Pandemia amaituta, hari aurre egiteko egindako ezohiko gastuak eta ahaleginak alde batera uzteko garaia dela uste du Europako Batzordeak. Datorren urtera arte ez da indarrean jarriko Europako Batasuneko Egonkortasun Itun berritua, baina gerrikoa estutzen hasteko garaia iritsi dela ziurtatu du Bruselak. «Ezkontza zaila» dela onartu du Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak: «baina horixe behar dugu», erantsi du.
Argi du gerrikoa non estutu behar den: energia garestiari aurre egiteko herritarrei eta enpresei laguntzeko neurriak bertan behera geratzen hasteko eskatu die EBko gobernuei, argudiatuta Ukrainaren inbasioaren aurreko mailara itzuli dela energia. Hori bai, ontzat jo du behar handiak dituzten sektore jakin batzuk laguntzea.
Euskal Herriari dagokionez, desagertu ziren erregaia erosteko Espainiako eta Frantziako gobernuek emandako laguntzak. Hego Euskal Herrian, garraiolariek, nekazariek eta arrantzaleek eusten diote deskontu publikoari: 20 zentimokoa izan zen urtarriletik martxora, eta hamar zentimokoa orduz gero. Ipar Euskal Herrian ere urtearekin batera amaitu zen laguntza, baina lanera joateko ibilgailu partikularra erabiltzen dutenek ehun euroko laguntza eskatu ahal izan dute.
Argindarra merkatzeko neurriak
Indarrean jarraitzen dute, berriz, argindarraren faktura arindu duten neurriek. Espainiako Gobernuak 2021eko udan jaitsi zuen argindarraren BEZa, %21etik %10era, gasa garestitzearen ondorioz asko garestitu zenean. Iazko ekainean, berriz, %5era apaldu zuen. Horrekin batera, etenda dago konpainia elektrikoek ordaintzen duten argindar sorkuntzaren %7ko zerga, eta %5,11tik %0,5era igaro da kontsumitzaileek pagatu behar duten zerga berezia.Azken neurri hori gutxienez abenduaren 31 arte luzatu du Madrilek. Bonu sozialaren deskontua %25etik %65era igaro da.
Ipar Euskal Herrian, berriz, argindarraren kostua gehienez %4 emendatzea baimendu zuen iaz Frantziako Gobernuak, eta gehienez %15 aurten.