UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

Atzera ere EAJk gobernatuko du Guardian

Raul Garcia alkategai jeltzaleak ziurtatu du hautagaitza aurkeztuko duela, eta EH Bilduk babestu egingo du. PPk irabazi zuen herri horretan.

jon olano
2023ko ekainaren 6a
11:36
Entzun

EAJk jarraituko du Guardiako alkatetzan (Araba). Raul Garcia Ezkerro alkate eta alkategai jeltzaleak jakinarazi du hautagaitza aurkeztuko duela atzera ere alkate izateko. Ekainaren 17an osatuko dituzte udalak eta aukeratuko alkateak, eta, Arabako Errioxako herri horretan, PP izan zen lehen indarra.

Garciak azaldu du EAJk eta EH Bilduk gehiengo «zabal» bat dutela herrian, eta, beraz, horixe dela gobernua osatzeko aukerarik «demokratikoena». PPk 345 boto eta lau zinegotzi eskuratu zituen maiatzaren 28an; EAJk, 332 boto eta hiru zinegotzi; eta EH Bilduk, 168 boto eta bi zinegotzi. PSE-EEk galdu egin zuen udalean zuen ordezkari bakarra.

Garciak EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin gobernatu du lau urtez, eta ez du «zalantzarik» EAJko zuzendaritzak hautagaitza aurkezteko erabakia babesten duela. Gainera, gogorarazi du emaitza «historikoak» lortu dituztela: «Gehien hazi den alderdia da, lehen indarrarekin berdinketa teknikoa erdietsita».

Oraingoan ere EH Bilduren babesa bermatua dauka Garciak. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu zuen indar subiranistak bere botoak emango zituela PP ahalik eta erakunde gehienetatik kentzeko.

PP, haserre

Halere, ez dago argi Garciaren mugimenduak bere alderdiaren babesa izango duen. Izan ere, Iñaki Oiartzabal PPko Arabako buruzagi eta diputatugai nagusiak azaldu duenez, EAJkoek esan diote oraindik ez dutela erabaki Guardian alkategaia aurkeztuko duten. Oiartzabalek esan du PP «prest» dagoela udal eta foru gobernuetan sartzeko, baina hori gertatzen ez bada, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuek «eskuak lotuta» edukiko dituztela: «Soilik EAJk eta PSE-EEk osatzen badute, gobernua desegonkorra eta ahula izango da».

Euskal erakundeetako aulki jokoari begira daude Madrildik ere; Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu udalak eta foru aldundiak PPren botoei esker «banatzeagatik» baina haiek «aintzat hartu gabe». Onda Ceron eginiko elkarrizketa batean, esan du bi alderdien jokabidea ez dela egokia: «Euskadin zerbait egin dugu; aberriaren aldekoa dena, nik uste; guk ez dugu Bilduren gobernurik ahalbidetuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.