Hilketa matxista

Ertzaintzak urtarriletik zekien emakumearen bikotekide ohiak urruntze agindua urratzen zuela

Josu Erkorekak esan du urtarrilean hasi zuela Ertzaintzak ikerketa, bikotekide ohiak urruntze agindua hautsi zuenean, eta maiatzaren 18tik biktimaren arrisku maila aztertzen ari zela.

Gasteizko Udalak gaur eguerdian deitutako protesta. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko maiatzaren 29a
14:13
Entzun

Gasteizen izandako hilketa matxistaren inguruko argibideak eman ditu gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Azaldu duenez, Ertzaintzak urtarrilaren 23an izan zuen lehenengoz emakumearen berri, bikotekidea izen faltsu batekin erregistratu zela esanez Gasteizko hotel bateko arduradunen abisua jaso zuenean. Emakumearekin harremanetan jarri zen orduan Polizia, eta, harekin hitz egin ostean, urruntze agindua urratzen ari zirela jakinarazi zion Ertzaintzak auzia zeraman epaitegiari. Hurrengo hilabeteetan, ez zuten bikotearen berririk izan, ustez Valentziara (Herrialde Katalanak), euren bizilekura, itzuli zirelako.

Bigarren kontaktu bat izan zuen Ertzaintzak biktimarekin maiatzaren 18an. Orduan itzuli ziren biktima eta haren bikotekide ohia Gasteizera, eta urtarrilean bezala, ostatu hartu zuten apartamentu hotelean izen faltsua erabilita erregistratu ziren. Emakumeak urtarrileko deklarazioari eutsi zion orduan ere: bikotekidearekiko harremana berregin nahi zuela esan zien eta ez zuela bere burua arriskuan ikusten.

Ikusi gehiago: Elkarretaratzeak egingo dira gaur Gasteizko hilketa salatzeko

Indarkeria matxistaren arriskua neurtzeko irizpideak aintzat hartuta, «muturreko arriskuko» babesa ezarria zioten emakumeari Espainian. Espediente hori eskutan, biktimak bizi zuen arrisku maila berraztertzen ari zen Ertzaintza atzo hilketa gertatu zenean, Erkorekak gaur azaldu duenez. Jakinarazi du Ertzaintza emakumearen bertsioaren eta Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziarena «kontrastatzeko lanak» egiten ari zela. Izan ere, Segurtasun sailburuaren arabera, emakumeak poliziei esan zien ez zuela bere burua arriskuan ikusten, eta bikotekidearen aurka jarria zuen salaketa kentzearen alde lanean ari zela. Beraz, sailburuaren arabera, emakumearen aurkako indarkeriaren epaitegira atestatu bat bidaltzea erabaki zuen Ertzaintzak.

Segurtasuneko sailburuak, ordea, ez du argitu zer dela eta Ertzaintzak ez zuen gizonezkoa atxilotu urruntze agindua urratzen ari zela baldin bazekien, genero indarkeriaren aurkako protokoloak ezartzen duen bezala. Galdera hori egin diote gaur kazetariek Erkorekari: «Ez dakit», erantzun die. Segurtasun sailburuaren esanetan, «ez da erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea». Honako hau erantsi du gero: «Harreman afektiboez ari gara, eta halakoetan biktimak beti ez du argi ikusten babestua izan behar duela. Ez da erraza».

Erkorekak jakinarazi duenez, atzorako senideekin geratua zegoen biktima, baina, ikusita ez zela agertzen, apartamentu hotelera bildu ziren. Senideek aurkitu zuten hilotz Maialen Mazon, 32 urteko andrazkoa, hiru urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Kamera irudien lehen azterketa eginda, ustezko hiltzailea Jaime Roca dela ondorioztatu du Ertzaintzak. Bartzelonan da oraindik, guardiako epailearen esku, Gasteizera noiz ekarri zain. Ikerketa oraindik ere zabalik dagoela esan du Erkorekak.

Bilgune feministaren salaketa

Bilgune feministak hizpide izan ditu Erkorekaren adierazpenak, sare sozialetan zabaldutako mezuan. «Erasorik gabeko gizarte feminista eraikitzeko, ezinbestekoa da hezkuntzan eta profesionalen formakuntza feministan inbertitzea», ohartarazi dio. Bilgune feministaren ustez, modu horretan, indarkeria matxistaren «erreprodukzio eta legitimazio mekanismoak» deuseztatuko dira.

Gasteizko Udalak adierazpen instituzionala onartu du gaur hilketa matxista gaitzesteko, eta familiari laguntza psikologikoa eskaini dio. Eguerdian egin dute bilkura hilketa salatzeko; bost minutuko elkarretaratze isila izan da. Dozenaka herritarrekin batera, udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak izan dira han, Gorka Urtaran jarduneko alkatea buru. Instituzioetako ordezkaritza bat ere izan da protesta isilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.