Etxegarai Frantziako Senaturako bozetara aurkeztu edo ez pentsatzen ari da

«Eskari eta proposamen ugari» jaso dituela esan du. Senatari bihurtuko balitz, Baionako auzapez eta Elkargoko lehendakari izateari utzi beharko lioke.

Etxegarai, duela urtebete, Frantziako Asanblea Nazionalerako botoak zenbatzen. GUILLAUME FAUVEAU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko ekainaren 6a
11:48
Entzun

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak adierazi du hausnartzen ari dela Frantziako Senaturako hauteskundeetara aurkeztu edo ez. Sud Ouest egunkariari esan dionez, «eskari eta proposamen ugari» jaso ditu bozetara aurkezteko: «Erabaki bat hartu behar dut, eta azkar hartuko dut». Izan ere, irailaren 24an egingo dituzte Frantziako goi ganberarako hauteskundeak.

Etxegaraik aurkeztea erabakiko balu, Baionako auzapez izateari utzi beharko lioke, baita Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izateari ere. Horregatik, Etxegaraik aitortu du «dilema moral bat» duela, «politikoa baino gehiago». Frantziako parlamentariek ezin dute kargurik izan tokiko erakundeetan, legeak hala behartuta.

Pirinio Atlantikoetako departamentuari hiru senatari dagozkio, eta horietako bat izan liteke Etxegarai, bozetara aurkeztuko balitz. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Renaissance alderditik gertu dago Etxegarai, baina ez du zehaztu haren proposamenik jaso duen edo ez. «Ez nintzakete izango bere lurraldetik urrunen dagoen parlamentaria», esan dio Sud Ouest-i.

EH Bai, bestalde, Senaturako hauteskundeetarako ezkerreko aliantza bat osatzearen alde azaldu zen atzo. Hautetsi abertzale bat Senatura bidali, eta «proiektu politiko abertzale, ezkertiar, ekologista eta feminista» indartu nahi dute. Hortaz, «begi onez» ikusi dute Alderdi Sozialistako kide Frederique Espagnacek egindako proposamena, zerrenda bat osatu eta han hautagai abertzale baten parte hartzea bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.