Ostalaritza

Propinak, AEBetako esklabo ohiei ez ordaintzeko

XIX. mendearen amaieran hedatu zen propina AEBetara. Orduko 2,12 dolarrekoa da egun ostalaritzako langileen gutxieneko soldata

Kartelean idatzita 'zerbitzari bila', AEBetako jatetxe batean. ETIENNE LAURENT / EFE
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 2a
17:40
Entzun

Leku batzuetan kortesiazko keinua dena derrigor ordaindu beharreko tasa da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Legeak horretara behartzen ez duen arren, bezeroek %15 eta %20 arteko propinak utzi ohi dituzte, batez ere, ostalaritzan. Halere, propinak ez ziren han sortu, Ingalaterran baizik, Erdi Aroaren azken kondarretan.

Ekintzak berak latinezko propinare (edaten eman) aditzan du jatorria. Eta aditz hori, berriz, grezierazko propinein hitzetik dator, zeinak edan baino lehen esan nahi duen. XVI. mendearen inguruan hasi ziren goi klasekoak beste etxeetako zerbitzariei eta morroiei txanponak ematen, haien egonaldian jasotako arreta eta tratua saritzeko. Diru horri propina deitu eta berehala hedatu zen munduko beste bazterretara.

Ikusi gehiago:Propinak: zergatik, nola eta norentzat

XIX. mendearen bukaeran iritsi ziren AEBetara. Garai hartan iritsi zen, halaber, esklabotzaren amaiera. 1870. urtetik aurrera hasi ziren esklabo ohiak lanean —AEBetako lan merkatuan, alegia—, baina lanpostu batzuetan baino ezin zezaketen lan egin; morroiak, zerbitzariak, bizarginak eta trenbideko zamariak ziren ia denak, eta propinak baliatu zituzten haien lana ordaintzeko, ostalaritzan lan egiten zutenei ordaintzeko, batez ere.

Horiek hala, langile mugimenduak lan baldintzak hobetzeko urratsak egiten zituen bitartean, denboran izoztuta nola, hala gelditu ziren jatetxeetako eta tabernetako zerbitzarien soldatak. Izan ere, esklabo ohiak eta emakumeak ziren ostalaritzan lan egiten zuten gehienak —ikerketa baten arabera, gaur egun ere emakumeak dira AEBetako zerbitzari guztien ia bi heren—.

Lanbideen arteko soldaten desoreka hori are nabarmenagoa egin zen 1968an. Garai hartan jarri baitzuten lehenbizikoz indarrean gutxieneko soldata, baina itunetik kanpo utzi zituzten ostalaritzako langileak.

Oraindik propinen menpe

Egun, beste sektore gehienetan ezarritakoa baino lau aldiz txikiagoa da AEBetako ostalaritzako langileen gutxieneko soldata. Gutxienez orduko 2,12 dolar irabazten dute; gainontzeko lanbide ia guztietakoek, berriz, 8,50 dolar —eta 9,50 dolarrera igoko dute uztailean—. Gutxieneko soldata horiek AEBetako Gobernu Federalak ezarri zituen, baina estatu bakoitzak eskumena du horiek horrela mantentzeko edo igotzeko.

Hain justu, bigarren aukeraren alde egin dute zazpi estatuk azken hilabeteotan: Alaskak, Kaliforniak, Minnesotak, Montanak, Nevadak, Oregonek eta Washingtonek. Halere, badago aldea estatu batetik bestera. Alabaman orduko 7,25 dolarretik gora irabazten dute jatetxeetako zerbitzariek. Kalifornian, berriz, hori halako bi: 15 dolarretik gora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.