Emaitzak

Tubacexek azken hamalau urteetako emaitzarik onena lortu zuen iaz

2021eko fakturazioa bikoiztu zuen iaz, eta 20,2 milioi euroko irabazi garbia lortu. 47 milioi murriztu zuen zorra, eta 280 milioikoa da egun.

Tubacexek Laudion duen plantako sarrera. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko maiatzaren 24a
14:49
Entzun

«2022. urtea garrantzitsua izan zen Tubacexentzat, urte oso ona bat». Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari delegatuak ezin izan du bere baikortasuna ezkutatu iazko datuen berri emateko antolaturiko agerraldian. Izan ere, enpresak emaniko kalkuluen arabera, 2022ko datuak azken hamalau urteetako onenak izan dira. Altzairuzko hodiak ekoizten dituen enpresa horrek 714 milioi euroko fakturazioa izan zuen, 2021ekoa halako bi, eta 20,2 milioi euroko irabazi garbia lortu zuen. Horien %40 akziodunen artean banatuko dituzte: 8,1 milioi euro.

Ekainean bi urte beteko dira Tubacexek Araban dituen plantetako erregulazio espedienteen inguruko epaiketak egin zirenetik. Enpresako abokatuak panorama oso beltza deskribatu zuen EAEko Auzitegi Nagusiko areto nagusian, epe motzerakoa bereziki. Errealitateak eta merkatuak, baina, oso leku txarrean utzi dute abokatu hura, edo agian beste motibazio batzuk zituen. Baina harrezkeroztik izandako bilakaera ikusgarria izan da. Konpainiak gorako bidea hasi zuen 2021eko hirugarren hiruhilekoan, eta zazpi hiruhilekotan etengabe hazi da aurtengo martxora arte. Are gehiago, enpresak uste du hazten jarraituko duela 2023a amaitu arte behintzat.

Esmorisek azaldu du iazkoa urte oso zaila izan dela enpresarentzat, Ukrainako gerraren eta energia kostuen eraginez. Hala ere, fakturazioa historikoa izan zen, eta iragarri du hobetu egingo dutela aurten. Emaitzei dagokienez, 92 milioi euroko EBITDA lortu zuen, eta zerga 49 milioi eurotan murriztu zuen. Gaur egun, Tubacexek 280 milioi euroko zerga du. Eskari poltsa handiak, baina, lasaitasuna ematen dio taldeari, 1.650 milioi eurokoa baita. Are gehiago, 380 milioi euro ditu amaituta eta amaitzear diren hodietan; alegia, taldeak lan karga handia du. Kontseilariak esan du aurten iazko fakturazioa hobetuko dutela, eta 1.000 milioi eurora iristea espero dutela 2025erako.

Akziodunek ere sumatuko dute urte ona —gaur egin dute ohiko biltzarra—, irabazien %40 haien artean banatuko dituzte eta. Gaur egun, akzioek 2,5 euro balio dute, eta administrazio kontseiluaren helburua 3,77 euroko baliora iristea da. Iaz %33ko balio igoera izan zuten, eta aurtengo lehen hiruhilekoan, %27koa. Izan ere, aurten ere ondo doazkio gauzak Tubacexi. 232 milioi euro fakturatu ditu lehen hiru hilabeteetan, iazko epe berean baino %47 gehiago. Esmorisek iragarri du bigarren hiruhilekoa hobea izango dela eta urte amaierara arte hor eutsiko diotela.

Inbertsioa Asian eta AEBn

2014an, Tubacexek bere eskaintza dibertsifikatzearen aldeko hautua egin zuen, balio erantsi handiagoko produktuak bilatuz. Esorisen ustez, oraingo datu onak erabaki haren emaitza dira. Gaur egungo datuen arabera, ekoizpenaren %17 gas horniketara doa, eta %14 petroliora. Proportzio hori mantentzea da asmoa, baina gasak pisu handiagoa izan dezala. «Urte askotarako trantsizio energia bat dugu hor», zehaztu du. Ekoizpenaren %44 industriara doa, %10 merkatu berrietara: hidrogenoa, CO2-aren harrapaketa... eta %7 energia nuklearrera —72 hazbeteko hodiak—.

«Merkatu berrietarako bi aleazio mota garatu ditugu. AEBetatik CO2 harrapaketarekin harremana duten eskaera asko jasotzen ari gara, han diru laguntza asko eman baitituzte. Hidrogenoari dagokionez, orain azpiegiturak diseinatzen ari dira, eta ondo kokatuta daude. Munduan gutxik egin ditzakete hidrogenoaren korrosioa jasan eta zero azpiko 300 graduko tenperaturari eusteko moduko tutuak», azaldu du Esmorisek, harro. Era berean, zintzo gehitu du balio erantsi apaleko produktuen ekoizpena India eta Thailandiako plantetara bideratu dutela eta horrek eragina izan duela emaitza onetan.

Tubacexek ekoizpen planta bat ireki zuen iaz Guyanan, beste bat Kazakhstanen, eta beste bat Brasilen, eta argi du epe motzean AEBetara eta Asiara bideratuko dituela inbertsio nagusiak. «Gu hornitzaileak gara: gure bezeroak joaten diren tokietara joango gara». Esmorisek azaldu du herrialde horietan ez dutela nozitu energiaren garestitze izugarririk, ezta haien bezeroek ere. «Europan lehiakortasuna galtzen ari gara. Trantsizio energetikoak diru asko behar du, eta aurkakoa dioena gezurretan ari da. Munduan enpresak erakartzeko politika oldarkorragoak dituzten herrialdeak daude, eta gure bezeroak han inbertitzen badu, gu atzetik goaz».

Euskal Herriko plantak

Araban TTI eta Aceralava plantak ditu enpresak. Zein da haien egoera orain? Taldearen fakturazio osoaren %60 inguruk ez du inolako harremanik haiekin. Duela gutxi arte, ekoizpen osoa multinazionaleko beste planta batzuetara bideratzen zuten; gaur egun, berriz, %35 kanpoan saltzen dute, eta asmoa da urte gutxian kopuru hori %50era handitzea. Esmorisek beste behin esan du beharrezkoa dela lantaldea berregituratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.