GERRA UKRAINAN

Hiru zibil hil dira Kieven, Errusiaren bonbardaketa baten ondorioz

Aireko defentsa sistema gehiago eskatu dizkio Zelenskik Mendebaldeari. Moskuren arabera, Kiev Errusiako Belgorod eskualdeari eraso egiten ari da.

Pertsona batzuk gaur Kieven, Errusiaren erasoaren ondorioz hildako zibiletako baten gorpuaren inguruan. EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 1a
13:37
Entzun

Goizaldean Ukrainako hiriburua bonbardatuz hasi du Errusiak ekaina ere. Kieveko buruzagitza militarrak jakinarazi duenez, armadak hamar misil jaurti ditu, eta, aireko defentsa sistemak denak erorarazi dituen arren, armen hondakinek eraikin batzuk jo dituzte, eta, horren ondorioz, hiru zibil hil dira; tartean, adingabe bat. Zaurituak dozena bat inguru dira.

Kieven aurka gero eta aire eraso gehiago egiten ari da Mosku; maiatzean hamazazpi izan ziren. Kieven arabera, bonbardaketa horien helburua da Ukrainak dituen aireko defentsa sistemak agortzea. Horiek horrela, eta aurreko asteetan egin bezala, herrialdeko presidente Volodimir Zelenskik eskatu die Mendebaldeko aliatuei bidal diezazkiotela Patriot aireko defentsa sistema gehiago. «Behar ditugu». Paraleloki, Ukrainarekin muga egiten duen Belgorod eskualdean ere aire erasoak ugaritu dira azkeneko asteetan, eta hasi dira hango herri batzuetatik herritarrak ebakuatzen; are, Errusiako hiriburuaren aurka ere droneak jaurti zituzten asteartean. Kievek ez ditu bere gain hartu bonbardaketak.

Ukrainako hiriburuan gaur gertatutako erasoak hautsak harrotu ditu agintarien artean. Izan ere, hango hedabideak esaten ari direnez, hiru biktimak klinika baten lurrazpiko babeslekura joaten ahalegindu dira bonbardaketak hasi direnean, baina ezin izan dira sartu, hura itxita zegoelako. Vitali Klitxko hiriko alkateak jakinarazi du ospitalearen zuzendaritza ikertzen ari dela Polizia. Goizeko hiruretan izan da erasoa.

Eta Ukrainako hiriburutik 500 bat kilometrora, Kremlinen kontra borrokatzen direla dioten erbesteratu errusiarrez osatutako bi miliziak iragarri dute berriro sartu direla Ukrainarekin mugakidea den Errusiako Belgorod eskualdean. Boluntario Errusiarren Taldeak sare sozialetan plazaratu duenez —2014an Donbassko gatazka hasi zenetik, kide gehienak eskuin muturreko Azov batailoia talde paramilitarrarekin borrokatu ziren Errusiak babestutako indarren kontra—, haiek eta Errusiaren Askatasuna legioa Xebekino herriranzko bidean dira. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, goizaldean zibilen kontrako bonbardaketak egin dituzte indar horiek. Iturri horrek berak adierazi du, bide batez, tankeekin Xebekinoren aurka egin asmo zuten eraso bat eragotzi dutela. Bi milizia horiek Errusiako indarrekin liskarrak izan zituzten lehengo astean, baina Moskuk bukatutzat eman zituen maiatzaren 23an, eta adierazi «70 terrorista ukrainar» baino gehiago «ezereztu» zituela.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Bulegoak datu baten berri eman du gaur: iazko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, gutxienez 525 haur hil dira gatazkaren ondorioz. Ohar batean adierazi duenez, gehienak leherkariekin egindako erasoen biktima izan dira. Maiatzean sei hil ziren, eta gaur, hain zuzen, bat. Iturri horren beraren arabera, guztira 9.000 zibil inguru hil dira azkeneko ia hamasei hilabeteetan.

NATOn sartzeaz

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak goi bilera bat egingo du Vilniusen (Lituania) datorren uztailaren 11n eta 12an, eta Zelenskik eskatu die bilera horretan «erabaki argi bat» har dezatela Ukraina aliantza militarrean sartzeari buruz. Hori adierazi du gaur Moldavian, Europako Komunitate Politikoaren bilera batean parte hartu aurretik.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia esan eta esan ari da aliatu guztiek nahi dutela Ukraina aliantzako kide bihurtzea, horretan ados daudela, baina gaur, aliantzako estatu kideetako Atzerri ministroek Oslon egindako bilerara iristean, nabarmendu du data batzuk ezartzea baino «garrantzitsuagoa» dela orain herrialdeari militarki laguntzea. Eta adierazi du gerra bukatu ondoren «Ukrainaren segurtasunerako bermeak» ziurtatuko direla, hasteko. Hain zuzen, Zelenski Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin batzartu da gaur Moldavian, eta segurtasun berme horiek eskatu dizkio.

Horren harira, Zelenskik bi aukera planteatu ditu gaur, gatazka amaitzeko: «Guk irabazten dugunean bukatuko da gerra hau. Bestela, Errusiak lehenago buka dezake: gure lurretatik atera daiteke».

Armak azkarrago emateko

Europako Batasunean munizioaren eta misilen ekoizpena handitzea ahalbidetzen duen lege proiektu bat onartu du gaur Europako Parlamentuak. Testuaren arabera, egitasmoaren helburua da Ukrainari armak gero eta azkarrago emateko baldintzak ezartzea, baita estatu kideei beren armategiak atzera hornitzen laguntzea ere. Parlamentariei Europar Kontseiluarekin negoziatzea dagokie orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.