakundeen arteko komunikazio hutsegite batzuek» eragin zuten Mazonen babes falta

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aitortu du erakundeak ez direla «gauza izan» Gasteizen hildako emakumearen bizia bermatzeko eta babesteko.

Ertzaintza, Maialen Mazon hil zuten apartamentu hotelaren sarreran. ENDIKA PORTILLO, FOKU
jone arruabarrena
2023ko ekainaren 6a
16:33
Entzun

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak hitza hartu du gaurko gobernu bileraren osteko agerraldian, eta xehetasunak eman ditu Ertzaintzak Gasteizko hilketaren aurretik izandako jokabideaz. «Ez da erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea», esan zuen maiatzaren 28an eraildako Maialen Mazonen kasuari buruz. Gaur, ordea, aitortu du erakundeak ez direla «gauza izan» Mazonen bizitza bermatzeko eta babesteko. Gainera, zehaztu du «erakundeen arteko komunikazioan izandako huts batzuen ondorioz» sortu zela babesgabetasun hori.

Ikusi gehiago:Arartekoak neurriak eskatu ditu, andreekin diharduten ertzainak enpatiaz aritzeko

Horrez gain, adierazi du Ertzaintzak indarkeria matxista pairatu duten emakumeen arrisku maila neurtzeko erabiltzen duen sistema —EBA deritzona— «berrikusteko» lanetan dabiltzala, baina berrikusketa hori Mazonen hilketaren «aurretik» hasi zutela zehaztu du, ebaluazio protokolo hori berritzeko «beharra» ikusi zutelako. Azaldu du EHUrekin batera diseinatu zutela sistema, eta orain ere unibertsitatearekin batera ari direla berrikuspen lan hori egiten.

Gasteiztarra izanik ere, orain gutxi arte Valentzian (Herrialde Katalanak) bizi izan zen Mazon, eta han, indarkeria matxistaren aurka, «muturreko arriskuko» babesa ezarria zioten. Mazonengandik urruntzeko agindua zuen haren erasotzaileak ere. Ertzaintzak bazekien emakumea Gasteizen zegoenean gizonak agindu hori gutxienez bi aldiz urratu zuela, baina, Segurtasun sailburuaren arabera, biktimak poliziei esan zien ez zuela bere burua arriskuan ikusten, eta bikotekidearen aurkako salaketa kendu nahian zebilela. Beraz, indarkeria matxistaren kasuez arduratzen den epaitegira atestatu bat bidaltzea erabaki zuen Ertzaintzak.

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, ordea, ezartzen du derrigorrezkoa dela gizona atxilotzea urruntze agindua urratzen badu, epaileak hala agintzen duenean behintzat. Maiatzaren 28an aurkitu zuten Maialen Mazonen gorpua, Gasteizko apartamentu hotel batean. Indarkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako bigarren emakumea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.