Sanferminak

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. RODRIGO JIMENEZ, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko ekainaren 2a
11:45
Entzun

Hilabete luze falta da Iruñeko sanferminak hasteko, eta Iruñeko Udalak gaur jakinarazi du aurtengo aldirako antolatu duen musika egitaraua. Joan den urtean bezala, Gazteluko plazan, Konpainia plazan eta Foruen plazan izanen dira kontzertuok. Antolaketari dagokionez, aldaketa bakarra dago: DJak Foruen plazan ariko dira, eta, berriz, Gazteluko plazan musika taldeak edo bakarlariak oholtzaratuko dira —iaz aldrebes egin zuten—. 40 emanaldi inguru izanen dira.

2022an, Iruñeko Gazteluko plazak ordura arte ez bezalako itxura hartu zuen uztailaren 6tik 14ra bitarte. Estreinako aldiz, Iruñeko Udalak DJei eman zien plaza, eta kontzertuak antolatu zituen uztailaren 6tik 14ra bitarte. Aurten, musika taldeen emanaldiak izanen dira, DJen ordez. Hamar kontzertu iragarri dituzte, eta horietako bi dira euskarazkoak: ETS eta Merina Gris. Aipatuez gainera, talde hauek ere ariko dira bertan: Ana Torroja, La señora Tomasa, Lagrimas de Sangre, Fangoria, Dani Fernandez, Funzo and Baby Loud, Merina Gris, Delaporte, ETS eta Ana Mena.

Gazteluko plazaren eta Foruen plazaren artean trukea eginen denez gero, DJak Foruen plazan ariko dira aurten. Zehaztu dutenez, 14an salbu, bi sesio izanen dira eguneko; bat arratsaldez, eta bestea gauez. Uztailaren 12an Oihan Vega ariko da.

Gainera, Konpainia plazan ere egunero izanen dira kontzertuak hilaren 6tik 13ra; bat arratsaldez, eta beste bat gauez. 6a da salbuespen bakarra: 19:00etatik aitzina, Fernanda Arrau, Los Lazcoz eta Pablo Cotton DJak ariko dira, bata bestearen atzetik. Halaber, 7an The Old School 4t eta Don Letts izanen dira; 8an, Dj Budin eta Skabidean; 9an, Baobabs Will Destroy the Planet eta Chico Trujillo; 10ean, Javier Lopez Jaso Quartet eta Sara Dowlin Quartet; 11n, Parrockos eta Carmen Souza; 12an, Raimundo El Canastero eta Robert Finley; 13an, Olaia Inziarte eta Minyo Crusaders.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.