Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, 2020ko martxoaren 13an, larrialdi egoera ezarriko zuela iragarri zuen, COVID-19a zela eta. Biharamunean sartu zen indarrean Hego Euskal Herrian. Etxeratze agindua jaso zuten herritar guztiek, batzuek izan ezik: ezinbestekotzat jotzen ziren lanetan zebiltzanek, hain zuzen. Haien artean batek besteek baino harrabots handiagoa eragin zuen. Izan ere, ile apaintzaileak talde horretan sartu zituzten. Horri esker, gizartea ohartu zen ile apaindegien lana ez dela soilik ilea moztea edota tindatzea.
Ezinbesteko izate hori, baina, «pandemia amaitzean azkar ahaztu dute politikariek», Cristina Oñate BIPE Bizkaiko Irudi Pertsonaleko Enpresen Elkarteko presidenteak salatu duenez. Herrialdeko ile apaindegiak eta estetika zentroak biltzen dira elkarte horretan, eta, presidenteak azpimarratu duenez, «egoera oso txarrean» daude pandemia bukatu denetik: «Bizkaian irudi pertsonalarekin lotuta zeuden enpresetan, lanpostuen %10,5 inguru galdu dira 2020tik». Hau da, 3.000 lagun inguruk lana galdu dute azken hiru urteetan.
Lanpostuak galtzeari, lanordu «asko» dituen «lanbide gogorra» dela gehitu dio Oñatek. «Gainera, soldata txiki bat irabazteko hilabete amaieran». Horiek guztiak, baina, ez dira protestarako arrazoi bakarrak. Are gehiago, bai elkarteek, bai profesionalek argi dute horren atzean beste arrazoi bat dagoela; Rosana Pedrosa Igorreko Kirru ile apaindegiaren jabeak dioen modura, BEZ balio erantsiaren gaineko zerga da haiengan eragin handiena duena: «Hiruhileko batean ordaintzen dugun BEZarekin, soldata bat ordaindu dezakegu ia. Azkena, esaterako, 3.000 eta 4.000 euro bitartekoa izan zen».
Protestak hiru urtez
Irudi pertsonaleko zerbitzuek BEZ murriztua zuten 2012ra arte; hau da, %10ekoa. Garai hartan, PP zegoen Espainiako Gobernuan. BIPEko presidenteak azaldu duenez, «[Espainiako] Estatuaren diru kutxa minimoetan zegoenez, %21era igo zuten». Neurria behin-behinekoa izango zela esan zien PPk irudi pertsonaleko elkarteei, eta «ahal zutenean» berriz jaitsiko zuela. Oñatek, baina, ez du ikusi jaitsierarik, ezta jaisteko intentziorik ere. «PP zegoenean gobernuan, PSOEk esaten zigun gure alde zegoela; orain PSOE dagoela, PP da gure alde dagoena, baina ez dugu BEZean aldaketarik izan azkeneko 11 urteetan». %10era jaistea nahi dute.
BEZa da, Oñateren aburuz, irudi pertsonaleko langileak kalean geratu izanaren arrazoi nagusia. Bizkaian maiatzaren 22an egin zuten azken manifestazioa, eta jada hiru urte daramatzate euren kexa eta beharrak plazaratzen. Oñateren ustez, BEZa bezala, beste hamaika alde daude hobetzeko, baina zerga horretan jarri dute arreta, «gutxienez profesionalek bizirautea bermatzeko».
Elkarteko presidenteak dio zergak jaisteak «zuzenean» lagunduko lituzkeela profesionalak, beren gain hartu baitzuten BEZaren igoera: «Prezioak zergaren igoerarekin batera igo beharrean, bere horretan edo oso gutxi igotzea erabaki zuten profesionalek, bezeroengan ez eragiteko». Horrek, azken hamarkadan, gauzak zaildu ditu profesionalentzat, baina, Oñateren ustez, pandemiatik dagoen krisiak «areagotu» egin ditu zailtasun horiek: «Gaur egungo prezioak mantenduta eta ordaindu behar diren zergak kontuan hartuta, ezin diogu aurre egin alokairuaren, uraren, argindarraren eta erabiltzen ditugun produktuen prezioaren igoerari».
Kontsumo ohiturak
Bide beretik jo du Kirru ile apaindegiaren jabeak. Pedrosa nagusiak dio, gainera, bezeroen egoera kontuan hartuta prezioak gehiegi ez igotzea erabaki dutela, horrek «geroz eta diru sarrera txikiagoa» izatea eragiten dien arren. Halere, BEZa goian mantendu izana ez da Igorrreko ile apaindegi horretan ikusten duten erronka bakarra. Oñatek bezala, Pedrosak ere uste du kontsumo ohiturak aldatu egin direla pandemiatik: «Esaten den arren jendeak ilea lehen baino gehiago mozten duela etxean, guk ez dugu bereziki nabaritu. Hori bai, gehien nabaritu duguna da pandemian jendeak ilea urdinduta utzi zuela, eta tinduak alde batera uztea erabaki duela».
Harago doa BIPEko presidentea. Haren iritziz, bezeroak deskontuetara eta beherapenetara «ohitu» dira, eta «soilik halakoak daudenean kontsumitzen dute». Baina uste du sistemak berak duela kontsumitzaileak baino arazo larriagoa, «ezkutuko ekonomiak indar handia baitu»: «Langile askok, egoera ikusita, alokairua utzi eta etxetik lan egiten dute, beltzean. Hau da, guk ordaintzen ditugun ia %62ko zergak aurrezten dituzte».
Leire Ovejero Bilboko Zazpikaleetan dagoen Arce Lanbide Heziketako zentroaren zuzendariaren iritziz, ezkutuko ekonomia eta intrusismoa egon badauden arren, «gaur egungo hirigintza ereduak du erruaren parte handi bat»: «Turismoa bestelako jarduera ekonomikoak ordezkatzen dabil. Jendea ez bada auzoetan bizi, irudi pertsonalarekin lotutako zerbitzuak ez dira beharrezkoak. Zazpikaleetan, esaterako, bizilagunak galtzen ari gara; beraz, geroz eta zerbitzu gutxiago daude hirietako kaleetan».
Ovejerok esan du hori ez zaiela gertatzen soilik ile apaindegi eta estetika zentroei. «Nire ustez, merkataritza guztia hauspotu beharra dago. Ohiko eskaera da kaleak bizirik nahi ditugula, argiz eta saltokiz beteta. Baina gure ohiturak ez baditugu aldatzen, hori amaiarazi egingo dugu».
Moztea baino gehiago
Alde ekonomikotik begiratuta, hamaika erronka dituzte ile apaintzaileek egunerokoan; baina bestelakoak ere badituzte. Hori dio, behintzat, Kirruren jabeak. Pedrosaren ustez, irudi pertsonalean lan egiten dutenek «nahitaezkoa» dute formakuntza: «Berritzea edo hiltzea da askotan». Arceko zuzendaria ados dago Pedrosak esandakoarekin. Halere, azaldu du ez dutela trebatuta egon behar soilik moztean, tindatzean eta orraztean, baizik baita beste arlo batzuetan ere: «Ikastetxean konturatu gara beharrezkoa dutela informazio teknologia berrietako formakuntza. Ez bakarrik webgune bat edo sare sozialak izateko, baizik eta apaindegia hobeto gobernatzeko edota gastuak eta biltegia hobeto kudeatzeko».
Hobetu bai, baina esentzia galdu gabe. Pedrosak dio jendeak ez duela «guztiz baloratzen» ile apaintzaileek egiten duten lana. «Ilea ondo mozteko produktu egokia, gure denbora eta gure eskuak behar dira». Ovejerok bide beretik jo du, esanez «izen ona» eman behar zaiola. Are gehiago, Pedrosaren ustez, ile apaindegiak «garrantzitsuak» dira «jendeak bere burua ondo ikusteko»: «Bezeroak baxu samar etortzen badira, beren burua dotore ikusi eta animatu egiten dira. Zoriontsuago irteten dira hemendik».
Iritzi berekoa da BIPEko presidentea: «Inor ez da ile apaindegi edo estetika zentro batetik irteten sartu den baino tristeago». Oñatek gaineratu du hori ez dela profesional horiek duten garrantzi bakarra. Askotan «psikologo lana» egiten dutela dio presidenteak, bezeroek bertan «babesleku» bat topatzen dutela; «ondo zainduak diren leku batean daude».