Hobetu liteke medikamentuen hondakinak birziklatzeko prozesua, baita edukiontzi batzuen garbiketa ere. Baina kutsadura eragozteko, eraginkorrena botiken soberakinak eta ontziak dagozkion tokira eramatea da, Juan del Arco (Gasteiz, 1960) Bizkaiko Farmazeutikoen Elkargoko zuzendari teknikoaren arabera. Bizkaiko Medikuen Elkargoak antolatutako Impacto medioambiental de los farmacos (Botiken eragina ingurumenean) jardunaldietan, hondakinen kudeaketaz hitz egingo du astelehenean Del Arcok, 18:00etan, Medikuen Elkargoaren egoitzan, Bilbon.
Nola antolatzen da botiken hondakinen kudeaketa?
[Espainiako] Estatu mailan antolatzen da. Erakunde bat dago —SIGRE—, hondakinen kudeaketa integratua egiten duena. Sailkatzeko eta birziklatzeko planta bakarra dago —Tudela de Dueron [Espainia]—, oso prozesu espezializatua baita: gehienak ez dira arriskutsuak gure osasunerako eta ingurumenerako, baina batzuk, bai. Esaterako, oso arriskutsuak dira antibiotikoak. Txarto kudeatzen badira, uretara edo zabortegietara botatzen badira, oso kaltegarriak izan daitezke, erresistentzia sor baitezakete. Osasun arazorik handienetakoa da antibiotikoekiko erresistentzia.
Kudeaketa izan daiteke konponbidea, beraz?
Behin tratamendua bukatuta, antibiotikoa etxean edukitzeak ez du zentzurik, berriz ez duzulako antibiotiko bera beharko. Gomendatzen da tratamendu bat amaitzen denean sobera dauden medikamentuak farmazietako SIGRE edukiontzietara eramatea, baita kutxa ere, nahiz eta hutsik egon, arrastoak egon baitaitezke. Zakarrontzi normalera botatzen badira, zabortegi batera joango dira, eta han arrastoak pilatuko dira.
Bizkaiko hondakinak ere Tudela de Duerora botatzen dira. Nolakoa da koordinazio hori?
Farmazietako SIGRE edukiontziak betetzen direnean, hondakinak jasotzen dituzte medikamentuak farmazietara eramaten dituzten enpresa berdinek: normalean, egunero joaten dira farmazietara medikamentuak eramatera, eta noizbehinka bidaia aprobetxatzen dute edukiontzietakoa biltegi zentralera eramateko, medikamentuak garraiatzen dituzten baldintza berberetan; oso kontrolatuta dago. Bizkaian, horrelako lau enpresa daude: Novaltia, Cofares, Alliance Healthcare eta Cenfarte. Hondakinak biltegietan pilatzen dira. Lau biltegi daude Bizkaian. Gestore baimendu batek eramaten ditu hondakinak Tudela de Duerora, kamioi berezi batean.
Nola tratatzen dituzte han?
Sailkatu egiten dituzte. Kanpoko kartoiak ez daude kutsatuta; orduan, zuzenean doaz birziklatzera. Beirazko ontziak garbitu egiten dira, posible bada —barruan dagoenaren arabera—, eta beira birziklatzera eramaten da; birziklatzeko tenperatura oso altuak behar direnez, ia hondakin guztiak bihurtzen dira ez-kaltegarri. Baina blisterrei dagokienez —konprimatuak biltzen dituzten plastikoak—, askotan soluzio bakarra da tenperatura oso altuan erretzea. Prozesu horretan, energia sortzen da, eta aprobetxatu egiten da.
Botikak ere birziklatu daitezke?
Ez, printzipio aktiboa ezin da birziklatu.
Sarri esaten da behar baino medikamentu gehiago hartzen direla. Horrek eragina du hondakinetan, ezta?
Kontuz ibili behar dugu kontsumoarekin. Zorionez, medikamentu gehienak errezetarekin lortzen dira, eta horiek oso kontrolatuta daude gaur egun, gehienak sistema publikoan preskribitzen baitira, errezeta elektronikoarekin. Medikuek, gaur egun, behar diren medikamentuak preskribitzen dituzte. Baina agindutako tratamendua osorik hartu behar da: bestela, soberakinak geratuko dira. Hala ere, blisterreko arrastoak geratuko dira. Eta, batzuetan, zazpi eguneko tratamendua agintzen digute, eta kutxan zortzirako dator.
Kasu horietan, saihetsezina da soberakinak sortzea?
Bai. Industrian, ezin duzu egin tratamendu indibidualizaturik. Estandar bat egiten da, eta nahiko ondo dago kalkulatuta; medikamentu gutxi sobratzen da. Azken hamarkadan esfortzu handia egin da bide horretan, eta ontziak doitu dira dosietara, batez ere antibiotikoak.
Zer gertatzen da errezetarik gabeko botikekin?
Beste arazo bat dira horiek. Automedikazioa berez ez da ona. OMEk berak esaten du kasu batzuetan automedikazio arduratsua egon litekeela, beti ez baitago medikuarenera joateko premiarik. Baina farmazian aholkua eskatu behar da, eta autokontsumoa murriztu behar da; ez bakarrik ingurumena babesteko, baita norberaren osasuna ere. Izan ere, etxean zenbat eta medikamentu gehiago eduki, orduan eta handiagoa da akatsak egiteko aukera. Etxeko botikinean bakarrik egon beharko lirateke tratamendu kronikoetarako botikak, eta, horiez gain, analgesiko bat eta antiazido bat, digestio txarrak edo bihotzerrea sarri edukitzekotan.
Industria farmazeutikoak zer ardura du hondakinekiko?
Industria guztien moduan, fabriketan sortzen diren hondakinak kontrolatu behar ditu. Eta kuota bat ordaindu behar du SIGRE zerbitzua mantentzeko. Saltzen den ontzi bakoitzagatik, 0,006 euro.
Botika batzuek iraungitze data oso laburra dute. Epe hori luza daiteke?
Egin ahalko zen, baina arriskutsua da. Antzinako grezieraz, sendagaiei pharmakon deitzen zitzaien. Berba horrek bi esanahi ditu: alde batetik, sendagaia; eta, beste alde batetik, pozoia. Sendagaiak produktu toxikoak dira. Horregatik diogu medikamentu guztiek dauzkatela albo kalteak. Gauza arrotz bat sartzen duzunean zure gorputzean, ezin duzu jakin zehazki zer efektu edukiko duen: ez da adimentsua, gorputz osora zabaltzen da.
Zein dira etorkizuneko erronkak hondakinen kudeaketan?
Erronka nagusia da etxeetan dauzkagun medikamentu guztiak SIGRE edukiontzietara eroatea, behin tratamendua bukatuta. Gaur egun, ez dira guztiak eramaten; ez dakigu zehatz-mehatz zein den ehunekoa, jakitea oso zaila baita, baina badakigu ez direla guztiak. Mundu guztia kontzientziatu behar da jendeak ez ditzan bota hondakinok zakarrontzi normalera. Beste erronkak zailagoak dira, eta eragin txikiagoa edukiko dute: hobetu daiteke birziklapena, sendagaien arrastoen garbiketa… Baina, batez ere, bilketa hobetu behar da.