Osasuna 2-0 Athletic

Amets egiteko garaipen bat lortu du Osasunak Athleticen aurkako derbian

Irabazita, Osasunak Athletic harrapatu du sailkapenean. Lehia estua izango dute bi taldeek zazpigarren postuaren lehian, Sevillarekin eta Gironarekin batera. Budimirrek eta Torrok sartu dituzte golak.

jarraia228510.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 25a
23:21
Entzun

Kolpea jo du mahai gainean Osasunak. Jagoba Arrasaterenak 2-0 nagusitu dira Sadarren, Athleticen aurkako derbian. Ernesto Valverderenak Osasuna baino hiru puntu gehiagorekin iritsi dira partidara, Konferentzia ligarako sailkatzeko bidea ematen duen postu batean, zazpigarrenean. Baina emaitza horren ostean, Osasunak egingo du lo zazpigarren postu preziatu horretan. 50 punturekin daude bi taldeak liga amaitzeko bi jardunaldi falta diren honetan. Ante Budimirrek eta Lucas Torrok egin dituzte neurketako bi golak; biak, atsedenalditik bueltan.

Ohikoa duen bezala hasi du partida Osasunak. Sadarren jokatzen dituen partidetan berebiziko garrantzia ematen dio Jagoba Arrasatek lehenengo ordu laurdenari. Erritmo bizia ezartzen dute gorritxoek hasieran, eta horretan ahalegindu dira oraingoan ere. Presio itogarria egin du Osasunak, eta baloia lapurtzerakoan bi pasetan area ingurura iristea lortu du. Hegaletatik bideratu ditu erasoak, Kike Barjarekin eta, bereziki, Ez-Abderekin. Biak ala biak buruz buruko jokaldiak egiten ahalegindu dira lehen minutu horietan, baina Athleticeko atzelariak zailtasun handirik gabe aritu ziren. Marokoko aurrelaria motzean lotu zuen Athleticek; Oscar de Marcos gainean izan du, eta beste taldekide baten laguntza ere jaso du atzelariak.

Lehen hamar minutuak igaro direnean, arnasa hartzeko aukera izan du Athleticek. Iker Muniain lehen lerrora jaitsi da, eta euskarriei presiotik irteten lagundu die. Kapitainak lan ona egin du jokoa sortzen, eta haren oinetatik igaro diren baloiak patxada handiz jokatu ditu. Osasunak ez du erremate argirik egitea lortu hainbat erdiraketa arriskutsu egin dituen arren, eta lehen zatiko aukera garbienak zuri-gorriek izan dituzte. Iñaki Williamsen oinetan biak. Lehenengoan, ahal bezala egin du errematea korrikaldi baten ostean, eta Ruben Peñak atepetik atera behar izan du baloia. Bigarrenean, berriz, toki gutxirekin egin du errematea, eta ondo erantzun dio Aitor Fernandez atezainak.

Atsedenalditik bueltan, erritmo bizian zelairatu da Osasuna, eta, lehen zatian ez bezala, aurreneko aukeran iritsi da gola. Moncayolaren erdiraketa buruz errematatu du Budimirrek, eta Julen Agirrezabalak oker larria egin du. Eskuarekin baloia kornerrera bidaltzen ahalegindu da, baina ihes egin dio baloiak, eta sarera joan da zuzenean. Sasoiko seigarren gola egin du Zenicako beltxargak.

Golaren ostean ,aurrerapauso bat egin behar izan du Athleticek, eta, horrela, zirrikituak utzi ditu atzean. Athletic ahalegindu da Aitor Fernandezen atera iristen, baina arrisku handiagoz iritsi da Osasuna kontraerasoan. Abdek gidatu ditu berriro ere trantsiziorik arriskutsuenak; etengabeko buruhaustea izan da zuri-gorrien atzelarientzat. Marokoarrak jaurti duen falta batean iritsi da partidako bigarren gola. Bartzelonak utzitako jokalariak zutoinera bidali du baloia; aldaratzean fin ibili da Osasuna, eta, Aimarren pasea jaso ostean, sarera bidali du baloia Torrok. Horrela, Konferentzia ligarekin amestuko dute zale gorritxoek orain. Athleticek Osasunak adina punturekin amaitu du jardunaldia, baina guztiz kontrako aho zaporearekin. 50na punturekin amaitu dute jardunaldia bi taldeek; 49na dituzte Sevillak eta Gironak. Gorritxoek Getafe izango dute aurkari datorren igandean, Lehen Mailan mantentzeko lehian dagoen talde bat. Zuri-gorriak, berriz, Elxen aurka arituko dira, jada Bigarren Mailara jaitsi den talde bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.