Ostalaritza

Propinak: zergatik, nola eta norentzat

Zer ematen dio propinak langileari, eta zer kentzen dio?  

Pertsona bat propinen potoan txanpon bat sartzen. BERRIA
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 2a
17:35
Entzun

Urtebetetze bazkariko azken kondarrak. Ebakia edan, eta kontua eskatu. Ez da kopuru txikia ordaindu beharrekoa, baina zerbitzaria fin aritu da. Bi, bost, hamar? Gutxiegi izango da, ala gehiegi? Zenbateko propina eman, horixe izaten da galdera askotan, eta ez da erraza asmatzen.

Ostalaritzan —eta beste zenbait lanbidetan— ohikoa da bezeroek langilearen jarduna saritzea. Halere, sari guztiak ez dira berdinak. «Propina asko uzten duen jendea dago, baina baita oso gutxi edo ezer uzten ez duena ere», dio Suharri (Hernani) jatetxeko nagusi Alberto Rodriguezek. Salbuespenak salbuespen, bezeroaren jatorriaren araberakoak dira propinak: «Atzerriko bezeroek hemengoek baino propina handiagoak uzten dituzte. Euskal Herrian bizi denak, batez beste, 50 zentimo uzten baditu, atzerritik datorrenak 4 euro inguru utziko ditu».

Suharriko langileek sukaldeko txokoan dagoen poto batean gordetzen dituzte txanpon eta billete estra guztiak. Eta, ondoren, beren artean banatzen dituzte. Baina gero eta txanpon gutxiago banatu behar dituzte, bezeroek gero eta propina txikiagoak —edo bat ere ez— ematen dituztela azpimarratu baitu Rodriguezek. Motiboen artean, hauexek: ia produktu guztien garestitzea eta krisia.

Baina bada aintzat hartu beharreko hirugarren eragile bat: ordainketa elektronikoak. «Jendeak ez du eskua poltsikoan sartzen. Asko handitu da txartelaren erabilera. Ez dago kanbiorik, eta, kanbiorik ez dagoenez, ez dago propinarik», adierazi du jatetxeko nagusiak.

Propinak, digitalean

Besteak beste, COVID-19aren pandemiak eman zion bultzada ordainketa elektronikoari. Koronabirusaren kutsatzeak ahalik eta gehien murrizteko, gastu txikienak ere elektronikoki ordaintzeko eskatzen hasi ziren saltoki eta jatetxe askotan. Hiru urteren ondoren, gora egiten jarraitzen dute ordainketa elektronikoek, eta gero eta gutxiago dira diru zorroa txanponekin beteta dutenak.

Kutsatzeak soilik ez, irudi du txartelaren eta mugikorraren bidezko ordainketek propinak ere murriztu dituztela. Horri irtenbidea aurkitu nahian, txartelarekin ordaintzen duten bezeroei propina datafonoan txertatzeko aukera ematen diete zenbait jatetxek. Hiru aukera izan ohi ditu bezeroak: propinarik ez ematea, makinan iradokitako kopurua onartzea —kontuaren %5 eta %10 arteko propina izan ohi da—, edo norberak nahi duena ematea. Zenbait ikerketaren arabera, propina zuzenean fakturan sartu, eta bezeroak hori onartu edo ez erabaki behar duenean, litekeena da botoi berdeari ematea.p>

Ikusi gehiago:Propinak, AEBetako esklabo ohiei ez ordaintzeko

Jatetxean horrelakorik erabiliko lukeen galdetuta, zera dio Suharriko nagusiak: «Ez. Ez dugu aukera hori ematen, eta ez dugu aukera hori emango. Diru hori fakturan sartu beharko litzateke, BEZa gehitu, banakatu… Propina utzi nahi duenak, utziko du, eta ez duenak utzi nahi, ez du utziko».

Soldata eskasak estaltzeko

Harekin bat dator EKA Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko prentsa arduradun Ander Cornejo: «Argi izan behar dugu jatetxeak eskainitako arretagatik edo emandako zerbitzuagatik borondatez egiten den dohaintza dela propina». Halere, uste du zilegi dela langileek propina eskatzea; betiere, bezeroa horretara behartzen ez badute.

Elkartean ere badute propinak emateko azken joeraren berri —datafonoan txertatzearena, alegia—. Halere, kontsumitzailea ez litzateke propina ematera behartuta sentitu behar: «Nolabait, langilea bezeroari propina emateko aukera eskaintzen ari zaio, ez behartzen». Dena den, eskura emanda edo txartelarekin ordainduta, EKAko kideen arabera, propinak ezin du, inolaz ere, soldata duin bat eskuratzeko osagarria izan. «Ostalaritzako jabeen ardura da soldata duinak bermatzea», propinak gorabehera. Diru estra hori langile bakoitzaren nominan txertatzea zaila litzatekeen arren —gehienetan, emandako propinak ez doazelako inoren izenean, orokorrean jasotako zerbitzuaren trukean baizik—, langileen soldataren parte izan behar dutela iritzi dio EKAko prentsa arduradunak. Izan ere, «propinak ogasunean berdin-berdin ordaindu behar dira zerga modura», nahiz eta Gizarte Segurantzan kotizatu ez.

Nagusiak parte har dezake propinen gaineko erabakietan, baina ez du horien gainean agintzen. Bezeroek bolondreski ematen duten diru gehigarria izanik, establezimenduko jabeak ezin ditu debekatu. Horixe ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 2021eko epai batean, eta zehaztu zuen langile guztien artean banatu behar direla.

Ez da beti ongietorria

Nolako tokia, halako ohiturak; baita propinekin ere. Euskal Herriko tabernetan eta jatetxeetan norberak erabaki dezake zenbateko propina utziko duen —edo utziko duen—. Oro har, borondatezkoa da Europako herrialde gehienetan ere. Ipar Amerikan, berriz, bai AEB Ameriketako Estatu Batuetan, bai Kanadan ia derrigor eman behar zaio zerbitzariari kontuan eskatzen dena baino diru pixka bat gehiago; hotz, kontuaren %15 eta %20 artekoa izan ohi da propina toki horietan.

Beste leku batzuetan, ordea, bezeroak hobe du eskua poltsikoan gordetzea. Propina ematea edukazio txarreko keinutzat jo ohi dute Asia hego-ekialdeko zenbait herrialdetan. Esaterako, Txinan debekatuta egon da hainbat hamarkadatan, eroskeriatzat zutelako. Halere, turismoa areagotu den lurraldeetan, egun ohikoa bilakatu da jatetxeetan propina ematea. Egoera bertsua da Japonian. Han propinak inoiz debekatu ez badituzte ere, edukazio txarreko keinutzat jotzen dituzte.

Kasinoetako langileak ere, propinen menpe

Ohikoen ostalaritzan diren arren, beste lanbide batzuetan ere indar handia dute propinek. Horien artean daude, adibidez, kasinoetako langileak. Bilboko Gran Casinon egiten du lan Carmen Valderasek, eta azaldu du propinek osatzen dutela beren soldataren zati handi bat. «Egunero erregistratzen dugu bezeroek ematen diguten diru gehigarria. Poto batean gordetzen dugu, eta hilabete amaieran guztion artean banatu, eta nominan sartzen digute diru hori».

Halere, azaldu du bezeroek gero eta propina txikiagoak ematen dituztela, eta horrek zuzenean eragiten diela beren soldatei, propinaren araberakoak baitira. «Duela zenbait urte propinek osatzen zuten gure soldaten %35 eta %40 artean. Orain, kopuru hori ez da %10era iritsiko». Horrenbestez, adierazi du oso aldakorrak direla beren soldatak, eta, horregatik, propinak ematera bultzatzen dituela bezeroak. «Askok [bezeroek] badakite propinak guretzat garrantzitsuak direla, baina gutxik jakingo dute zenbateraino diren garrantzitsuak».

Egoera ekonomiko eskasa, batetik, eta lanbideak berezkoak dituen baldintzak —gaueko lanaldiak, jaiegunetan lan egin beharra, etab.—, bestetik, kasinoko langileek mobilizazioei ekin zieten martxoaren amaieran. Besteak beste, enpresari eskatu diote soldata KPIaren arabera igotzeko, eta kontziliazioa hobetzeko neurriak hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.