PILOTA

Aitor Elordik ametsetan jarraitzen du

Duela bi hilabete binakakoan egin bezala, buruz buruko nagusia jokatu duen lehen aldian irabazi du txapela Aspeko aurrelari mallabitarrak. Inork ez du halakorik egin orain arte.

Aitor Elordi, txapelarekin eta koparekin, gaur, Mallabian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 5a
18:05
Entzun

Duela zortzi hilabete eskas, jaialdietako hirugarren partidak jokatzen ari zen Aitor Elordi (Mallabia, Bizkaia, 1996); telebistan ia inoiz ematen ez dituzten horiek. Ohituta zegoen itzalpean aritzera, eta bazekien kinka larrian sentitzea zer zen. Baina sekula ez zuen etsi: sinetsita zegoen eguneroko lan gogorrak saria izango zuela noizbait.

Sinetsi eta gertatu. Baina ametsik ederrenean ere ez zuen irudikatuko azkeneko zortzi hilabeteetan egiten ari den bidearen parekorik. Lau eta erdikoan eman zuen lehen abisua, hirugarren sailkatuta, eta hura txiki-txiki geratu da gerora. Bi txapel irabazi ditu bi hilabetean: apirilean, binakakoa, Jose Javier Zabaletarekin; eta igandean, buruz burukoa, Jokin Altunari 22-18 nagusituta.

Ikusi gehiago. Ibai Zabala Gandarias: Langile klasearen txapela

Juan Martinez de Irujok jarri zion txapela buruan Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Hain zuzen ere, hura izan zen urte berean buruz burukoa eta binakakoa irabazi zituen azkena: 2014an. Baina Elordik txiki utzi du marka bikain hori ere, aurreneko aldiz parte hartzean jantzi baitu txapela bi horietan. Inork ez du halakorik egin orain arte. Aspaldiko ustea indartu du: luzarorako etorri dela, luzarorako eta gorenean aritzeko.

Pilotak beste izar bat du. Su azkarrean egin diren beste batzuen aldean, su txikian egin da Aspeko aurrelari mallabitarra, bakoitzak bere denbora behar baitu, eta, halakoetan, pazientzia izan beharra baitago, eta presarik gabe jokatu; bestela, arriskua dago osagai onak dituen jakia erretzeko. Pilota enpresek badute zer ikasia. Irakaspen ederra da Elordik egindakoa.

Lan gogorraren ordaina

Mallabitarrak ametsa hitza aipatu du behin eta berriro azkenaldian. Beste horrenbeste egin zuen txapela lortu berritan: «Ametsa egia bilakatu dut». Eta horri eutsi dio gaur, txapeldunak egin ohi duen prentsaurrekoan. Jaioterrian egin du, udaletxean, ordu batzuk lehenago jendez lepo bete zen frontoiaren ondoan.

Elordik atzera egin du, egun bizi duen garai ederra azaltzeko. «Zazpi urte daramatzat profesionaletan, eta beherakada txikiak izan ditut, eta garai kritikoak pasatu. Halakoak bizi izanak mesede egin dit. Finalean ez nuen ezer galtzeko; galdu izan banu ere, oso pozik egongo nintzen. Dena ematea eta une oro gozatzea zen helburua, eta bete-betean asmatu nuen horrela jokatuta. Baita 12-8 galtzen ari nintzela arriskatu eta aurrepausoa emanda ere. Horri esker iritsi naiz hona. Horregatik ematen diot sekulako balioa lortu dudanari».

Nabarmendu duenez, debuta egin zuenetik «gogor lan egitea eta entrenatzea» besterik ez du izan buruan. «Lortu dudan guztia lanaren ondorioa izan da. Hasieran, egunetik egunera hobea izateko egiten nuen lan; aurrerapausoak eman ahala, ametsak ere handiagoak izan dira. Zorionez, azkenaldian, ametsak betetzen ari naiz. Oso pozik nago».

Elordik badaki aurrerantzean «oso goian» jarriko diotela langa, emaitza bikainak lortu eta gero. «Urteaz gozatu nahi dut, eta mailari eutsi. Badakit mailari eutsita ere ez dudala beti txapela irabaziko, aurkariek ere asko jokatzen baitute, eta haiek ere gora egin baitezakete. Orain arte bezala jarraitu behar dut: egunero gogor lan egiten».

«Ilusio handia» egiten dio urtebetez elastiko gorria eramateak, baina badaki horrek «presioa» eragingo diola. «Hauek dira aste politenak, txapeldun izan osteko aurrenekoak, baina badakit elastiko gorria eramateak abantailak eta desabantailak dituela; presioa eragingo dit. Gaztea naiz oraindik, baina heldua naiz, eta oso ondo dakit nondik natorren eta non nagoen. Horrek lagundu egingo dit datorrena kudeatzen».

«Atseden» hartu nahi du orain, «fisikoki eta psikologikoki», eta lortu duena «barneratu». Txapelduna izanda, espero du «uda gogorra» izatea, partida askokoa. «Ez da erraza izango beti ondo aritzea, baina saiatuko naiz».

Martxoan bukatuko zaio kontratua Asperekin, eta uste du «merezi» duela hitzarmen hobeago bat. «Nire eskuetan zegoena eman eta erakutsi dut. Orain, enpresak erabaki behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.