«Nire emazteari zapatak nola garbitzen diren erakutsi beharko litzaioke», eta «Euskal Herrian emazteak sukaldean gelditzen dira». Baionako Aviron errugbi taldearen AB Etxea trebatokia inauguratu zuten atzo Lapurdiko hiriburuan. Ekitaldian izan ziren Pirinio Atlantikoetako kontseiluko presidente Jean-Jacques Lasserre eta taldeko presidente Philippe Tayeb. Haiekin egon ziren kazetariek salatu dute bi agintariek adierazpen matxistak egin zituztela, Mediabask hedabidearen arabera.
Gizon giroan zeuden bi agintariak, agerraldian ez baitzen emakumezkorik egon. Kirolariak trebatzeko gune berria ireki du taldeak, eta Frantziako banderaren koloreak zituen xingola moztu zuten.
Ondoren, bisita egin zuten ordezkari politikoek eta kirol taldekoek, kazetariekin. Jokalarien aldageletan sartzerakoan kranpoiak oso garbi zeudela nabarmendu zuen Lasserrek, kazetarien arabera. «Nire emazteari zapatak nola garbitzen diren erakutsi beharko litzaioke», gaineratu zuen.
Hainbat kazetari asaldatu egin ziren politikariaren adierazpena entzunda, eta galdetu zuten zergatik ez zegoen emakumerik ekitaldian. Tayebek, orduan, Lasserreren tonuari eutsi, eta adierazi zuen zentroak AB Etxea duela izena, «eta, beti erran didatenez, Euskal Herrian emazteak sukaldean geratzen dira».
Kazetariek ohartarazi zieten esandakoak grabatzen ari zirela, baina arduradunek bisitaldiarekin jarraitu zuten normaltasun osoz.
Ihintza Arrieta Euskal Irratietako kazetariak sare sozialetan agertu du haserrea. «Parekidetasuna ez da iritsi errugbiko agintariengana».
Parekidetasuna ez da oraindik iritsi errugbiko agintariengana. Formakuntza zentro berria estrenatu du @AvironBayonnais taldeak.
— Ihintza Arrieta (@IhintzaArrieta) May 30, 2023
Emazteez galdetuta, sukaldean daudela!
2023an oraindik horrela… 🙄🙄#ErranBeharNuenpic.twitter.com/QI87Rvncns