Bartzelonan lehia bizian daude Xavier Trias Junts Per Catalunyako (JxC) hautagaia eta Jaume Collboni PSCkoa. Botoen %98 zenbatuta, JxC litzateke garaile 11 zinegotzirekin —duela lau urte baino sei gehiago—, eta Triasek 2,5 punturen aldea aterako lioke Collboniri. Hala, PSCk hamar zinegotzi izango lituzke Kataluniako hiriburuan.
Pozik agertu da Trias bera lortutako emaitzekin. Alderdiko presidente Laura Borras eta idazkari nagusi Jordi Turull alde banatan dituela irten da jendaurrera Trias, eta taldea zoriondu du lortutako emaitzengatik: «Bartzelonako alkate izateko aurkeztu nintzen, eta Bartzelonako alkatea izango naiz. Guztiekin elkarlanean aritzen ahaleginduko den alkate bat izango duzue, eta Bartzelona hobe bat eraikiko dugu».
Ada Colau jarduneko alkatea, Catalunya En Comu-Podemekoa, hirugarren tokian geratuko litzateke, bederatzi zinegotzirekin. Hala ere, Colauk badu oraindik aukerarik udal gobernuan jarraitzeko, Collboniren hautagaitzari babesa emango balio. Hori, ordea, datozen egunetako negoziazioen ostean jakingo da.
Atzerago geratuko lirateke ERC Esquerra Republicana de Catalunya bost hautetsirekin, PP laurekin, eta Vox birekin —eskuin muturreko alderdia lehen aldiz sartuko litzateke udalean—. Udaletik kanpo geratuko lirateke Ciutadans —hiru zinegotzi zituen orain arte— eta Valents —bi zinegotzi zituen—. Esquerrak galera handia izan du orain dela lau urteko bozekin alderatuta. 2019an, hamar zinegotzi lortu zuen ERCk, eta beste hainbeste En Comu-Podemek.
Bestelakoa izan da argazki orokorra. Katalunia osoko datuak aintzat hartuta, PSVk lortu du boto gehien, baina ERCk lortu du hautetsi gehien. Botoen %99 zenbatuta, 2.868 ordezkari lortu ditu Esquerrak, 2.669 Juntsek, eta 1.453 PSCk.
Eskuin muturraren gorakada
Bartzelonan ez ezik, beste zenbait hiritako udaletan ere lortu du ordezkaritza eskuin muturrak. Hospitalet del Llobregaten, esaterako, botoen %10 eskuratu ditu Voxek eta hiru zinegotzi izango ditu.
Baina Vox ez da ordezkaritza lortu zuen eskuin muturreko alderdi bakarra. Ripollen, garai batean Kataluniako Aliantza Fronte Nazionala zenak, oraingo Aliantza Katalanak, botoen %30 baino gehiago lortu ditu, eta sei zinegotzi izango ditu. Hala ere, oposizioa elkartuz gero —Junts (3), ERC (3), PSC (2), CUP (2) eta Independenteak (1)— alkatetza kendu ahalko liokete.
Galizia
BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak Santiago de Compostelako Udala gobernatzeko babesa bildu ahal izango du, nabarmen gora eginda. Bi zinegotzitik seira igaro da, eta Goretti Sanmartin alkate bihurtuko da beste sei ordezkari dituen PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistarekin eta Compostela Irekiarekin akordioa lortzen badu, boz gehien duen alderdia, hau da, PP —11 ordezkari— kanporatzeko.
PSdeGk eta BNGk alkatetza adostuetarako itunak lortuz gero, agintea ziurtatua dute Coruñan, Lugon eta Pontevedran ere, nahi eta hiruretan PP izan indar bozkatuena. Ourensen, berriz irabazi du Democracia Ourensak, hamar zinegotzirekin, PSdeGk eta BNGren baturak emango lukeen kopuru berarekin —sei PSdeGk eta lau BNGk—. Beraz, PPko zazpi zinegotziek izango dute giltza.