Komunikazioa

Espainia komunikazioen sekretua galarazteko presioa egiten ari dela erakutsi du filtrazio batek

'Wired' hedabideak zabalduriko agiri baten arabera, Madrilek argudiatu du «ezinbestekoa» zaiola herritarren mezuak irakurri ahal izatea

Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa, Senatuan egiko agerraldi batean. KIKO HUESCA / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko maiatzaren 23a
14:57
Entzun

Espainiak debekatu egin nahi du herritarrek gutunak azal itxietan bidali ahal izatea. Konparazio horrekin argitu nahi izan dute sare sozialetan Madrilgo Gobernua komunikazioen segurtasunaren kontra Europako Batasunean egiten ari den ahalegina.

Wired agerkari digitalari filtratu dioten agiri batean ikusi ahal denez, Espainia presioa egiten ari da batasuneko ehunka biztanleren mezuen enkriptatzea debekatzeko. Europako Batzordeko barne agiri bat da argitaraturikoa, agerkariaren arabera, eta, horretan, EBko estatu kideek iritzia ematen dute Bruselak eratu nahi duen lege baten inguruan. Arau horren helburu ofiziala haur pornografia zabaltzen dutenen aurkako borroka litzateke, baina herritar guztien komunikazioei eragiteko ahalmena luke.

Izan ere, estatu batzuek Whatsapp eta bestelako mezularitza zerbitzuetako mezuak irakurri ahal izatea nahi dute. Orain, bi muturretan enkriptatzen duten sistemak dituzte zerbitzu horiek: hau da, mezuak zifratzen dira bidaltzaileak igortzen dituenean, eta baina hartzaileak jasotzen dituenean ere. Horren bidez ziurtatzen da hirugarren batek ezin dituela mezuak irakurri.

Hainbat kasutan, mezuak eskaneatu ahal izateko ahalmena eskatzen dute agirian agertzen diren 20 herrialdeetatik gehienek, baina Espainiak agertu du «jarrerarik gogorrena», agerkariaren hitzetan.

Wired agerkariak adierazi duenez, agiria filtratu duen iturriak anonimotasuna eskatu du. Hainbat herrialdek baieztatu diote agiria benetakoa dela. Apirilaren 12ko data du, eta Europako Batzordeko Legea Betearazteko Lantaldean ari dira eztabaidatzen.

Agirian agertzen diren eztabaidetan, Danimarkak eta Irlandak, esaterako, ontzat ematen dute haurren aurkako abusuen materiala bilatzea mezuetan, baina legean zifratzea babesteko eskatu dute. Herbehereek proposatzen dute halako materiala susmagarrien gailuetan automatikoki antzemateko sistemak erabiltzea, zifratzearen aurretik, gainerakoen pribatutasuna zaintzeko.

Baina Espainiako ordezkariek erabat galarazi nahi dute zifratzea. «Ezinbestekoa zaigu datuak irakurtzeko ahalmena izatea», adierazi dute. «Eta ezinbestekoa da geuk ahalmena edukitzea horiek aztertzeko; berdin dio zenbat datu diren». Agerkariak Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa aipatzen du, zifratzearen aurka gogor mintzatu izan dela gogoratu du. Izan ere, otsailean bertan, Alemaniako Gobernuko kideekin eginiko bilkura baten ostean, Marlaskaren ministerioak adierazi zuen ezinbestekoa dela «zifraturiko komunikazioek dakarten mehatxuari» aurre egiteko «tresnarik onenak» edukitzea. Bilera haurren abusuen aurkako borrokaren izenburupean egin bazen ere, agiri berean «terrorismoaren aurkako borroka» aipatu zuten. «Aurreikusteko ahalmenak indartzea ezinbestekoa da horretan».


Alemania da, hain zuzen ere, Espainiak mezuen pribatutasunaren aurkako planean izango duen oztoporik handiena, Wired-en arabera. Izan ere, zifratzea kentzeko proposamenaren aurka agertu izan da, eta adierazi izan du legeak zehaztu beharko duela ezin direla teknologiak erabili «zifratzea hautsi, saihestu edo aldatzeko».

Espainiari leporatu izan diote azken urteotan espioi programak erabiltzea disidentzia politikoaren mezuak zelatatzeko.

Iazko apirilaren 18an The Citizen Lab ikerketa zentroak eginiko lan baten berri eman zuen The New Yorker aldizkariak. Horren arabera, Espainiak Pegasus programa erabili zuen 60 buruzagi independentista baino gehiago espiatzeko. Espainiako Gobernuak orduan esan zuen ez duela inor espiatzen «epaileen baimenik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.