Hezkuntza

EHIGEk eta Steilasek planifikazio dekretua inpugnatu dute

Bi eragileen irudiko, legezkotasuna urratzen duten hiru elementu ditu. EHIGEren eta Steilasen esanetan, besteak beste, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak ez du «arau oinarririk».

EHIGEren eta Steilasen ordezkariak, gaur goizean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 19a
13:12
Entzun

Urak harrotuta daude hezkuntzan. Gaur goizean, Steilasek eta EHIGEk agerraldia egin dute, eta jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 28ko 30/2023 dekretua, hezkuntza planifikatzen duena, inpugnatu dutela. Izan ere, sare publikoko bi eragileen irudiko, dekretu horretako hiru elementuk legezkotasuna urratzen dute, eta, gainera, ohartarazi dute Hezkuntza Lege proiektuan ere jasota daudela.

Bat: Steilasen eta EHIGEren esanetan, leku publikoen bermea, LOMLOE Espainiako hezkuntza legean ere jasota dagoena, «erabat lausotuta» geratu da dekretuan nahiz lege proiektuan. Izan ere, azaldu dute LOMLOEn jasota dagoela «leku publiko nahikoa» bermatu behar direla, baina dekretuan funts publikoekin mantendutako lekuak aipatzen ditu: «Hori ez da gauza bera». Gainera, haien irudiko, LOMLOEk esaten du administrazioak titulartasun publikoko ikastetxeen sarean gero eta leku gehiago egotea sustatuko duela; alabaina, dekretuan eta lege proiektuan ez dago aipamenik. «Non islatzen da eskola publikoaren esentzialtasuna?».

Bi: Adierazi dutenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak «ez du arau oinarririk»: «Kontzeptu hori eraikuntza juridikoa da, eta lege babesik gabe titulartasun publikoa eta pribatua berdindu nahi ditu». Nabarmendu dutenez, ez da euren uste huts bat, Eusko Jaurlaritzako txosten juridikoak ere horixe berretsi baitu.

Eta hiru: Diotenez, «murriztu» egin dute hezkuntza komunitatearen parte hartzea eskola maparen diseinuan, «dekretu berriak kendu egin baititu eskola maparen jarraipena egiteko lurralde batzordeak». Irizten zaie «atzerapauso demokratikoa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.