Palestinako Presoen Batzordeak iragarri du atxiloaldi administratiboan dauden presoek gose greba mugagabea hasiko dutela ekainaren 18an, Askatasuna, iraultza, atxiloketa administratiboaren aurkako intifada lelopean. «Atxiloaldi administratiboan dauden presoek hasiera emango diote atxilotze administratiboari aurre egiteko proiektu nazional bati, non preso guztiek parte hartuko duten, bandera palestinarraren babesean», azaldu du batzordeak, Al Quds Palestinako egunkariak jasotako ohar batean.
Batzordearen eskaera nagusia da Israelek nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea eta Israelgo kartzeletako atxiloketa administratiboaren erregimena amaitzea. Neurri horren bitartez, agintariek «terrorista susmagarritzat» jotzen dituzten palestinarrak hiru eta sei hilabete bitartean espetxeratuta edukitzen dituzte, epaiketarik egin gabe. Praktikan, epaiketarik gabeko atxiloketa mugagabea da.
Horrez gain, presoek Palestinako Aginte Nazionalari galdegin diote haien alde engaiatzea, aferan presioa eragin dezaketen bide diplomatiko guztiak erabiltzeko eta auzia «lehentasun nazional» gisa hartzeko, herritarren babesarekin batera. Addemeer Palestinako presoen eskubideen aldeko elkartea arabera, 4.900 preso daude egun Israelgo kartzeletan, tartean 155 adingabe eta 32 emakume. Horietatik guztietatik 1.014 atxiloaldi administratiboan dauden palestinarrak dira.
«Alderdiek, erresistentziak, erakundeek, gizarteak eta gure herri osoak babestu behar dute haien kausa, gose greba; altxamendu baten bidez, herriko plazak betez, okupazioari aurre eginez eta segurtasun sare bat eratuz», aldarrikatu du batzordeak.
Gainera, atzerrian bizi diren palestinarrei ere dei egin die protesta horretan parte har dezaten; besteak beste, «etsaien enbaxaden» aurrean elkarretaratzeak eginez, elkartasuna adierazteko eta Europako erakunde eta parlamentu guztietara jotzeko, Israelek eskaerak bete ditzan.